Baskonia balentria handiaren bila ariko da gaur Istanbulen

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko urtarrilak 4
Baskoniak aspaldiko partidarik zailena jokatuko du gaur Istanbulen, Fenerbahceren pistan (18:45). Euroligako liderrari bisita egingo dio lehen faseko ligaxkako bigarren itzuliko lehen partidan. Hori berez nahikoa lan ez balitz, hiru hutsunerekin ariko da: Jayson Granger, Patricio Garino eta Tornike Xengeliarenak. Velimir Perasovicek atzo argitu zuenez Xengelia, «agian», hiru hilabete barru itzuliko da pistetara, eta haren ordezko bila dabil taldea.

Baskoniaren kirol egoera asko okertu da azken asteetan. Jayson Granger eta Tornike Xengeliaren lesioak ez dira txikikeria, eta haiek gabe oso zail dirudi Euroligan lehiatzea. Taldeak Xengeliaren belauneko lesioaren inguruko nahiko ohar kriptikoa atera zuen, eta Perasovic izan zen, Istanbulerako hegazkinera igo aurretik, argi pixka bat jarri zuena: «Agian hiru hilabete barru jokatzeko moduan izango da, eta ez da erraza maila horretako jokalari bat ordezkatzea». Taldearen altxortegia gainera ez dago borborka. Aurki espero da ordezkoa, eta Kekin Jonez Baskoniako jokalari ohiaren izena agertu da Manresa aldean. Akordioa itxita zuen bertako taldearekin eta atzera egin du.

Xengeliaren lesioari Grangerrena gehitu behar zaio. Hark ezkerreko orkatila du minduta eta ikusteko dago ebakuntzarik behar duen. Hala bada, beste ordezko bat bilatu behar du taldeak, eta aurki bukatuko da Euroligako beste talde batean aritutako jokalariak fitxatzeko epea.

Testuinguru horrekin, Lauko Finalak ia utopia dirudi, eta, harekin amets egiteko, balentriak beharko ditu Baskoniak, gaur Istanbulen irabaztea bezalakoak. Zeljko Obradovicek zuzentzen duen taldea Euroligako liderra da 14-1eko balantzearekin; Baskonia, aldiz, hamargarren da, zortzigarrenarekin berdinduta, eta zazpi partida irabazi ditu. Lehen itzuliko partidan, Gasteizen, Fenerbahcek 72-74 irabazi zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna