Reala 0-4 Manchester United

Deabru gorrien infernuan

Manchester Unitedek astindu egin du Reala; donostiarrek ia ezinezkoa dute Europan aurrera egitea. Txuri-urdinak uzkur aritu dira, eta defentsako hutsek nahiz aurkarien kontraerasoek zigortu dituzte

Bruno Fernandes Manchester Uniteden aurreneko gola sartzeko jokaldian, Realekoak begira dituela, atzo, Turinen. ALESSANDRO DI MARCO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Reala. Remiro; Zaldua (Gorosabel, 73. min), Zubeldia, Le Normand, Monreal; Silva, Illarramendi (Gebara, 73. min), Merino; Januzaj (Portu, 80. min), Oiartzabal (Bautista, 86. min) eta Isak (Barrenetxea, 80. min).
Manchester United. Henderson; Wan-Bissaka, Bailly, Maguire, Alex Telles; Fred, McTominay (Matic, 60. min); Greenwood (Diallo, 83. min), Bruno Fernandes (Mata, 83. min), James; eta Rashford (Martial, 68. min).
Golak. 0-1. Fernandesek (27. min); 0-2. Fernandesek (57. min); 0-3. Rashfordek (65. min); 0-4. Jamesek (90. min). Epailea. Sandro Scharer. Txartel horiak Realeko Le Normandi eta Manchesterreko Wan-Bissakari. Bestelakoak. Pandemia dela eta Turinen jokatu da partida. Zalerik ez Juventus Stadiumen.

Arrazoi zuen deabruak izaki beldurgarriak direla iradoki zuenak. Reala kikildu egin zen Manchester Uniteden aurrean, eta ikaratuta igaro zuen partida osoa. Deabru gorriek infernu bilakatu zuten txuri-urdinek paradisu desio zutena, eta arerioaren garretanerreta amaitu zuten Europa ligako final-hamaseirenetako joaneko neurketa.

Astindu galanta eman zion Ingalaterrako taldeak. Europan aurrera egiteko ia aukerarik gabe dira donostiarrak. Itzulerakoan balentria handia egin beharko dute kanporaketa gainditzeko, historiarako geratuko den zerbait. Infernutik salbatuko dituen mirari bat. Nahiz eta, hasiera batean, Realak soberan duen Old Traffordeko partida. Errealitatea tristea da batzuetan.

Aurrera egitekotan, markagailua ez da irauli beharko duen bakarra. Baita partidari heltzeko modua ere. Artega aritu zen Reala Manchesterren aurka. Gutxi iraun zion aurreko egunetako suhartasunak. Txikiak handia jan nahi zuen, baina halakorik ez zen gertatu. Unitedek bere legea ezarri zuen beste munduko distirarik egin gabe: nahikoa izan zitzaion bere lana polito egin, eta taldearen ikurra jokalarien bularrean ikusaraztea. Deabru gorri baten irudia duen huraxe. Horrek beldurtu zuen Reala.

Talde mitikoa da Manchester, eta historiaren arrastoak eragina izan zuen Juventus Stadiumeko berdegunean. Arrotz sentitu zen Reala, eta ez Donostiatik urrun etxeko izateagatik soilik. Ez zegokion neurketa batean arituko balitz bezala jokatu zuten, nahiz horra iristeko nahikoa meritu egin. Oker atera zitzaion guztia.

Egiari zor, Reala izan zen lehendabiziko gola sartzeko aukera izan zuen. Zoro hasi zen norgehiagoka, eta Adnan Januzajek lehendabiziko minutuan jaurtiketa bat egin zuen. Segidan, bi areatan egon ziren atzelarien hutsak, bata bestearen atzetik. Bosgarren minutua betetzeke zegoen.

Hortik aurrera, kito. Pixkanaka, Unitedek bere lekua egin zuen zelaian, eta gutxika-gutxika nagusitu egin zen. Bigun aritu zen Reala, atzeko lerroan bereziki. Imanol Alguacilen jokalariek defentsan egindako hutsek eta kontraerasoko abileziak eman zioten garaipena Manchesterri.

Ole Gunnar Solskjaerren futbolariek 27. minutuan sartu zuten estreinako gola; Bruno Fernandesek sartu, taldeko gidariak. Alex Remirok ez zuen asmatu baloiaren bila joatean, eta atzeko lerroan izandako nahasmena aprobetxatu zuen 0-1ekoa sartzeko. Remirok egin zituen hutsak, baina harengatik izan ez balitz, kontrako gol gehiago jasota itzuliko zen Reala. Behin baino gehiagotan salbatu zuen Reala.

Hein batean, Remirok saihestu zuen Manchesterrek atsedenaldira artean gol gehiago sartzea. Atezainak, eta txuri-urdinek izandako suspertze txiki batek. Partida maldan gora jarri orduko aurrera egin zuen taldeak, eta jokoa hobeto antolatzen hasi zen.

Bigarren zatian ere antzeko

Bigarren zatiak ere halaxe ekin bazion, baina ilusio faltsu bat besterik ez zen izan. Manchester Unitedek bigarren gola sartu zuen 57. minutuan, eta hortxe amaitu ziren Realaren indarrak. Defentsako beste huts baten ostean, Bruno Fernandesek Jamesek emandako pase bat aprobetxatu zuen gola sartzeko. Hasiera batean jokoz kanpokoa adierazi zuen epaileak, baina berehala zuzendu zuen erabakia, gola emanez Ingalaterrako taldeari.

Deabru gorriek nagusitasun handia erakutsi zuten, eta nahieran aritu ziren partidaren azken zatian. Estutu ahala gola egiten zuten, eta, bestela, joka zezala Realak. Tankera bertsukoa izan zen 0-3koa ere. Protagonistak izan zen bestelakoak. Greenwoodek pase bikaina eman zion Rashfordi, eta aurrelari ingelesak dotore amaitu zuen jokaldia.

Horrez gero, ahalik ondoen eustea zen Realaren xede bakarra. Halere ezin, ordea. Arauzko denbora betetzear zegoela, Jamesek laugarren gola sartu zuen.Hegaletik abiatu eta gola sartu arte segi zuen, astinduariginga jartzeko. Datorren ostegunean berriz ariko dira deabru gorrien kontra. Haien etxean, gainera, hango giltzen jabe hangoak bertakoak direla. Ez ahal da halako infernua izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.