Mapa berrien kartografiak

Geolokalizazio sistemen sorrerak eta haien garapenak errotik aldatu dituzte bidaiatzeko moduak (ere). Paperezko mapak tiraderetan gelditzear daude jada, eta erabiltzaileen datuetan oinarritutako mapa inteligenteak ari dira geroz eta gehiago sortzen eta gailentzen.

BERRIA / BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Galtzea ez da jada aukera bat, eta dakienari galdetzea ere ez da jada ariketa bat. Tokian ezagutu aurretik ezagutzen dira tokiak, eta hartu aurretik hartzen dira ezustekoak —eta erabakiak—. Bidaiaren mapak eta bizitzaren kartografiak. Hankaz gora jarri dituzte denak teknologia berriek.

Geolokalizazio sistemen sorrerak eta haien garapenak aspalditxoan aldatu dituzte bidaiatzeko moduak. Mugitu beharrean, nabigatu egiten da orain. Pantailak bihurtu dira iparrorratz, eta haien ahotsa, temati jarraitu beharreko gidari. «GPS eta Galileo bezalako geolokalizazio sistema batek, berez, non nagoen bakarrik esaten dit: Lurreko zer puntutan, zehaztasun ia erabatekoz. Sinplea dirudi, baina hori mapa digitalekin konbinatzen badugu, nabigazioa ahalbidetzen digute: nola eta nondik joan puntu batetik bestera», azaldu du Harbil Arregik, Vicomtech zentro teknologikoko ikerlariak.

Eta sinpletasun horrengatik uzten dira teknologia horien esku bidaiak eta desplazamenduak askotan. Google etxearenak dira ezagunenak eta gehien erabiltzen direnak (Maps, Earth, Street), baina sortu zaizkio aspaldian lehiakideak ere: Navmii, Here WeGo, Mapillary, Mapbox, Deep Map... «Tresna lagungarriak dira, baina, erabileraren arabera, menpekoak ere izan daitezke», argitu du Vicomtcheko Izar Azpirozek.

Ikerlariak dira haiek, eta bestelako kontzeptuak eta begiradak maneiatzen dituzte. Mapak «erabiltzeko» erremintak daudelako batetik, eta mapak «sortzeko» erremintak bestetik. «Alde teknologikotik lantzen ditugu mapa digitalak, eta horiek tratatzeko moduen gainean ikerketa aplikatua egiten dugu bezero eta erabiltzaileen behar berriei konponbideak eman nahian», nabarmendu du Arregik. Horregatik dio Azpirozek orain bogan dagoen kartografia inteligente kontzeptuak zerikusi handiagoa duela mapak sortzeko prozesuarekin: «Satelite bidezko datu hutsez gain, adimen artifizialeko ereduak edo prozesamenduak aplikatuta edo automatizatuta dituzten mapak dira. Gaur egun, satelite batzuetan, datu berriak izaten dituzte sei egunean behin. Beraz, automatikoki eguneratu daitezke, eta fenomeno jakin batzuetarako mapak egin daitezke: uholdeen mapak, petrolio isurketen mapak, indize begetatiboen eguneraketak...». Bada onurarik horretan, baina badu horrek beste alde bat ere: «Erabiltzaileek mapa batzuekin duten interakziotik ikasten duten inteligentzia artifizialeko ereduak ere badaude, patroiak ikasteko balio dutenak».

Datuen erabilera

Eta hor dago gakoetako bat. Daniel Grafek egin zuen iragarpena bere garaian, Google Maps zerbitzariko zuzendaria zenean: «Zuk eta nik mapa bati begiratzen diogu, eta berbera izan behar luke biontzat, ezta? Bada, ez dut uste hala izango denik. Zeren zu eta ni ez gara toki beretara joaten». Alegia, iragarri zuen —eta bete-betean asmatu— aurrerantzean mapak era dinamikoan eta pertsonalizatuan garatuko direla, eta erabiltzaile bakoitzari agertuko zaizkiola bere ibilbidean bere helbide elektronikoetan aipatu izan dituen tokiak, edo bere bilaketetan sartu dituenak. Are gehiago, sare sozialetan bere lagunek eta hurkoek aipatu dituztenek ere egingo diote salto. Zera zioen horren berri ematen zuen Google enpresaren iragarkiak: «Iraganean, mapa bat mapa bat besterik ez zen, eta New York hirikoa berbera zen Empire State bilatu edo izkinako kafetegia aurkitu nahi bazen ere. Zer moduz, horren ordez, zuretzat bakarra den mapa bat bazenu, erabiltzen duzun unean bete nahi duzun helburura egokitzen dena?».

Horregatik diote Vicomtecheko ikerlariek arlo horretako hurrengo iraultza —«zehaztasunaz eta bat-batekotasunaz gainera»— datuen erabilera izango dela. «Eta haien pribatutasuna. Adibidez, Whatsapp bidez gure posizioa klik baten bidez partekatzea oso erabilgarria da. Baina arazoa da ez dakigula zehazki nork duen sarbidea datu horietara. Jazarpen kasuetan, adibidez, oso informazio arriskutsua izan daiteke», ohartarazi du Izar Azpirozek.

