Espainiako Kopako finala

Istiluek ilundu dute festa giroa

Jendetza bildu da Bilboko eta Donostiako alde zaharretan, Kopako finala hasi aurreko orduetan. Bilbon istiluak izan dira, eta Poza kalean bildutakoak sakabanatu behar izan ditu Ertzaintzak.

Realeko zaleak Donostiako Ikatz kalean. Jendetza bildu zen. JUAN HERRERO / EFE.
Gotzon Hermosilla- Mikel Orbañanos
2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Goizetik antzeman zen atzo; ez Bilbon, ez Donostian ez zen egun arrunta: Athleticen eta Realaren arteko Espainiako Kopako final handiaren eguna zen. Goizean goizetik ikusi ziren bi taldeko kamisetak eta bufandak jantzita zaleak kalean, familia giroan goizean. Eguerdi aldera, ordea, Donostiako eta batez ere Bilboko erdialdeko kaleak betez joan ziren. Eta festa apur bat ilundu zuten istiluak izan ziren Bilbon. Jendetza egon zen bi hiriburuetan.

Lasai antzean hasi zen eguna Bizkaiko hiriburuan, baina, arrastian, zapuztu egin zen goizeko giro ona. Poza kalean eta inguruetan milaka zale batu ziren, horietako asko pandemiari aurre egiteko segurtasun neurriak gorde gabe, eta Ertzaintza oldartu egin zitzaien. Zakarrontzi batzuk gurutzatu zituzten, haietako bati su eman zioten, eta, azkenean, suhiltzaileak joan ziren sutea amatatzera. Neska bat Basurtuko erietxera eraman behar izan zuten, antza denez botila batek buruan joan ondoren. Ondoren, istiluak baretu egin ziren, baina zaleek arratsalde osoan hartu zuten Poza kalearen eta Areiltza Doktorearen zumarkalearen arteko bidegurutzea, eta inguruko kaleak iluntzera arte egon ziren itxita. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gogor gaitzetsi zuten gertatutakoa. «Salagarria da gertatukoa, batez ere gazteek izan duten jarrera».

Goiz partean, berriz, oso bestelakoa izan zen giroa. San Mamesetik gertuko alde horretan zebiltzan ia guztiek Athleticen elastikoa zeramaten. Elastikoa, edo kapela, musukoa, tapauka, ikurrina lepoan Supermanen kapa balitz bezala edo puxika zuri-gorriak umearen orgatxoari lotuta.

Gazte asko zegoen tabernetako terrazetan, lasai antzean baina noizean behin kantuan eta Athleticen aldeko oihuak eginez. Futbolzaleak ez direnak ere bai: «Hobe horko horri galdetzen badiozu; nik futbolaz ez dakit ezer», erantzun zuen Athleticen tapauka lepoan zeraman mutil batek, kazetariari muzin eginez. «Gaur egun berezia da», gaineratu zuen Saray Merino bilbotarrak: «Argi dago arduraz jokatu behar dugula eta murrizketa batzuk badaudela, baina disfrutatzeko eguna ere bada gaurkoa». Haren ustez, Athleticek irabazi behar zuen, eta bi aste barru egitekoa den beste finalean ere bai: «Hori zailagoa izango da, baina amestea libre da». Partida etxean ikusteko asmoa zuen: «Aukeran, nahiago nukeen Poza kaleko tabernaren batean ikusi, baina etxean ikustea ere ez da plan txarra». Eta, gutxi izan baziren ere, Realeko zaleak ere ibili ziren Bilboko kaleetan, elastiko eta tapauka txuri-urdinak soinean. Julian Eizmendi eta beste hiru azpeitiar bost egun pasatzen ari ziren Bilbon: «Gaztetan nik hemen ikasi nuen, Sarrikon, eta, pandemiaren murrizketak direla eta, plan hau aukeratu genuen».

Zazpikaleetan, elastikodunen nagusitasuna ez zen hain erabatekoa, baina giroa beroagoa zen. Agerikoa zen kuadrilla asko aldez aurretik gelditu zirela inguruko taberna eta terrazetan. Ez zen beste final batzuetako eromen kolektiboa, baina kalean nabariak ziren poza eta giro ona.

Plaza Barrian eta Areatzan, esaterako, giroa familiartekoagoa zen: sendi osoak ikusten ziren, den-denak zuri-gorriz jantzita, umeei Zazpikaleetako zapata denda batek jarritako trapuzko lehoiaren ondoan argazkiak egiten. Ledesma kalean, terrazak beterik zeuden, eta Indautxun ere lasai antzean joan zen dena, arrats partean gauzak okertzen hasi ziren arte.

Donostian ere, lepo

Distantziak distantzia, Donostia txuri-urdinez are gehiago jantzi zen ere, Reala hiriko talde kutunari hauspoa eta berotasuna helarazteko asmoz. Goizeko lehen orduetan, Bulebarrean ez zebilen jende askorik; bai, ordea, hornitzaileen furgonetak, hara eta hona, tabernetako biltegiak kargatzen. Haientzat ere, atzokoa ez zen izan edozein egun.

Giroa epeldu ahala, zale txuri-urdinak hiriko erdigunera gerturatzen hasi ziren. Realeko denda ofizialaren atarian, esaterako, ilara luzeak zeuden. Saltokiko atezaina ere «harrituta» zegoen ikusten ari zen irudiarekin. «Horrelakorik ez dut ikusi». Helduak, gazteak, familiak… denetarik zegoen zain, hala nola Maitane Arruti. «Seme-alabei elastikoa erosi nahi nien, baina amaitu egin dira. Ea bandera erosten dugun gutxienez», zioen, umoretsu. Bitartean, familia osoa dendatik atera berri zen, denak Realeko elastikoa soinean zutela. Sentimendu txuri-urdina txikitatik dute errotua. Azpeititik (Gipuzkoa) Gipuzkoako hiriburura joan ziren, «goiz pasa».

Parte Zaharra kolore txuri-urdinez zegoen atonduta. Baina Realaren koloreak bakarrik ez ziren ikusi karriketan. Jose Anjel Perez, Pilar Errazkin eta Angela Albeniz bilbotarrak Athleticen elastikoarekin eta bufandarekin mokaduren bat jaten ari ziren, Martinez tabernan. «Beste modu batera ospatu nahi genuen egun handi hau, eta Donostiara joan gara. Errespetuz hartu gaituzte».

Oro har, Realaren aldeko oihuak entzun ziren Ikatz kalean eta Konstituzio Plazan. Motorrak berotzeko lehen prestaketetan. Arratsaldean, batez ere Ikatz kalean izan ziren jende pilaketak. Baina hor ez zen Ertzaintzaren esku hartzerik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.