Albistea entzun

Katalunia. ANALISIA

Errepublika aldarrikatzeko ordua

Urriaren 10ean independentzia deklarazioa itxoiten ari ziren herritarrak, Bartzelonan. Bihar berriz elkartzera deitu ditu ANCk, 12:00etan.
Urriaren 10ean independentzia deklarazioa itxoiten ari ziren herritarrak, Bartzelonan. Bihar berriz elkartzera deitu ditu ANCk, 12:00etan. TONI ALBIR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2017ko urriak 26

Tentsioak eta eztabaidak goreneko gradura iritsi dira Katalunian. Independentzia deklarazioa ez egiteko presioak inoiz baino handiagoak dira kanpoan, eta baita barruan ere. Analisi hau bukatzeko orduan, presazko bilera bat egiten ari dira Kataluniako Gobernuako kideak Bartzelonan. Baina, aukerei erreparatuta, eta behin honaino ailegatuta, zer aukera ditu Generalitateak atzera egiteko? Ezer gertatu ez balitz bezala egin, eta hauteskunde autonomikoak antolatzea litzateke modu bakarra. Horrek ere ez du bermatzen, ordea, 155. artikuluaren ezarpena gelditzea. Eta geldituko balu eta bizpahiru hilabete barru hauteskundeak egingo balira ere, zer? Independentistek —aurkezteko aukerarik izango balute, ilegalizatuko ez balituzte— berriro irabaziko lukete, eta zer egingo luke Espainiako Gobernuak orduan? Bukle infinituaren egoera da, eta hauteskundeak egiteko eskatzen ari direnek ez dute horrentzako erantzunik. CUPek ohartarazi du egunotan: prozesuaren heriotza agiria sinatzea litzateke hauteskundeak antolatzea.

Kalkulu horiek guztiak mahaiaren gainean daude. Baina Puigdemontek jakinarazi du azkenean ez dela Senatura joango, eta egutegia argitu da gaur: gaur, 17:00etan, Kataluniako Parlamentuaren bilera hasiko da, eta bihar jarraituko du. Ematen du —azken orduko telefono deirik ez baldin bada, urriaren 10ean bezala— independentzia deklarazioa indarrean jarriko duela Kataluniak bihar, Errepublika Katalana aldarrikatuko duela, justu Espainiako Senatuak 155. artikuluari baiezkoa emango dion ia momentu berean —12:00etan espero da bozketa hori, eta ANCk 12:00etan deitu deitu herritarrak—. Junts Pel Siko diputatuak, CUPekoak, ERCko buru nagusiak, ANC... denak ari zaizkio Puigdemonti eskatzen independentzia deklaratzeko. Izatekotan, PDECat barruan soilik gelditzen da zalantzaren bat ordu honetan, eta azken egunetan jasotako presio zaparrada ikaragarria izan bada ere, itxura du deklarazioa egitea beste aukerarik ez duela independentismoak. Izan ere, independentzia deklarazioa indarrean jartzearen aldekoek orain dute aukera eta modua, inoiz izatekotan; orain izango da, edo ez da inoiz izango. Autogobernua galtzeko arriskuak ireki die deklarazioa egiteko aukera.

Nazioartean jokatzen da partida

Independentista katalanek ongi ulertu dute Espainiako Erreinuarekin ez dagoela negoziatzerik. Horregatik iritsi dira muturrera, azken mugara: erreferendum bat behartzera eta, legez kontra bada ere, egitera, eta emaitzak betearazteko konpromisoa hartzera. Espainia muga-mugaraino eraman dute, eta erantzuna gogorra izan da: egurra, kartzela, mehatxuak, irainak, eta autogobernua kentzea. Horregatik, urriaren 2az geroztik, Katalunia ez da Espainiako ligan jokatzen ari, nazioartekoan baizik. Espainia negoziatzera behartzea ezinezkoa baldin bada, aurrera egitea beste aukerarik ez dutelako. Eta, aurrera egitekotan, independentzia deklaratzeko ahalik eta baldintza egokienak lortu behar zituztelako nazioartekoaren begietara.

Urriaren 1ean erreferenduma egitea lortu zuten, bai, baina emaitzak —errepresioarengatik, parte hartzearengatik, legez kontra aritzeagatik...— ez dira homologagarriak: zaila da nazioarteak galdeketa baten emaitzak onartzea, estatuak aitortzen ez baditu. Zerbait gehiago behar zuten independentistek. Indar armatu batzuen egun bateko indarkeria ere ez da nahikoa arrazoi herrialde batek independentzia deklaratzeko; eta bi independentista kartzelara sartzea ere ez. Mundua gerraz eta preso politikoz betea dago, eta horrek ez ditu nazioarteko harremanak iraultzen. Zerbait gehiago behar zuten independentistek.

