AUZIPETUAK

BERRIA.
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
CARLES PUIGDEMONT

Erbestean, Belgikan. Delituak: matxinada eta dirua bidegabe erabiltzea.

Jarduneko presidentea erbestean. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak deklaratzera deitu zuen azaroaren 2an, baina ez zen joan. Atzo auzipetu zuen Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak. Urriaren 1eko galdeketa koordinatzeko irailaren 28ko bileran parte hartzea eta herritarrei protestara deitzea leporatu dio, besteak beste.

ORIOL JONQUERAS

Espetxean. Delituak: matxinada, eta dirua bidegabe erabiltzea.

Presidenteorde kargugabetua. Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak behin-behinean espetxeratu zuen azaroaren 2an. Ihes egiteko eta delitua berriz egiteko arriskuagatik bi aldiz bota dio atzera Llarenak aske uzteko eskaera. Atzo auzipetu zuen Llarenak. Erreferenduma antolatzea eta protestara deitzea leporatu dio, besteak beste.

JOAQUIM FORN

Espetxean. Delituak: matxinada, eta dirua bidegabe erabiltzea.

Barne kontseilari kargugabetua. Lamelak behin-behinean espetxeratu zuen, eta ihes egiteko eta delitua berriz egiteko arriskuagatik bi aldiz bota du atzera Llarenak aske uzteko eskaera. Atzo auzipetu zuen. Irailaren 28ko bileran erreferendumerako mossoen koordinazioa antolatzea, eta herritarrak protestara deitzea leporatu dio, besteak beste.

RAUL ROMEVA

Atzo espetxeratua. Delituak: matxinada, eta dirua bidegabe erabiltzea.

Atzerri kontseilari kargugabetua. Azaroaren 2an espetxeratu zuen Lamela epaileak, eta abenduaren 4an utzi zuen aske Llarenak, 100.000 euroko bermea ordaindu ondoren. Errepublikaren estatu egiturak atzerrian antolatzea leporatu dio, eta atzerrian bizi direnen bozketa antolatzea, besteak beste. Atzo berriz espetxeratu zuten.

TONI COMIN

Erbestean, Belgikan. Delituak: matxinada,eta dirua bidegabe erabiltzea.

Osasun kontseilari kargugabetua. Bruselan erbesteratu zen Lamelak deklaratzera deitu ondoren. Aurretik desobedientziagatik eta prebarikazioagatik kereilatu zuten, eta atzo auzipetu zuen Llarenak. Erreferendumean bere departamentuak botopaperen, zentsuaren eta eskolen arduraren parte izatea leporatu diote, besteak beste.

DOLORS BASSA

Atzo espetxeratua. Delituak: matxinada, eta dirua bidegabe erabiltzea.

Lan kontseilari kargugabetua. Azaroaren 2an espetxeratu zuen Lamelak, eta abenduaren 4an aske utzi zuen behin-behinean Llarenak, 100.000 euro ordaindu ondoren. Comini bezala, galdeketan bere departamentuak botopaperen, zentsuaren eta hauteskunde mahaien ardura hartu zuela leporatu dio, besteak beste. Atzo espetxeratu zuten.

CLARA PONSATI

Erbestean, Eskozian.Delituak: matxinada eta dirua bidegabe erabiltzea.

Hezkuntza kontseilari kargugabetua. Bruselan erbesteratu zen, eta orain Eskoziako unibertsitate batean da, lanean. Azaroaren 2an deitu zuten deklaratzera, baina ez zen auzitegira joan. Llarenak leporatzen dio bere departamentuaren menpeko hezkuntza eraikinen kontrola hartzea, independentzia erreferendumean erabiltzeko.

JOSEP RULL

Atzo espetxeratua. Delituak: matxinada eta dirua bidegabe erabiltzea.

Lurralde Antolaketa kontseilari kargugabetua. Azaroaren 2an deklaratu zuen Auzitegi Nazionalean, eta behin-behinean sartu zuten preso; bermea ordainduta, aske atera zen abenduaren 4ean. Llarenak leporatzen dio independentisten estrategia zehazteko bileretan parte hartzea, eta Poliziaren ferry bati portua hartzea saihestea.

CARME FORCADELL

Atzo espetxeratua.Delitua: matxinada.

Parlamentuko presidente kargugabetua. Azaroaren 9an deklaratu zuen Auzitegi Gorenean, eta behin-behinean sartu zuten preso; hurrengo egunean atera zen, bermea ordaindu ostean. Llarenak leporatzen dio parlamentua prozesu independentistaren mesedetara jartzea, galdeketari buruzko eztabaidei bide emateagatik, eta Auzitegi Konstituzionalari desobeditzea.

JORDI CUIXART

Espetxean.Delitua: matxinada.

Omnium Culturaleko presidentea. Sedizioa egotzita, kartzelan dago urriaren 16az geroztik; Llarenak matxinada egotzi zion atzo. Epaileak leporatzen dio ehunka mila jarraitzaile mobilizatzea, eta poliziek erreferenduma saihesteko zuten eginbeharrari aurre egiteko «indar masa bat» sustatzea; horrez gain, iazko irailaren 20ko mobilizazioen erruduntzat du.

JORDI SANCHEZ

Espetxean.Delitua: matxinada.

ANCko presidente ohia eta JxCko bigarrena. Sedizioa egotzita, kartzelan dago urriaren 16az geroztik; Llarenak matxinada egotzi zion atzo. Epaileak leporatzen dio ehunka mila jarraitzaile mobilizatzea, eta poliziek erreferenduma saihesteko zuten eginbeharrari aurre egiteko «indar masa bat» sustatzea; horrez gain, iazko irailaren 20ko mobilizazioen erruduntzat du.

MARTA ROVIRA

Erbestean, Suitzan.Delitua: matxinada.

ERCren idazkari nagusia. Otsailaren 19an deklaratu zuen Auzitegi Gorenean, eta aske geratu zen, bermea ordainduta. Epaileak leporatzen dio parlamentutik bulkada ematea administrazioko sektoreen koordinazioari eta oinarrizko legealdiari, mekanismoak zehazterakoan parte hartze nabarmena izatea, eta erreferendumerako bozkalekuen erabilera osoa lortzeko ardura izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.