KRITIKA. Musika

Bide nahasia

2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun

EOS

Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: A. Brucknerren9. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Urtarrilak 10.

Ez zen aukerarik egon Alban Bergek Alma Mahlerren alabari eskainitako Biolina eta orkestrarako kontzertua entzuteko. Peter Zimmermann biolin jotzaileak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin zuen konpromisoa bertan behera utzi behar izan zuen eroriko handi baten ondorioz, eta ezinezkoa izan zen haren mailako solista bat denboraz topatzea. Horren ordez, kontzertuaren bigarren zatian programatuta zegoen Anton Brucknerren bederatzigarren sinfoniaren lau mugimenduak eskaintzeko aukerari heldu zion EOSek, Euskal Herrian sekula interpretatu ez den Samala-Mazzuca-Phillips-Cohrs editoreen bertsioan.

Lehen mugimendua irmotasunak gidatu zuen, gaien garapen zabalaren bidean erosotasunez ibiliz. Tronpen doitasunik eta garbitasunik ezak lehenengo gaiaren aurkezpena lainotu zuen arren, metalen sekzioak, oro har, behar zen indarraz jantzi zuen mugimendu itzel horren bukaera. Bigarrena ia etenik gabe sartu zuen Treviñok. Scherzoan biolinen pizzicatoak mailu baten antzera ate-joka, aztoramenak gordetzen duen edertasuna ezagutu ahal izan genuen. Trioan, izaeraz alaiagoa, soken espresioa nabarmendu zen. Adagioa sakontasun handiko mugimendua da, baina bere garapen motela astuna izateko arriskuan jarri zuen Trevi-ñoren batutak. Metalen presentzia, baina, egokia izan zen.

Trinkoa da Brucknerren musika, eta aldika entzulea eztizko itsasoan murgiltzen dela dirudi. Tamalez, orkestra eta zuzendaria bakoitza bere aldetik jardun ziren arraunean, itsasbide desberdinak izan balituzte bezala. Soilik laugarren mugimenduan sumatu zen adostasunerako saiakera, ezezagunean ibiltzeak eskatzen duen zuhurtziagatik akaso. Izan ere, Brucknerrek soilik 208 konpas utzi zituen guztiz orkestratuta, eta 2012an egin zen Kursaalean aurkeztutako bertsioaren azken berrikusketa. Bertan, soinuaren tratamenduan ez da guztiz ad hoc erabilitako baliabiderik sumatzen; mugimendu bizia da, tronpen eta tuba wagnertarren parte hartze nabarmenaz hornitua, sinfonia oso baten aurrean gaudelako sentsazioa bizituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.