Euskal Herrian ez ezik, Bolognan ere euskal haur liburua presente

Juan Luis Zabala
2015eko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Marwa Obaid Raxid Al-Aqroubi idazle emirerribatuarraren testua eta Nasim Abaeian ilustratzailearen irudia zabaldu ditu aurten IBBY Haur Liburuaren Nazioarteko Erakundeak mundu osoan, haiekin datorren ostegunean, apirilaren 2an, Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Kultura asko, istorio bakarra du izenburua testuak Iñaki Mendiguren Bereziartu eta Sarah J. Turtlek egindako euskarazko itzulpenean. «Hainbat hizkuntzatan mintzo eta jatorri askotarikoak gara, hala ere, istorio berberak partekatzen ditugu», dio testuaren hasierak.

Urtero bezala, askotariko ekitaldiak egingo dira Euskal Herriko leku askotan —ikastetxe, liburutegi eta liburu dendetan batez ere— Haur Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat egiteko: ipuinen kontaketa saioak, lehiaketak, egileekiko topaketak, bookcrossing-ak... Galtzagorri Elkarteak Guk irakurtzen dugu, eta zuk? selfie lehiaketa antolatu du; oinarriak elkartearen webgunean kontsulta daitezke.

Ikuskizun bat Bolognan

Haur Liburuaren Nazioarteko Egunaren bezperan, apirilaren 1ean, asteazkenarekin, Inurriak, zaldiak eta elefanteak ikuskizuna eskainiko dute, haur liburuaren Bolognako (Italia) nazioarteko azokan, Patxi Zubizarretak (idazlea eta elefante orekalaria saioan), Jokin Mitxelenak (marrazkilaria eta inurri bihurria), Maddi Oihenartek (kantaria eta pegaso hegalaria), Idoia Noblek (aurkezlea eta kattagori itzultzailea), Chiara Balestrik (itzultzaile eta aurkezle belagilea) eta Iñaki Alfarok (lektorea).

Galtzagorri elkartearen eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz eramango dute Inurriak, zaldiak eta elefanteak ikuskizuna Bolognara, 2012an IBBYren Londresko Kongresura Paperean hegan ikuskizuna eraman zuten gisa berean. Azokakoaz gain, Bologna eta Veneziako unibertsitateetan ere saio bana eskainiko dute Maddi Oihenartek eta Patxi Zubizarretak, eta oro har euskal literaturaz eta kulturaz ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.