SOSLAIA. Pedro Sanchez

Inor gutxik espero zezakeen ibilbidea

ander perez zala
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Duela bost urte, Pedro Sanchez Perez-Castejon (Madril, 1972) Espainiako Kongresuko diputatua zenean, inor gutxik espero zituen gaur egungo testuingurua eta, batez ere, Sanchezek berak egin duen ibilbide politikoa. Baina bost urte luze izan dira, eta Espainiako jarduneko presidenteak ia egoera politiko guztiak ezagutu ditu: alderdiko idazkari nagusi izan da, oposizioko burua, alderdiko idazkari nagusi kargutik bota zuten, politikoki itzalean geratu zen, ia hilzorian, eta alderdi barruan berpiztu zen, eta berriz ere PSOEko idazkari nagusi. Azkenik, Espainiako presidente kargua eskuratu zuen, urtebete baino gutxiagorako. Lanerako jarraikitasuna batzuentzat, egoera bere onurarako baliatzea besteentzat; interpretazioak eta kritikak hainbat izan dira, baina lortu zuen bere helburua. Hori bai, bozkalekuetatik igaro gabe —bi aldiz igaro da, eta alderdiaren bi emaitzarik txarrenak izan ditu—; baliteke hirugarren saialdian lortzea, etziko hitzorduan, dena baitu alde Sanchezek.

Kongresuko eserlekua utzi zuen 2016an, PSOEren abstentzioaren parte ez izateko; alderdiak boterera goratu zuen PP, eta Sanchezek Rajoy boteretik botatzeko zentsura mozioa aurkeztu zuen iazko maiatza amaieran. Ia negarrez eman zion agurra Espainiako Kongresuari, eta ia negarrez atera zen eraikinetik. Baina ez zen betirako agurra izan: itzalean, politikoki bigarren mailan igaro zuen Sanchezek hogei hilabeteko epe luzea, itzultzeko abagunerik egokienaren zain. Bitartean, militanteen konfiantza berreskuratu zuen, eta alderdian agintea sendotu.

Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa irabazi ostean, agerian geratu zen Sanchezek bere aurrekoaren guztiz kontrako soslaia zuela Espainiako presidente karguan, batez ere Espainiako Kongresuan sartu aurretik egin zuen ibilbidearen eraginez. Lagun batek aspaldi esan omen zion Bruselara joateko mundua ezagutu nahi bazuen, eta erabaki hori hartu zuen: 1997an, master bat ikasi zuen Belgikako eta Europako hiriburuan, kontinenteko ekonomia politikoari buruzkoa. Han ikasi zuen ingelesez eta frantsesez hitz egiten, eta horrek asko balio izan dio nazioartean, zalantzarik gabe. Europako Parlamentuan lan egindakoa da, PSE-EEren eurodiputatu Barbara Duhrkopen aholkulari gisa, eta Bosnian ere izan zen, Nazio Batuen Erakundearen Goi Ordezkari Carlos Westendorpen kabineteburu gisa.

Espainiara itzulita, pixkanaka sartu zen politikan, eta pixkanaka egin zuen gora. Madrilgo Udaleko zinegotzi hautatu zuten 2004an, eta, kargu horretan bost urte igaro ostean, hutsik geratu zen eserleku bat eman zioten Kongresuan: «Kasualitatea izan da», adierazi zuen garai hartan. Herritarren zuzeneko babesarekin, berriz, 2011ko hauteskundeen ostean sartu zen ganberan. 2014an izendatu zuten PSOEko idazkari nagusi lehenengoz, primarioak irabazi baitzizkien Eduardo Madinari eta Jose Antonio Perez Tapiasi. Hortik aurrera, zentsura mozio baten bidez presidente kargua lortu duen lehen politikaria bilakatu zen, eta PSOEren lehen alderdikidea birritan hautatu dutena idazkari nagusi. Ordea, ez du lortu Gorteetarako bozak irabaztea, baina baliteke etzi asmatzea, hirugarren saialdian, inkestek hori aurreikusi baitute.

Horiek, baina, ez dira Sanchezen bitxikeria bakarrak. Iragan otsailean, karguan dagoela bere memoriak publikatzen dituen Espainiako lehen presidentea bilakatu zen: Manual de Resistencia (Erresistentzia eskuliburua). Obra horretan egiten du bere bizitzaren errepasoa, eta hor kontatzen du, besteak beste, Estudiantes saskibaloi taldeko beheko mailetan jokatu zuela, eta Ramiro de Maeztu Institutuan ikasi zuela. Han ezagutu zuen Espainiako erregina, Letizia Ortiz.

Asko mugitu den arren, Espainiako jarduneko presidenteari gustatzen zaio esatea lana bilatu izan duela unibertsitateko irakasle gisa politikatik kanpo geratu denean. Normaltasun keinutzat du. Baina orain politikan luze irauteko xedea du, are gehiago presidente karguan; lehen lerroan geratu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.