Joxan Artze hil da. IRITZIA

Bihotzean ez da hil, ez hilko

2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Hizkuntzalaria eta Joxan Artzeren lanean aditua

«Norbait kuttunik hil zaigunean…

(…)

Bai, heriotza baizik ez dela,

lehen zena orain ez dela esaten hilotzak,

baina ez al diosku besterik bihotzak…?

Ez, ziur?»

('Heriotzaren ataria dugu bizitza'liburuko kontrazalean)

Joxan Artzeren heriotzaren berri izatean atsekabe handia hartu dut, sakona, aurreikusikoez nukeena. Gizon eskuzabala, argia, errotutako sinesmenak zituena eta, batez ere, arras sentibera izan da, POETA, zabalean eta zut, osoki. Garai berezia bizitzea suertatu zitzaion, akaso, baina bere benetako berezitasuna barne-iragazian zuen, bizitza, ama, herria, kultura, munduaren ikusmira... ulertzeko moduan.

Kanpora begiratu zuen garaian berritzaileetan berritzaileena izan zen, kontrakulturaren aireak ekarri zituen Stockholmen eta Europan zehar bidaiatu ostean, poesia konkretua, entzun, ukitu zein ikus zitekeena; kaligramak, kolore ezberdinak, hizkien jolasak paper ugarietan... Ikus-entzutezkoek ere txunditu gintuzten, bat baino gehiago, errezitaldiak, hamaika hots, doinu, soinuen grabazioak... esperimentazio jolasa. Aldi berean, euskal kultura zapaltzen saiatu ziren aldian, kantariei olerki eder bezain irmoak, konprometituak, eskaintzeagatik ezagutu dugu, herria mututua izan zenean protesta oihuak eragin izanagatik. Ez dok Amairu: euskal kulturak betirako gogoan hartu beharko lukeen errana, antzinatean sustraiturik etorkizunerantz begiratzen duena, hutsuneetan barrena, deabrua arbuiatuz eta geure izatea aldarrikatuz. Pixkanaka joaten ari zaizkigu ordukoak; aitzitik, beren lanaren ongarriak iraungo du gurean, hamahiru lore sortzeraino. Eta txalaparta, ttakun eta herrenaren arteko elkarrizketa, bere anaia maite Jesus Marirekin izandako lotura berezia, biek berreskuratu eta ezagutzera eman zutena.

Geroago, esnaldi traszendental baten ondoren, munduko sineskera eta erlijioak ikasi zituen bere lanean bigarren alditzat jo den honetan, zerbait urtzen hasi zen bere baitan, goxo-goxoa eta irakurlearekin, hurkoarekin, elkarbanatu nahi izan zuen ikasia, «ikusten ez zena ikusten hasi baitzen», bere esanetan. Sormen oparoa izan zuen anaia hil zitzaionetik eta hamaika olerkiren lotura poetikoak bilatzeari ekin zion, poesiarekiko maitasunak eta adinak soilik eman dezaketen pazientziaz. Gizartea, Natura, Heriotza, Globalizazioa, diruarekiko morroitasuna, harrokeria, amaren maitasuna, eta abar, izan zituen hausnargai aipatutako olerkiotan. Eta, oharkabean, bizitzaren barealdian, xorien eta ur xirripen kantu artean, zuraren erritmo leunean, emeki-emeki joan zaigu Joxan Artze, kuttuna... ez bihotzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.