Era berean, datu horiek «modu kontzientean eta jakinaren gainean» ematen direnean «aukera positiboak» ere sortzen direla nabarmendu du Harbil Arregik: «Bizikletaz aldapa txikiena duen bidea hautatzeko, edo gurpil aulkian edo haurraren kotxearekin joanez gero, eskailerarik gabeko bide irisgarri bat lortzeko». Eta beste hausnarketa bat Azpirozena: «Google bezalako plataforma erraldoiek helburu komertzialak dituzte, eta, garatzen duten teknologia zuzenean saltzen ez badute ere, teknologia horrekin eskaini ahal diren zerbitzu pertsonalizatuek onura ekonomikoak ematen dizkiete. Ez dugu ahaztu behar zerbitzuak jasotzeagatik guk gure datuak eta joerak ematen dizkiegula bueltan. Teknologia hori ez litzateke garatuko diru sarrerarik ez balego».

Mapa digitalak, haiek erabiltzeko aplikazioak, kartografia inteligentea... Jendeak ez du jada paperezko maparik erabiltzen bidaiatzeko? «Aurreko batean zabaldu nuen armairua. Mundu guztiko mapak dauzkat han. Eta pentsatu izan dut botatzea, baina altxor txikiak dira», aitortu du Jon Arretxe idazle eta bidaiariak —«bidaiari ohia», berak dioenez—. Sua argitaletxeko editore Hektor Ortega ere bada zalea: «Bagara batzuk mapak gustatzen zaizkigunak, eta berdin zaigu mapa nongoa den. Mapa bat ikusten dugu, eta erakarri egiten gaitu, ikustera joaten gara. Mapa horrek ematen digu informazioa eta ematen digu amets egiteko bidea ere».

Sua argitaletxeak 30 urte baino gehiago dauzka, eta hasieratik egin izan dituzte mapak. Ortegak gogoan du nerabe zela nola ibiltzen ziren mapak lortu ezinda—«Espainiako armadarenak erabiltzen genituen»—, eta nolako aldaketa izan den alor horretan denbora gutxian —«teknologia berriak etorri dira, eta lanabes berriak sortu dira»—. Horietara ere egokitu dira Sua argitaletxean. Baina galdera da: erabiltzen du jendeak maparik? «Jende askok erabiltzen ditu eta jotzen du paperera. Eta ez dut uste edadeko jendea denik bakarrik. Ez dira garai bateko nostalgikoak. Egia da gazteek joera handiagoa dutela teknologia berrietarako, baina haien artean ere erabiltzen dira mapak. Interes hori ikusten dugu haiekin harreman zuzena daukagunean. Gainera, autoek nabigatzaileak-eta dituzten honetan, Suaren produktu izarretako bat Euskal Herriko errepideen mapa da».

Jon Arretxe ere ohartuta dago gertatu den aldaketa horretaz. Aitortu du berea bidaiatzeko eta bizitzeko «filosofia bat» izan dela, eta gaur egun daukan sakelakoa ere «zapatofono» bat dela, ez duelako ez Internetik eta ezta Whatsappik ere. «Joan den mendearen amaieran eta mende honen hasieran egiten nituen nik bidaiak. Hasierako bidaia haietan ez zegoen ez Internetik, ez sakelakorik; ez zegoen ezer. Nik bidaiak beti egin izan ditut koadernoa eta boligrafoa eskuetan hartuta», azaldu du idazle basauriarrak.

Dena dela, teknologia berrien onurak ere goratzen ditu Arretxek; «gauza onak» ere badituztela dio —«dudarik gabe»—, baina bidaiatzearen «xarma» galdu egin dela berarentzat. «Hiri baten barruan banago, ateratzen dut mapa edo planoa, eta ez baldin badaukat argi, zer egingo dut, bada? Galdetu. Pertsonen arteko harreman hori, interakzio hori galtzen ari dela uste dut. Jendeasakelakoa eskuan hartuta eta pantailari begira paseatzen da hirietan eta beste tokietan. Oso tristea iruditzen zait hori. Sakelakoari begira ari zaren bitartean, gauza pilo bat galtzen dituzu: atari eder bat, zurekin gurutzatzen den jendearen begirada, keinuak... hori dena».

Paperak ez du hutsik egiten

Ziurtasuna ematen du paperezko mapa on batek: ez zaio bateriarik agortzen, eta ez dauka arazorik estaldurarekin. «Beti esaten da ez dela komeni bidaiaren segurtasun guztia huts egin dezakeen tresna baten esku uztea», azpimarratu du Ortegak. Baina ez da hori bakarrik:«Mapa batek beti ikuspegi orokorrago bat ematen dizu. Hori da GPSak eta track-ak ematen ez dizuna. Mapak osorik erakusten dizu ibiliko zaren eremua. Hori oso inportantea da, eta jende askok baloratzen du».

Duela urte dezente utzi zion Arretxek bidaia luzeak egiteari. Basamortuan, Amazonian, Himalaian... bizi izan da bakarrik, eta, askotan, erabat bakartuta, kontakturik gabe. Eta kontakturik ezari ematen dio balioa, eta bidaltzen zituen eskutitzei eta egun askoren ostean bueltan jasotzen zituenei. «Utzi egin nion halakoak egiteari. Arrazoi familiarrengatik bai, baina xarmaren galera horrengatik ere bai. Bidaiek ez ninduten harrapatzen hasiera hartan bezala».

Izan ere, teknologia berriei esker, badago aukera bisitatu beharreko tokia joan aurretik bisitatzeko, askotan, modu birtualean, edo mapa inteligenteen bidez. «Gauza bat da bidaia dokumentatzea, eta bestea da noraino: non jarri behar dugun langa. Dena ikusiko dugu joan aurretik? Oreka behar da», azaldu du Ortegak.

Dokumentazio lan hori aldizkarien eta erreportajeen bidez egiten zuela dio Arretxek. «Baina ez gehiegi. Ezusteko horren bila joaten nintzelako, eta ibili ahala deskubritu tokiak eta jendea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.