Euskara ikasleen laguntzak martxan jarri dituzte

Urriaren 3ra arte zabalik dute laguntza eskatzeko epea HABEren mailaren bat lortu dutenek; 400 eurokoa da gehienezkoa

Erredakzioa
Donostia
2013ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Euskara gaitasunen bat eskuratu duten ikasleentzako laguntzak martxan jarri ditu berriro Eusko Jaurlaritzak. Aurreko gobernuak atzera bota zituen laguntza horiek, mozketa giroan, baina EAJk berrezartzea erabaki du. Herenegun kaleratu zuen laguntzetarako deialdia EAEko aldizkari ofizialak, eta ordutik dago zabalik eskaria egiteko garaia; urriaren 3a da azken eguna. HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundek ezarritako zein maila lortu den, horren araberako diru kopurua emango diete ikasleei. Eusko Jaurlaritzak 700.000 euroko diru saila gorde du ikasleen laguntzak ordaintzeko. Abendurako emango dute dirua.

Azterketak gainditzen dituzten ikasleek jaso ahalko dituzte laguntzak. Lehen mailako ikasleek 400 euro bitarte eskuratuko dituzte. Horiena da zenbatekorik handiena. Bigarren mailan, 300 eurokoa da gehienezkoa, eta hirugarren eta laugarren mailan, 100 eurokoa. Maila batetik bestera horrelako aldeak zergatik dauden azaltzeko, bi arrazoi eman ditu Jaurlaritzak: batetik, lehen urteetan jarri nahi duela indarra; bestetik, ikastaldi laburragoak eta, beraz, merkeagoak direla azkenak.

Sozialistak agintean zirelarik kendu egin zituzten laguntza horiek, eta euskaltegietako arduradunek salatu zuten eragina izan zuela horrek matrikulazio kanpainan, jaitsi egin baitziren. Gobernua aldatuta, itzuliko dira laguntzak azterketak gainditzen dituztenentzat, baina arrastoa utziko du sozialistek agindutako etenak. HABEk azaldua du iaz lehen deialdian azterketa gainditu zutenek ez dutela jasoko laguntzarik; iazko bigarren deialdikoek eta aurtengo lehenengokoek, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.