Babesaz gain, neurri zehatzak eskatu dizkiete politikariei gazteen gurasoek

Espainiako Diputatuen Kongresuan izan dira Altsasuko gazteen gurasoak. EAJ, EH Bildu, PDCat, ERC eta Unidas Podemosekin bildu dira

Altsasuko auzipetuen gurasoak, atzo, Espainiako Kongresuan. BERRIA.
Maider Galardi
Madril
2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Oraindik Espainiako Auzitegi Goreneko saioa amaitu gabe zela, eta azkenera arte barruko albisteak segitu ostean, abiada bizian joan dira Altsasuko gazteen gurasoak Espainiako Diputatuen Kongresura. Bitan zatitu behar izan dute taldea: batzuk auzi saioa amaitu arte gelditu dira Gorenaren atarian, eta besteak Kongresura joan dira, bertan zituztelako zain hainbat senatari eta diputatu. Auzitegi Goreneko saioak sortutako ikusmina baliatuta, Kongresura jo dute auzipetuen senideek, babes eske baino, neurri zehatzen bila: «Jaso dugu orain arte zuen babesa; orain, politikoki eragitea gustatuko litzaiguke», eskatu die Edurne Goikoetxeak, Ainara Urkijoren amak.

Hainbat alderdik jaso dute gonbidapena, eta Kongresuko goizeko saioaren ostean bildu dira Altsasuko gazteen gurasoekin. Batzuk lehenago ere hurbildu dira Auzitegi Gorenera babesa ematera, eta, eguerdian, mahai bueltan aztertu dute kasua. EAJko Joseba Agirretxea, EH Bilduko Oskar Matute, Jon Iñarritu eta Iñaki Ruiz de Pinedo, ERCko Carolina Tellechea, Unidas Podemoseko Jone Belarra eta Miren Gorrotxategi, eta Compromisekoak eta PEDeCatekoak egon dira, besteak beste. Antxon Ramirez de Alda, Adur Ramirez de Alda gaztearen aitak eman ditu auziaren xehetasunak.

Gorenean eta Kongresuan, bietan jaso dute politikarien babesa. Baina Goikoetxeak eskatu du urrats bat gehiago emateko: «Nik eskatuko nizueke, elkartasuna adierazteaz gain, ahal duzuen neurrian publikoki eragin ahal izatea. Esatea ez zaudetela ados». Han bildutako ordezkariek hitzeman dute hala egingo dutela, eta auziaren neurrigabetasunaz aritu dira.

Gorenak zer erabakiko zain

Kasua Auzitegi Gorenaren eskuetan dagoela, eta epaia berehalakoa izan daitekeela aurreikusita, politikariek berretsi dute lanean segituko dutela «neurrigabekeria» salatzeko eta «justizia» eskatzeko. Hala eskatu diete gurasoek ere, eta oroitarazi diete politikoki garai nahasiak izan arrenerantzukizunez jokatu behar dutela: «Egoera oso latza bizi izan dugu. Gertatzen dena gertatzen dela, lanean segituko dugu, eta emandako hitza jasotzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.