IRITZIA

Itzulpen sari zer?

Joxerra Gartzia
2016ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Harrituta nago —esate aldera diot, aspaldi galdu bainuen horrelako kontuetarako harrimena— Espainiako Itzulpen Sari Nazionala (horrela, dena hizki bakar, handi eta librez idatzita) antolatzen dutenek Luis Baraiazarrari egin dioten tori-tati lardatsa dela eta gurean esan eta idatzi direnak entzun eta ikusita.

Izan ere, nago ez ote gabiltzan, sarritan bezala, axaleko irrigarrikeriaren adarretan kateatuta, sari horren gaitza erroetan dagoela ahaztuta (edo).

Beti ez, baina oraingo honetan badakit zertaz ari naizen, ni neu epaile aritu bainintzen sari horretan, Euskaltzaindiak hala eskatuta, 1999an. Neure aldian bizi izan dudan zentzugabekeriarik handienetakoa izan zen hura, eta sinetsi dezente izan ditudala horrelakoak.

Epaia hartzeko aitzakian, bi bilera izan genituen Madrilen. Atzendu samartuak ditut orduko xehetasunak, baina esango nuke dozena bat epaile ginela tarteko. Lehen bileran, epaile bakoitzak bere hautagaiak aurkeztu eta lehen bahealdia egitea zen helburua.

Euskarara itzulitako bi lan hautatu nituen nik, han-hemenka kontsultak egin eta gero: bata Juan Garziarena (bai, anaiarena), eta bestea Jose Moralesena, biak ere itzulpen lan bikainak.

Madrila abiatu baino lehen, saiatu nintzen epaimahai hartan nik zer egin nezakeen irudikatzen, eta berehala ohartu nintzen ez zela lantegi makala izango. Ez dela erraza, alegia, euskaraz tutik ere ez dakien jendeari euskarara egindako itzulpen baten bikaintasuna ikusaraztea. Gainerako generoetan ere (poesia, narrazioa, entsegua...) komediak izaten dira, besteak beste itzulpena azken unean eta halamoduz egin behar izaten delako jeneralean. Baina beste genero horietan euskarazkoa da jatorrizkoa, eta mamiaren berri emanda usaina behintzat har diezaiokete beste epaileek obraren merezimenduari. Itzulpen alorrean, aldiz, zer kontatu behar diezu? Shakespeare, Gorki edota Primo Levyren testuak onak direla? Badakite —jakingo ahal dute!— hori lehendik ere, noski...

Gauzak horrela, autoritate argudioa erabiltzea beste irtenbiderik ez nuen ikusten, eta hala eskatu nien gutun bana Bernardo Atxagari eta Anjel Lertxundiri. Anjeli, berak sarritan jorratu eta aldarrikatutako kontua agertzea eskatu nion: itzulpengintzak euskararen normalizazioan izan duen eragin erabakigarria. Bernardori, berriz, nik hautatutako bi lan horien kalitateaz aritzea eskatu nion. Biek ala biek erantzun zioten egindako eskariari, jator eta egoki asko. Baliteke eurek ahaztuta edukitzea kontua, baina nik ez daukat inola ere ahazteko egin zidaten mesedea.

Bi gutunak sakelean nituela joan nintzen Madrila, artean erabaki gabe noiz erabiliko nituen nire bi argudio bakar horiek. Ikusi egin behar.

Hautagai zerrenda handi samarra osatu genuen lehen bileran. Berehala ikusi nuen hantxe bertan gastatu beharko nuela lehen kartutxoa: Anjelek bidalitako testua irakurri nien, tarteka nire iruzkinak erantsiz. Amaitu nuenean, jator itxurako andrazko batek hauxe esan zidan, xalo-xalo: «Hara, bai polita! Orduan, euskararen kasua alemanarenaren antzekoa da, ez? Aleman modernoa ere Luteroren itzulpenei esker sortu baitzen...». Baietz esan nion, primeran ulertu zuela.

Egin genuen bozketa, eta hala ere euskarazko biak boto banarekin geratu ziren, lehiatik kanpo, beraz (asmatuko duzue norenak ziren bi boto horiek...). Protesta egin nuen, eta azkenean behintzat lortu nuen hurrengo bilerara arte ez guztiz eliminatzea nire hautagaiak.

Bizpahiru aste geroago izan zen bigarren bilera. Hamarrak aldera ekin genion; bakoitzak bere hautagaiak aldeztu zituen, eta orduan erabili nuen nire bigarren (eta azken) bala: Atxagaren itzala lagun, nik aurkeztutako bi itzulpen haien bikaintasuna aipatu nien, eta baita biak ere eskarmentu handiko itzultzaileak zirela... Esanak esan, bozketa lehenbailehen egin nahi zuten batzuek, eta halaxe egin genuen. Euskarazko biak kanpora geratu zirela ikusita, sutan jarri nintzen. Orduan, beste andrazko batek hauxe bota zidan, xalo-xalo honek ere: «Uler ezazu: nik ezin diot neure botoa eman ulertzen ez dudan zerbaiti». Haserretik ironiara egin nuen jauzi, eta baietz esan nion, ulertzen nuela berea, baina berak ere ulertu behar zuela nirea: hori horrela izanda, euskarazko nire hautagaiak itxuraz bakarrik ari zirela lehiatzen, aukerarik batere ez zutela inoiz sarituak izateko, eta, baldintza horietan, alfer-alferrik nengoela ni han, eta banindoala handik...

Ez zuten horrelakorik espero, eta erreguka hasi zitzaizkidan, geratzeko eta geratzeko. Benetan minduta nengoen, eta ez nien jaramonik egin. Artean goizeko hamaikak jo gabe, alde egin nuen.

Etxera etorrita, berehala jakinarazi nuen Euskaltzaindian han gertatua. Ez dut inoiz jakin ondo hartu zuten edo ez, kontua da geroztik ez didatela sekula berriro deitu, baina hori da gutxienekoa.

Gehienekoa, niri jakin-mina pizten didana, zera da: geroztik beste hamazazpi aldiz eman direla sariak, itzulpenena barne, eta euskarazkoen ordezkariren bat izango zela, urtero, epaimahaian. Hala bada, gustura jakingo nuke zer moduz sentitu den —edo diren— bilera horietan, ea zinez pentsatzen duten euskarazko itzulpenek benetan lehiatzeko aukera izaten dutela.

Aitortzen dut geroztik ez naizela kontu honetaz askorik arduratu, eta baliteke egoera eta baldintzak aldatuak izatea azken urteotan. Hala bada, zalantzarik ez dago onerako aldatuko zirela, okerragorako biderik ez zegoen eta.

Estimu handia diot Luis Baraiazarrari, eta sentitzen dut egin dioten bidegabekeria. Iruditzen zait, ordea, euskarazko itzulpenen kasuan benetako eztabaida hauxe dela: baldintzak aldatu ezean, merezi al du lehia itxura egiten jarraitzea? Sariketa horretan lorontzi gisa egoteari uko egitea ez al litzateke, bere xumean, duintasunaren alde jokatzeko modu bat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.