Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Oker (ustez) txiki garrantzigabeak

2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Frantzia aspertzen denean…

Gaurko Hiruko(h)itza honek 68ko maiatzari buruzkoa behar zuen. Bildua nuen hartarako hainbat apunte eta ohar, berritu nituen memorian gordetakoak ere. Tartean, orain 50 urte, maiatza atean zelarik, Pierre Viansson-Ponté kazetariak hitzokin hasitako artikulu bat Le Monde-n: «Frantzia aspertzen denean...». Frantzia lasai, burgestu, interes politiko berezirik gabe baten erretratua egiten zuen artikuluak. Handik hiruzpalau egunetara, 68ko maiatza deitzen diogun errebolta hasi zen, gaullismoaren zimentarriak errotik astindu zituena.

Gertakarien kontakizun hutsetik haragoko zerbait nuen buruan. Bereziki, ziklo historikoek nondik nora joko duten aurrez susmatu ezinaz jardun nahi nuen; jardun nahi nuen politikan, soziologian edo artean intuizioak duen garrantziaz gizartearen norabideak usaintzeko orduan. Hartuak nituen apunte batzuk ere sasoi hartan generabilen hizkeraz: gogoratu nintzen zenbat usu eta abusu egiten genuen burges txiki edo absurdo bezalako hitzekin, debekatua debekatzea edo egizu amodioa eta ez gerra eta beste hainbat esloganekin. Absurdoa zen gerra, absurdoa zen amodio-bulkaden errepresioa. Absurdo hutsa zen burgesek, handi zein txikiek, saltzen zuten errealitatea.

Hartan, inoiz iritsiko ote zen ere etsita nindukan kontingentzia bat, ETAren azken agurraren iragarpena, atera zitzaidan bidera. Oroitzapenen sentimendu kontrajarriak, ez lakatzak ez leunak, sukar-amets batetik libratu banintz bezalakoak. Beste askok bezala, nik ere berripaper honen gonbidapena jaso nuen hartaz idatz nezan. 68ko maiatzak urte bereko ekainaren zazpira eraman ninduen. Bi gorpu tiroz josiak. Lehena, Jose Pardines guardia zibilarena, Xabi Etxebarrietak hila Aduna eta Villabona artean. ETAren lehendabiziko hilketa zen. Handik ordu gutxira, Etxebarrietaren gorpua, Tolosako Benta Haundin. Guardia Zibilak hildako lehen etakidea zen.

Euskal gizarteak shock batean bizi izan zituen egun hura eta hurrengoak. «Benta Haundiko hilketa dago mendekuz beteta» dio, besteak beste, Juan San Martinek gau hartan bertan Xabi Etxebarrietaren omenez idatzitako kopla-sortak. Bada, epikak oso laster hartu zuen tragediaren tokia, eta neure burua ikusten ari naiz Zarauzko parrokian sartu ezinik Etxebarrietari azken agurra emateko Guardia Zibilak elizaren inguru guztiak hartuak zituelako.

Itzulerarik gabeko puntua.

Diktadurak —frankismoa deitzeak leundu egiten du erregimenaren bilaukeria benetakoa—erruz ematen zituen motiboak epikarako: erresistentzia antifaxistaren aura zeraman Benta Haundin gertatuak, eta borroka armatu inauguratu berriak ez zuen aura hura galdu, aitzitik baizik, diktaduraren azken urteetan eta diktadura osteko lehenetan. Noski zeudela, bere izaeratik hasita, ETA kritikatzeko motiboak, indarkeriak kohesio pitzadurarik gabea behar baitu, diziplina totala. Desadostasun txikienen aurrean ere bai. Herriaren borondatearen jabe egiten diren taldeek, salbuespenik gabe, disidentzia guztiak isiltzen dituzte, barrukoak bezala kanpokoak ere. Badakite sits ia ikusezin batekin hasten dela altzari mardulenen galera.

«Bakoitzak dauka bere itzulerarik gabeko puntua», zioen Elixabete Garmendiak joan zen asteburuko bere artikuluan. Eta aitortzen zuen: «Nirea ETAk Yoyes, ikaskide ohi eta laguna, hil zuenean dago». Nire itzulerarik gabeko puntuak ez dauka gertakari eta data jakinik. Indarkeriari eta biktimei buruzko komentario baldar bat; brindis gordinen bat; gustu txarreko txiste usteak; plaza frankotako kantak, txamarrak eta jertseak zerurantz jaurtiz; hainbat manifestaziotako eslogan lakar saminak (1980koa da, beranduenik, saminez entzuten nuen ETA, mátalos, oihulariak besteen bizkar delegatzen zuelarik bera egiteko gauza ez zena...).

Bada, Tabucchiren ipuin-bilduma ezaguneko izenburua parafraseatuz, han-hemen entzuten eta ikusten nituen oker (ustez) txiki garrantzigabe haiek gero eta sarriago egiten zidaten talka: heriotzaren banalizazioa iruditzen zitzaidan hura guztia, biktimak laidotzea. Ez nintzen liturgia hartatik hurbil sentitzen, gero eta urrutiago baizik, eta, nire inozoan, uste nuen politikan ere, literaturan bezala, zerk eta nolak batera behar dutela. Helburu zilegi batek ezpal berekoak behar dituela bitartekoak ere; ezin dela, esate baterako, justizia lortu injustizietan oinarrituta. Ez nituen nire erantzukizunak delegatu nahi, tutorerik-eta gabe bizi nahi nuen.

Ordurako, Franco hil berri zen, lapurtu zizkigun urte guztiak zerraldoan hartuta.

Memoriak min emateraino.

ETAk laster eskuratu zuen nahiko botere herri oso baten erritmoa markatu eta bizitza baldintzatzeko: urteak eta urteak eduki gaitu aiduru, kolpe berri baten zain, hurrengo atentatuaren beldurrez, sukar-ametsa noiz desagertuko gure bizitzatik. Aiduru eduki gaitu noiz irakurriko zituen gizartearen seinaleak, noiz onartuko zuen bere itzulerarik gabeko puntua. Baina momentu hori iristen ez. Ordurako, beldurra barreiatua zegoen eta laburra zen arnasgune pertsonala, etsipenak berak ere ahotsa galtzeraino. Eta isiltasuna entzuten zen, mardul, astun. Europaren martxatik hain hurbil eta, aldi berean, hain urruti eta kontrakarrean bizi ginen. Estatuari dagokionez, ez zegoen inondik ere demokrazia benetako bati exijitu behar zaion galgan, arazoa bideratzen saiatu ordez gehiago korapilatzen zuen egitez zein omisioz: GAL eta enparauen gerra zikinek edo torturek akzio-erreakzioaren noria koipeztatzen segitzen zuten. Baina horren aurrean ere mardul, astun entzuten zen isiltasuna.

Orain errelatoa (zenbat hitz eta espresio gogaikarri prozesu luze osoan!) omen da auzia. Berriro galtzaile-irabazle lehian trabatuta segitzeko? ETAren amaieraren berri izan bezain laster, Angel Errok esaten zigun literaturak zauriak erakusten dizkigula, «guk ezikusia nahiago izan arren» eta aholkatzen zigun hitzetan jartzeko eta «lohitzeko» iragana «memoriak mina emateraino». Epikaren jantziak kentzen hasi eta ikusteko tragedia bere biluzian, etorkizuna indarkeriaren kontra blindatzeko. Biktimak memorian gordetzeko, bai, baina-rik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.