Fidel Castroren heriotza. Erreakzioak

Legatuari buruzko talka

Fidel Castrok utzitako legatu ideologikoan iritzi kontrajarriak agertu dituzte nazioarteko agintariek. Trumpentzat «diktadore zital bat» zen. Miamin, Kubatik erbesteratuek ospatu egin dute heriotza
Miamin, kubatar ugarik ospatu dute Castroren heriotza.
Miamin, kubatar ugarik ospatu dute Castroren heriotza. GASTON DE CARDENAS / EFE

Adrian Garcia -

2016ko azaroak 27
Gerra Hotzeko lubakiak aspaldian urtu baziren ere, Fidel Castroren heriotzak berriro azaleratu ditu bloke horiek. XX. mendeko pertsonarik esanguratsuenetako bat izaki, munduko agintari gehienek izan dituzte hitzak Castro gogoratzeko. Hitzak neurtu dituzte batzuek, eta doluminak eman bai, baina ez dira gerra ideologiko horretan sartu. Halere, bi alde nabarmen daude: herritarrak zapaldu zituen diktadorea da batzuentzat; Kuba askatu eta progresismoa bultzatu duen heroia besteentzat.

Neurri handi batean, AEBei lotuta egon da azken mende erdian Kubaren historia, gertutasun geografikoak bultzatuta. Castrok boterea hartzean ezarri zuen bahimendua Washingtonek, eta gaur egun ere irauten du. Horregatik, uhartearen ekonomia AEBekiko harremanaren araberakoa izango da aurrerantzean ere, eta ez dira seinale onak iritsi Washingtondik. AEBetako hurrengo presidentearentzat «diktadore zital bat» baitzen Castro. Donald Trump errepublikanoak hauteskunde kanpainan hitzeman zuen Barack Obamak bultzatutako adiskidetze politikak bertan behera utziko zituela. Presidente hautatuaren hitzetan, bere gobernuak «posible den guztia» egingo du Kubak «oparotasunaren eta askatasunaren» bideari ekin diezaion.

Trumpen hasierako erreakzioa laburra izan da oso: «Fidel Castro hil da», esan du Twitter sare sozialean. Ondoren, ohar bat argitaratu du, Kubako agintariak utzitako legatua azaltzeko: «Bere herria zapaldu zuen. Fusilamendua, lapurreta, sufrikario imajinaezina eta oinarrizko eskubideen ukazioa izan dira haren legatua».

Halere, beste alor askotan gertatu bezala, Trumpen Kubarekiko diskurtsoa kontraesanezkoa da. Primarioetan AEBen irekiera defendatu zuen hautagai errepublikanoa bakarra izan zen. Hauteskundeetan, ordea, Floridan Kubako erbesteratuen botoak eskuratzeko beste aldera lerratu zen. Edonola ere, analistek uste dute jarrera hori leundu egin beharko duela, uhartean negozioa egin nahiko duten enpresa handien eragina dela eta.

Hain zuzen ere, Miamin egin dute Castroren aurkako gorrotoaren erakustaldirik nabarmenena. Albistea zabaldu bezain pronto, dozenaka pertsona atera dira kalera heriotza ospatzera. Kubako diasporaren zati handiena bizi da Miamin, eta Castroren aurkako ekintzaile sutsuak dira. «Tiranoaren heriotzak ez du Kubako herria askatuko. Hori da dudan tristezia nagusia», adierazi du Saul Sanchezek, Demokrazia Mugimendua erbesteratuen elkarteko presidenteak.

Obama jarduneko presidentea zuhur mintzatu da. Kubako herriari «adiskidetasunerako deia» egin dio, eta onartu du «emozio indartsuen garaia» dela. Ez du Castrori buruzko epairik eman nahi izan. «Historiak idatziko eta epaituko du pertsona berezi horrek Kuban eta munduan utzi duen eragin itzela».

Obamak agintaldiaren azken zatian ekin zion AEBen eta Kubaren arteko harremanak normaltzeari, eta martxoan bisita egin zuen uhartera; 88 urtean AEBetako presidente batek ez zuen bidaia ofizial batean uhartea zapaldu.

Bestelakoak izan dira Kubaren harremanak munduko beste potentzia nagusiarekin, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunarekin hasieran, eta Errusiarekin ondoren. Vladimir Putin presidentearen arabera, «garai oso baten ikurra» eta «herrialde askoren inspirazio iturri» da Castro. «Galera ordezkaezina da». Kubako presidente ohia laudatu du Putinek. «Gizon indartsua eta jakintsua zen, eta beti ziurtasunez begiratzen zion etorkizunari. Ziur zegoen bere kausa bidezkoa zela, eta bizia eman zuen harengatik», idatzi du presidenteak Kubako Gobernuari bidalitako eskutitzean.

Edonola ere, Kremlinarekiko harremanak ez dira beti onak izan. Hartu-emana asko hoztu zen Mikhail Gorbatxovek 1985ean Perestroika erreformak abian jarri zituenean, eta bi herrialdeen arteko krisiak eztanda egin zuen SESB zatitu zenean. Putinek 2000. urtean itxi zuen Kuban zuen azken espioitza basea, eta Gerra Hotzean Moskuk izandako presentziaren azken hondarra kendu zuen. Azken urteetan, ordea, «aliantza estrategikoa» egina zuten bi herrialdeek.

Ideologikoki Kubarekiko gertu egon den beste herrialdea Txina izan da. «Txinako herriak benetako adiskide bat galdu du», adierazi du Xi Jinping presidenteak. Herritarrei doluminak eman dizkie Xik: «Castro betiko biziko da».

Pekinekin harremanak ezarri zituen lehen Latinoamerikako herrialdea da Kuba; Venezuelaren atzetik, Habanaren bazkide handiena da. Haatik, harremanak gorabeheratsuak izan dituzte. 1960 eta 1980ko hamarkaden artean, Gerra Hotza bete-betean zegoelarik, apenas egon zen hartu-emanik. 1993an aldatu zen egoera hori: Jian Zemin orduko Txinako presidenteak Kuba bisitatu zuen, eta, ordutik, alor politikoan, ekonomikoan eta militarrean elkarlan handia dute.

Latinoamerikan eredu

Latinoamerikako herrialde askotan eredu bilakatu zen Kubako Iraultza, eta ideologikoki bat ez datozen agintariek ere errespetuz hitz egin dute Castrori buruz. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak, esaterako, FARC-EPren bake prozesuan Castroren ekarpena ekarri du gogora. Michel Temer Brasilgo agintariak, berriz, esan du «sinesmen sendoko liderra» zela. Bestalde, Mexikoko agintari Enrique Peña Nietok adierazi du XX. mendeko «erreferentzia nagusia» zela.

Kubaren gertukoek, berriz, Castrok utzitako legatua zabaltzeko eskatu dute. Venezuela izan da aliatu tradizional bat. «Castrok eta Chavezek askatasunaren bidea ireki zuten», esan du Nicolas Maduro presidenteak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Adrian Garcia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna