Arrauna. Kontxako Bandera

Beraiengatik eta beste askorengatik, arraun

Irekia dator Kontxako Banderaren lehen jardunaldia, eta inor ez da ausartzen esatera zer gertatuko den. Udako jarduna ikusita, Oriok, Hondarribiak eta Santurtzik dute irabazteko aukera gehien

Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Arraunlari ororen ametsa Kontxako Bandera irabaztea da. Ez dute denek lortzen, ezta gutxiago ere. Gutxi batzuek bakarrik gauzatzen dute amestutako hori. Heldu da egun handiaren aurrekoa, iraileko lehen igandea, eta ametsetan jarraituko dute arraunlari batzuek gaurkoak amaitu ondoren. Beste zenbait, aldiz, ametsetatik itsas kolpe zakar batek esnatu balitu bezala joango dira etxera. Edo ez: agian, ametsak ez dira gaur hautsiko. Batek daki, edo inork ez, ziurrenik.

Kirol aldrebesa da arrauna: bakarra edo bakarretakoa prestakuntzaren garaia lehiakoa baino luzeagoa duena. Betiere, lehiarena traineru denboraldira bideratzen bada, tartean bai baitira ontzi txikien eta aulki mugikorreko estropadak ere. Tokitan dago gaur aurreko urteko azaro hasiera: aurreneko entrenamenduak hasi dira, gorputzari pisua eta ajeak kentzea ez da batere samurra, baina udan pentsatzeak ematen dio indarra arraunlariari. Traineruan arraun egiteko desira, lehiatzeko gogoa, taldekide eta zenbait kasutan lagun dituen horiekin bandera bat edo bi edo hiru irabazteko nahia... eta gehiago edo gutxiago, Kontxako Banderan arraun egiteko irrika.

Ezin konta ahala ordu, ezin kontatu diren izerdi tantak, neurtzen ezinezkoak diren hutsuneak gehien maite dituztenekiko, arraunlariaren beraren eta etxekoen sakrifizioa ere kontagaitz... Heldu da eguna, baina. Halako batean, nahi baino beranduago ziurrenik, baina hemen da Kontxako Banderaren lehen igandea. Badian norberarengatik egin behar da arraun lehendabizi, eta, ahal den neurrian, gozatu, hogei minutuko etenik gabeko joa sufrikariotik gertuago egon arren gozamenetik baino. Sufrituz gozatu.

Beraiengatik egingo duten hori besteengatik ere egina izango da: etxekoak, jakina; entrenatzaileak taldearentzat onena den ustean gaur trainerutik kanpo utzi dituen taldekide arraunlariak; urte osoan klubetan isil-isilik laguntzen ari diren langile nekaezinak; eta, nola ez, animoak ematen dituzten zale zintzoak. Denak joango dira gaur traineru barruan, ikusi hamahiru eta patroia bakarrik ikusiko badira ere. Arraun egingo dute beraiengatik eta beste askorengatik.

Egingo du arraun arraunlariak, eta hustuko ditu barrenak gaur ere, ametsa gauzatu nahiaren atzetik. Ameslari asko izan, ordea, inoiz baino gehiago agian. Sei faborito: Orio, Hondarribia, Santurtzi, Zierbena, Donostiarra eta Urdaibai. Eta denak naturari begira. Itsaso nahasia egongo ote den, 12:30ean dela marea aldaketa, ur biziak direla, haizea aldatuko duela horrek, noren mesederako... Horixe da Kontxa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.