Puigdemont Europako bozetarako hautagai aurkeztu ahal izango da

Hauteskunde Batzordearen erabakia indargabetu egin du Madrilgo epaitegi batek, argudiatuta «ihesean» egonagatik ezin zaiola betoa jarri

Carles Puigdemont erdian, eskuinean Ponsati duela, eta ezkerrean Comin, joan den otsailean, Waterloon. ROSA JIMENEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Carles Puigdemont, Antoni Comin, eta Clara Ponsati erbesteratuak izango dira JxC Junts Per Catalunyak Europako Parlamenturako hauteskundeetarako aurkeztutako zerrendako aurreneko hirurak. Ciudadanos eta PP alderdien inpugnazio bat partzialki onartuz, Espainiako Hauteskunde Batzordeak hautagaitzak debekatu zituen lehengo astelehenean. Baina administra- zioarekiko auzietarako Madrilgo epaitegi batek indarrik gabe utzi zuen, atzo, Hauteskunde Batzordeak erabakitakoa. Epaitegiaren autoaren arabera, nahiz eta hautagaiak «ihesean» egon, ez dago arrazoirik haien hautagaitza debekatzeko. Epaitegia bat dator Auzitegi Gorenak herenegun erabakitakoarekin, eta Madrilgo Probintzia Fiskaltzak pasa den ostiralean ebatzitakoarekin.

«Etxetik kanpo irabazi dugu aurrenekoz», nabarmendu zuen Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak herenegun, bideokonferentziaz, ANC Biltzar Nazional Katalanaren ekitaldi batean. Atzo, administraziorekiko auzietarako epaitegiak Gorenak adierazitakoa berretsi zuenean, Twitter bidez goraipatu zuen lortutako «garaipena», eta defentsen lana nabarmendu.

Hauteskunde Batzordeak hautagaitzak debekatzea erabaki ondoren, defentsek helegiteak jarri zituzten Gorenean, Hauteskunde Batzordean bertan, eta administrazioarekiko auzietarako epaitegietan. Madrilgo Probintzia Fiskaltzak hautagaitzak babestu zituen ostiralean. Hurrengo egunean, administrazioarekiko auzietarako Madrilgo 2. epaitegia mintzatu zen, eta Gorenaren esku utzi auzia. Gorenak auto batean jaso zuenez, hautagaiak «ihesean» egonagatik ez dago hautagaitzak, hots, «sufragio pasiboa» debekatzeko motiborik, baina jakinarazi zuen epaitegi arruntei zegokiela auzia. Madrilgo epaitegi batek halaxe egin zuen atzo.

PPk erabakiari helegitea jarriko dio Auzitegi Konstituzionalean. «Espainiako justiziak ez du irainik merezi», adierazi zuen, atzo, Pablo Casado alderdiaren presidenteak. «Azken instantziaraino» joko du hautagaitzak debekatuak izan daitezen. Ines Arrimadas Ciudadanoseko liderretako batentzat, «lotsagarria» da ebazpen judiziala. Horregatik, legea aldatzea defendatu zuen, atzo, «justiziatik ihesi dabiltzanek hauteskundeetara aurkezteko aukerarik eduki ez dezaten». Hauteskunde Batzordeak badu azken aukera bat: babes helegitea bat jartzea Konstituzionalean. Hilaren 26an egingo dituzte Europako Legebiltzarrerako bozak.

Bestetik, Quim Torra Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian deklaratzekoa da hilaren 15ean. Egun horretarako deitu du Carlos Ramos magistratuak, atzo jakinarazi zuenez. Kataluniako Generalitateko presidentea ustezko desobedientzia delitu batengatik dago auzipetua, ez zituelako eraikin publikoetatik xingola horiak eta esteladak kendu, Hauteskunde Batzordeak agindu zionean.

CUPek, bestalde, ez du baztertzen beste erreferendum bat egitea, «nazioarteko komunitatearen esku hartze testuinguru batean». Antikapitalisten Kontseilu Politikoak hamar puntuko dokumentu bat onartu du, eta atzo eman zuen horren berri, ohar baten bidez.

Sanchez-Casado bilera

Pedro Sanchezekin bildu zen Casado, atzo, eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari eskatu zion Espainia ez dadila egon «independentisten mende». PPkoak prentsaren aurrean adierazi zuenez, «beste batura batzuek inbestidura bermatzen dute». Ciudadanosen eta PSOEren arteko balizko itunaz ari zen. Albert Rivera Ciudadanoseko liderrarekin (11:00), eta Pablo Iglesias Podemosekoarekin (17:00) bilduko da Sanchez, gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.