Arrauna

Getariak lehen bandera irabazi du aurtengo KAE 1 ligan, Pedreñan

Aitor Manterola -

2019ko uztailak 21
Getaria ere batu zaie Zarautzi eta Deusturi aurtengo KAE 1 ligako garaileen zerrendan. Atzo lortu zuen hori, Pedreñan (Espainia) bandera irabazita, KAE 1 ligako zazpigarren jardunaldian. Ezustetik badu getariarren garaipenak, bigarren txandatik lortu zuelako, baina azkenaldian bazetorren gorantz ligan, eta atzo goia jo zuen. Ederki txukundu zuen asteazkenean Gipuzkoako Txapelketako emaitza kaskarra.

Getariarrek nahiko erraz menderatu zuten bigarren txanda, Arkotek soilik estutu baitzuen. Hala ere, azkenean hamar segundoko koska egon zen bien artean. Aurretik, lehen txandan, Zumaiak lortu zuen garaipena. Ohorezko txanda falta zen, eta ematen zuen banderako irabazlea han izango zela. Zarautzek menderatu zituen Deustu, San Juan eta Donostiarra B, baina Getaria baino 7,18 segundo gehiago behar izan zituen. Deustu izan zen hirugarren. San Juanek, Kortaren estreinakoan, seigarren egin zuen.

Gaur, Pasaian ariko dira [13:00], erlojuaren aurka. KAE 2koak, aldiz, Orion [18:45].
Aitor Manterola

Informazio osagarria