UDAKO SERIEA. Hutsunea betetzeko lanean (I). Estellerria. 

«Hasiera gogorra da, baina ilusioak aurrera narama»

Leire Carlos Otxoa. Allon bizi da, eta ADD Home Staging proiektua abian jarri du: saldu edo alokatu nahi diren etxeak prestatzen ditu, erosleak erakartzeko asmoz.

Zudairi herria, Ameskoabarrenean. JOXERRA SENAR.
joxerra senar
2021eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Maiz, ez da erraza lana eta bizitza pertsonala elkar lotzea. Leire Carlos Otxoa alloarra oreka zail hori bilatzeko borrokan dabil. Bartzelonan diseinu ikasketak egin, eta Lizarran lana topatu zuen, moda diseinatzaile gisa, etxetik gertu. Alta, 11 urtez lan egin ostean, enpresak kaleratu egin zuen, haurdun zelarik. «Mundua gainera erori zitzaidan, uste bainuen nire esperientziak ez zuela tokirik nire herrian, Allon». Haurra izan, eta hura hezteko baliatu zuen unea, baita burua berregokitzeko ere. Beti atsegin izan zaio dekorazioa, eta aukera ikusi zuen.

Hasierako bidea luzea izan da, hiruzpalau urte kostatu baitzaio ADD Home Staging abian jartzea. «Hasiera gogorra da, baina ilusioak aurrera narama». Arazoetako bat da ez dela ezaguna home staging higiezin arloko marketin teknika: «Etxeak egokitu egiten dira bertsiorik hoberenean merkaturatzeko». Carloen arabera, agentzia askotan agertzen diren argazkiak ilunak dira, eta akastunak.

«Zer aukera dauden ikusten dut, eta gomendioak eman». Espazioa garbitu eta argitu ostean, jabeen arrasto pertsonalak kendu ohi ditu ikur erlijiosoak eta bestelakoak: «Neutroa izatea lortu nahi dugu, bertara joaten den pertsonak irudika dezan tokia». Hutsik diren etxeetan, kartoizko altzariak jartzen dira: «Bezeroak etxea altzari gabe saldu nahi badu, hori egin daiteke, ez da nabari kartoizkoak direla». Alokairuetan, altzariak taxuz jartzea gomendatzen du, eta «ez etxean sobera diren gauzekin».Bukaeran, argazkiak ateratzen ditu. «Kostatzen da ikusaraztea inbertsio txiki bat eginda saldu ezin zitekeen etxe bat sal daitekeela, edo bisita gehiago hartu».

Inguruko herrietako bezeroekin eta agentziekin lan egiten du, hasi berritan. Aurrera jotzeko aukera ikusten du. Despopulatzea jasaten duten herrietan etxe huts asko dira, eta, haren ustez,arazoa da jendeari asko kostatzen zaiola saltzea: «Jendeak dio saldu nahi duela, baina benetan ez du nahi, prezio handiak eskatzen baititu, eta, etxeak zaharberritu behar direnez, bikote gazteei ez zaie interesatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.