Jose Luis Cruces, 'Garru'. Astilleroko entrenatzailea

«Mailari eustea da gure helburu nagusia»

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2013ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Berria da Jose Luis Cruces Garru San Miguel ligan. Aurreneko aldiz ariko da entrenatzaile lanetan liga nagusian, baina esperientzia dauka taldeen kudeaketan. Izan ere, La Marucaren (Astilleroren bigarren taldea) prestatzaile izan zen KAE 2 ligan, eta emakumezkoen taldeak ere gidatu ditu. Kezka pixka bat badu, baina neurrikoa.

Zein dira Astilleroren helburuak?

Mailari eutsi nahi diogu.

Hain gaizki zaudete ala zabaldu beharreko mezua zuhurra izateagatik diozu?

Kantabriako arraunean aldaketa handia egon da, krisi ekonomikoa sekulakoa da. Begira datu hau: San Miguel ligan, hiru ontzik bakarrik ez dute izango traineru berria, eta hirurak Kantabriakoak gara.

Aldaketak egin behar izan dituzue iazko taldetik, eta nolakoa da arraunlari multzoa?

Kalitate gehien zuen jendea ez dago, eta etxeko arraunlari gazteen aldeko apustua egin behar izan dugu. Arazoak dauzkagu denok batera entrenatzeko, lan arazoak tarteko. Orain, esaterako, bat falta zaigu hilabete osoan, zentral nuklear batean lanean ari delako. Gabezia horiei aurre egiteko, ilusioa eta lan serioa dira gure tresnak.

San Miguel ligan berria zara entrenatzaile lanetan, eta ez dizute lan makala jarri estreinatzeko.

Talde berritua da, ia erdiak berriak dira, eta Astillero izen handiko kluba dela kontuan izanda, ez daukat ez erronka makala.

Denboraldi-aurrean emaitza onak lortu dituzue. Harrituta?

Jendeak pentsatu zuen Astillero hankaz gora geratu zela udazkenean arraunlari batzuk joan egin zirelako, baina ez da horrela. Gure indarra aldagelako giroan dago, eta horretan oinarritu izan gara aurrera egiteko gure historiako une zailetan. Neguko emaitzak, hala ere, ez dira fidagarriak.

Nolako liga izango da?

Hasiera oso borrokatua izango da goian eta behean. Taldeen prestakuntza aldatu egin da azken urteetan, neguan intentsitateak gero eta pisu handiagoa dauka. Uztailerako taldeak bete-betean egoten dira, estropada gehienak hor direlako. Uztailean ondo arituz gero, ligako helburuak bideratuta utz daitezke, eta beste helburu batzuetan pentsatzeko aukera ematen du horrek, baita beste estropada batzuetan ere.

Bartzelonako estropadaz zer iritzi duzu?

Informazioa lortzen saiatu naiz eremuaz eta hango baldintzez, haizeaz eta abar. Ez dakigu nolako eremua izango den, inoiz ez dugulako arraunean egin bertan. Esaten dizute haizea leku batetik sartuko dela, baina ez zara fio. Gainera, gure aurkariekin ez gara parez pare lehiatu denboraldi-aurrean, eta horrek ere kezkatzen gaitu. Neguan-eta ibili gara elkarren aurka, baina erlojuaren aurka, eta ezberdina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.