Tourrean ariko diren ia guztiak lehiatuko dira gaurtik Dauphinen

Primoz Roglic eta Egan Bernal, L'Aingo Itzuliko podiumean, joan den astean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Gaurtik igandera bitartean jokatuko da Dauphine proba. Aspaldiko ohitura da Frantziako Tourrean ariko direnek lasterketa horretan parte hartzea, prestaketa moduan. Eta aurten, ohitura hori indartu egin da, koronabirusaren pandemiak egutegian eragindako aldaketen ondorioz. Hala, sekulako parte hartzea izango da. Hilaren 29tik aurrera Tourrean lehiatuko diren ia guztiak ariko dira.

Aurreko astean Frantzian jokatutako L'Aingo Itzulian gertatu bezala, Ineos eta Jumbo taldeen arteko lehia estua espero da. L'Ainen, Primoz Roglic (Jumbo) Egan Bernali (Ineos) nagusitu zitzaion. Ineosek zein Jumbok talde ikusgarriak eramango dituzte Dauphinera. Erresuma Batuko taldeak Tourreko hiru irabazle izango ditu: Bernal, Geraint Thomas eta Chris Froome. Michal Kwiatkowki, Jonathan Castroviejo, Pavel Sivakov eta Dylan Van Baarle ariko dira haiekin batera. Herbehereetako taldeak ere zazpiko ikusgarria jarriko du lehian: Roglic, Tom Dumoulin, Steven Kruijswijk, Wout van Aert, Robert Gesink, Sepp Kuss eta Tony Martin.

Baina dena ez da Jumbo eta Ineos. Luzea eta bikaina da Dauphinen ariko diren beste txirrindularien zerrenda: Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quick Step); Romain Bardet (Ag2r); Thibaut Pinot(Groupama); Nairo Quintana (Arkea); Miguel Angel Lopez (Astana); Alejandro Valverde eta Enric Mas (Movistar); Tadej Pogacar (UAE); Rigoberto Uran eta Sergio Andres Higuita (Education First); Adam Yates (Mitchelton); Richie Porte (Trek); eta Peter Sagan (Bora), besteak beste.

Zazpi euskal txirrindulari ariko dira: Mikel Landa eta Pello Bilbao (Bahrain); Gorka Izagirre eta Omar Fraile (Astana); Victor de la Parte (CCC); Romain Sicard (Direct Energie) eta Castroviejo. Landa konfiantzaz iritsiko da, Burgosko Itzulian bigarren izan eta gero. Baita Izagirre ere, Lombardiako Tripikoan nagusitu ondoren.

Gogorra izango da ibilbidea, lehen etapa ez beste guztiak amaituko baitira mendate batean. Beraz, igotzaileek aukera izango dute nabarmentzeko.

Dauphinez gain, Piamonteko Giroa jokatuko da gaur. Alex Aranburu (Astana) Milan-Sanremoko lan bikaina errepikatzen ahaleginduko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.