Independentzia deklarazioa airean uztea eta negoziaziorako eskaintza bat egitea, aldiz, eta betiere nazioarteari begira, lagungarri suertatu zaie independentistei. Madrilek negoziatzeko borondaterik ez duela erakusteko balio izan die. Eta 155. artikuluaren ezarpenak, azkenean, argudio funtsezko bat eman die. Nazioarteko legediaren arabera, nork bere burua gobernatzea eskubide bat da; autodeterminazioa esaten zaio. Gaur egun, eztabaidak eztabaida, eskubide hori ius cogens da: derogatu ezin den arau bat, besteen gainetik dagoena. Alegia: berdin dio Espainiako Konstituzioak zer dioen autodeterminazioari buruz eta erreferendumei buruz, eskubideak dira, unibertsalak, edozein baldintzatan errespetatu beharrekoak. Eztabaida juridikoa, ordea, konplikatu egiten da hortik aurrera: nazioartean ulertzen da Espainiako autonomien estatuak Kataluniari eta beste erkidegoei ematen dizkiela bere buruak gobernatzeko tresnak eta errespetatzen dituela herritarren eskubideak, eta Espainiako Konstituzioa eta haren mendeko legeak gorputz juridiko errespetagarri bat direla, pertsonen eskubideak urratzen ez dituztenak: zuzenbide estatu homologatu bat da Espainia. Horregatik, nazioarteko komunitateak Kataluniako Errepublika onartzeko modu bakarrenetako bat zen erakustea Espainiako Erreinuak urratu egiten duela eskubide hori, ez diela uzten katalanei beren burua gobernatzen. Eta Espainiako Gobernuak, 155arekin, argudio ezin hobea eman du independentzia deklarazioa indarrean jartzeko, falta zitzaien zerbait hori eman die: Kataluniako instituzioak Madrilgo ministroen aginduetara jartzeak erakusten du Espainiak ez diela beren burua gobernatzen utziko katalanei.

Independentzia, orain ala inoiz ez

Eta hori argudio juridiko bat izan liteke nazioarteko komunitatearen eta justiziaren aurrean: remedial secession. Alegia, agerikoa denean estatu batek bere mendeko gutxiengoen autodeterminazio eta autogobernu eskubideak edo oinarrizko eskubideak urratzen dituela, sezesioa erremedio bat dela, konponbide bakarra. Raul Romevak garbi adierazi zuen ideia hori, igande honetan: «Independentzia deklaratzea ez da aukera bat, behar erabateko bat da bizirauteko». Irakur bedi horrela: Kataluniak ez du independentzia deklaratzea beste erremediorik —Oriol Junquerasek ere horrelaxe esan zuen atzo—, bere herritarren eskubideak defenditzeko, bere burua gobernatzeko eskubidea defenditzeko. Nazioarteari begira falta zitzaizkion argudioak eskuratu ditu Generalitateak azkeneko bi aste hauetan, eta orain independentzia deklaratzea beste aukerarik ez duela erakutsi dio nazioarteari —diferentziak handiak dira, baina remedial secession argudioa erabili zuten Kosovoko auzian—.

Larunbatetik aurrera, Kataluniako Gobernuko agintariak kargugabetuko ditu Espainiako Gobernuak, ordezkoak izendatuko ditu, eta administrazioaren kontrola hartzen ahaleginduko da. Horrek intsumisio eta desobedientzia egoera batean sartuko luke Katalunia, eta, gainera, ahalegindu beharko luke lurraldearen kontrola hartzen, ogasun berria abiatzen, Espainiaren zorra negoziatzen, errepublikaren finantzabideak lotzen, Kataluniako Justizia Auzitegi Goren berriaren karguak izendatzen, Kataluniako Errepublikaren Konstituzioa idazteko prozesuari ekiten... Legalitate borroka bat izango litzateke, ezegonkortasun politiko eta ekonomiko izugarria ekar dezakeena Kataluniara bezala Espainiara ere, eta, ondorioz, baita Europara ere. Independentzia deklarazioak, gainera, munduko herrialdeak posizioa hartzera behartuko lituzke, eta gatazka nazioarteko taula gainean jarriko luke ezinbestean. A priori, kanpoko esku hartze bat behartzeko modu bakarretakoa izango litzateke, eta agertoki horrek nazioartearen esku jarriko luke gatazkaren azken-azken konponbidea.

Ezusteko konponbide irudimentsuak asmatzen iaioak izan dira independentista katalanak azkenaldian, baina asmakizunetarako tartea estutzen ari zaie. Zirt edo zart egiteko garaia heldu zaio Kataluniari.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Macron eta Putin, joan den otsailaren 7an, Moskun. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidentearen arabera, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen badu aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»

Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. ©EFE

SDFk jakinarazi du eten egin dituela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Igor Susaeta

Milizia kurduak indar nagusitzat dauzkan eta Pentagonoaren babesa duen koalizioak ohartarazia zuen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio

Vladimir Putin Errusiako presidentea, gaur, Moskun. ©EFE

Errusiak esan du «negoziatzeko prest» dagoela, bere interesak «bermatzeko»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ukrainako armadak adierazi du bere tropetako 13.000 soldadu eta 6.000 zibil hil direla gerra hasi zenetik. Haur ugariri hezkuntzarako eskubidea urratu dietela salatu du NBEko batzorde batek.

Boliviar bat Silala ibaitik ura hartzen, Txileko mugatik gertu. ©MARTIN ALIPAZ / EFE

Boliviak esan du Hagako epaiak Silala ibaiko ubide artifizialak eraisteko aukera emango diola

Mikel O. Iribar

Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi du Silala ibaia «nazioartekoa» dela, eta Txileri eta Boliviari eskatu die elkarren arteko elkarrizketak «etengabekoak» izateko. Santiagok ez dio kalte ordainik eman beharko La Pazi.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...