Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Buztintxuri IP. «Modu globalean lantzen ditugu eduki guztiak»

Publizitatea

Gizartea

Hezkuntzako ebaluazioa. Eredu alternatiboak

Buztintxuri IP. «Modu globalean lantzen ditugu eduki guztiak»

Ikasgaiak bainoago, ikasleen gaitasunak lantzen dituzte Iruñeko ikastetxe publiko honetan, proiektu zehatzen bidez. Azterketarik ez dute egiten, eta testuliburuak ere alboratu egin dituzte.

2017-02-19 / I.O.

Ikastetxe berria da Iruñeko Buztintxuri auzokoa: 2009-2010ko ikasturtean zabaldu zuen Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, hiriburuko auzunerik gazteenetako batean. Eta gaztetasun hori igartzen zaio metodologia berritzailean ere: ez dute kontrolik edo azterketarik egiten; ikasgaiak «modu globalean» lantzen dituzte, proiektu komunen inguruan egituratuta; eta askotan, ez dute testulibururik erabiltzen —ez behintzat, ikasgaien oinarri gisa—, edukiak lantzeko beste hainbat baliabide lehenesten dituztelako.

«Gure metodologia proiektuetan oinarritzen da, eta modu globalean lantzen ditugu. Hortaz, haurrek ez dute ordutegia arloka edo ikasgaien arabera antolatua: ez dute ordubeteko matematika edo hizkuntza eskolarik. Musika eta gimnastika dira ordutegi propioa mantentzen duten ikasgai bakarrak; horiek kenduta, matematika, hizkuntza eta zientziak era globalean ematen ditugu», azaldu du Ander Clemente zuzendariak.

Eta zer esan nahi du horrek? Bada, ikasgaiak modu bereizian landu ordez, proiektu zehatzen inguruan uztartzen dituztela: «Adibidez, hilabete honetan, inauterien gaia ari gara lantzen, eta horren inguruan egituratzen ditugu edukiak. Gela bakoitzean proiektu ezberdinak artikulatzen dituzte gai nagusia oinarri gisa hartuta, eta hizkuntza, matematika edota zientziak aplikatzeko egitasmoak sortzen dituzte». Hortaz, ez dago muga zurrunik ikasgai batzuen eta besteen artean. «Ikasgelak ere eredu horren arabera antolatu ditugu. Hainbat txoko ditu gela bakoitzak, eta haurrak taldeka aritzen dira, proiektuak lantzen. Ikasle batzuek eskutitz bat idazten duten bitartean, beste batzuek logika-matematikaren txokoan egon litezke, beste ariketa batzuk egiten, edota ordenagailuan, proiekturako materiala bilatzen», azaltzen du Clementek.

Ikasleen garapen prozesua ebaluatzeko tenorean, berriz, Buztintxuriko ikasleek ez dute azterketarik egiten. Ikasturtean eginiko lanetako batzuk, ordea, ebaluaziorako elementu gisa erabiltzen dituzte hezitzaileek. «Ikasleen ikuspuntutik, ez dago azterketarik. Matematika irakasleak, adibidez, ez die esanen datorren astean kontrol bat egin behar dutela. Baina eskolan eginiko proiektuak baliatu ditzakegu, ikasketa prozesu hori gainbegiratzeko. Hiruhilabetekoan bitan edo hirutan biltzen ditugu ikasleen lanak, jarraipena egiteko».

Buztintxuri ikastetxe publikoko lehen ikasturtean 3 urterekin hasi ziren neska-mutilak Lehen Hezkuntzako 5. mailan daude orain. Hortaz, datorren ikasturtera arte ez dute lehen heziketa fase hori bukatuko. Hala ere, ikastetxeko eredu pedagogikoaren emaitzak aztertzeko elementuak badirela uste du zuzendariak: «Hezkuntza Departamentuak ezarritako curriculuma bete behar dugu halabeharrez, eta gure kasuan, horra iristeko bidea ezberdina izan arren, ikasleen jakintza maila ez da makalagoa. Maila akademikoa neurtzeko frogak egin dizkigutenean, emaitzak onak izan dira, eta ahozkotasuna edota talde lana bezalako arloetan, gure ikasleek baliabide eta estrategia gehiago dituzte».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak