Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Historiako koadrorik isilena, oihurik lazgarriena

2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Izua gure baitan

Historiako oihurik lazgarriena, Edvard Munch-en Oihua koadrokoa. Historiako koadrorik isilena, horixe bera. Giza irudimenak oinazeaz eman duen errepresentazio onenak ez du, noski, oihurik egiten, baina aski da Munchen koadroaz gogoratzea, oinaze latzenen oihartzunak sentitzeko gure erraiak zartatzen. Ez, ez da indiferente uzten zaituen arte-lan horietako bat. Koadroak ez du hotsik ateratzen, baina haren garrasi isila oso baita lazgarria, ezin ozenago sentitzen dugu gure baitan.

Askotarikoa da bizitzea tokatzen zaigun oinazea eta aldian aldiko bizipen mindurazkoak pertsonalak zein hurkoarenak, gaurkoak bezala historikoak entzuten dizkiogu ari. Koadroan daude gerrek-eta eragindako hondamendiak; koadroan daude mundu aberatsaren bihotz ustelak munduan zehar barreiatutako gosea bezalako miseriak; koadroan, halaber, egun arrunt batez etxean sartzen den gaitz larriren batek ekarritako mina eta asaldura. Deskalabru horiek guztiak kabitzen dira Munchen oihu isilaren uhin latzetan, min guztien deiadarra biltzen du koadroak. Bertan gaude, Munchen koadroak indar hori du: gure esperientziaren moldera egokitzen dugu margolaneko sufrimendua, oinazearen nolakoa ulertzeak lekarkeen kontsolamendua bilatzen dugu koadroaren goiko parteko laino gorrietatik hasi eta beheko partean erdi susmatzen dugun amiletaraino.

Depresioaren galgako kabitu-ezinen bat adierazten omen du koadroko protagonistaren angustiak, Joan Mari Irigoienek «depresioaren hondeamakina» deitu zionak. Halako abaildura batek ez du atsedenik hartzen, zirrikitu guztiak ixten dizkio argitasunari, esperantzak ez du aterperik bertan, bizitzeko gogoari ez zaio arnasarik iristen. Munch halako trantzeak sufritutakoa zen. Munchek berak zertzelada bizi-biziekin kontatzen digu koadroaren genesia:

«Kalean nindoan bi lagunekin eguzkia sartu zenean. Bat-batean, zerua odol kolore bihurtu zen eta tristeziazko zirrara bat sentitu nuen. Min lazgarria petxuan. Gelditu nintzen; barandari heldu nion, neke hilgarri baten mende. Su-mihiek odolduta baleude bezalako laino gorri-gorriek ez zituzten ikusten uzten fiordo beltz urdinkara eta hiria. Nire lagunek oinez segitzen zuten eta ni planto gelditu nintzen, beldurrez dardarka. Eta oihu amaiezin bat entzun nuen natura zeharkatzen».

Munchen biografiaz harago, koadroak islatzen du, ordea, artistaren garaiko iraultza mediko bat ere. Ordura arte, eromen hitzarekin berdintzen ziren gure baitako gaitzak, arazo psikologikoak, portaeraren desordenak. Norabide bakarreko «burua galdu du, burutik egin zaio» bezalako espresio etereoekin izendatzen zituzten sistema nerbiosoaren gaitz guztiak. Baina zientzia neurologikoak, artean hastapenetan, ohartzen hasita zeuden asko direla gure baitako nahasmenduak, askotarikoak sistema nerbiosoaren gaitzak. Atarian zen halako gaixotasunei buruzko iraultza. Aski da Freud aipatze hutsa garai haien garrantzia markatzeko sistema nerbiosoaren gaitzen azterketan.

Ordura arte, gure ezjakintasunak sekulako oinaze-galdarak eraikiak zituen eroetxeekin batera: ileak lazten ditu egoitz haietaz ditugun notizien laburrak. Dakigun apurragatik, infernuak ezin du izan hain infernu. Eta sekula jakingo ez ditugunak.

Gerra bat barruan dugula

Eraso sexisten kontrako eguna izan da berriki, baina idatzi eta esan direnetan ez da gerra hitza entzun. Baina gerra da munduaren ordena bermatzen omen duen eraso sexisten gotorleku nagusia, matxismoaren asmaziorik behinena, eraso sexisten zelai librea, arrek barne-oihanetako instintu harrapakari basatiena asetzekodaukaten atsedenlekua. Erasook, tortura bezala, inpunitate osoarekin obratzen dira gerretan,eta sexu-apasta sistema belikoaren pizgarri bat izan ohi da soldaduak adoretzeko, batailaren ondorengo nekeak arintzeko, garaipenak ospatzeko. Ehizarekin batera,ez da egongo gerraren mundua baino gizonezkoagorik, ar harroenen mundu belikoan ez dago pitzadurarik eta ez da batere zaila ejertzitoak ere manada gisa irudikatzea eta emakume erasotuen orroak entzutea, baina ez lur konkistatu berrietan soilik: gerra egitera behartutako soldaduen sorterrietan ere ez da herritarrik faltatzen frenteko soldaduek —biziek bezala hildakoek— atzean utzitako hutsuneak profitatzeko haien alargunekin eta bizi-alargunekin.

Eroetxeez-eta bezala, oso gutxi hitz egin da gerlarien sexu-grin harrapakariaz. Baina hortik gatoz, horretan segitzen dugu. Munchen oihuak perspektiba horretan ere jartzen gaitu, demagun Iruñako epaiketaren kasuarekin: bost akusatuetatik, bi militarrak dira, bat guardia zibila. Esan nahiko du zerbait bikotekidea hil ondoren bere buruaz beste egiten duen erasotzaile askoren militar edo polizia kondizioak ere. Esan nahiko du zerbait europar hizkuntza askotan konkista deitzeak inoren sexu-etekinak lortzeari. Hizkera militarrean, arerioaren lurralde jakin batez jabetzea da konkista: badakigu manaden edo aldra basen konkistek zein duten bentzutu beharreko arerioa, zein den konkistatu beharreko lurraldea.

Munchen oihuan beren tokia dute gerren izuak eta baita sistema militarrak bake-aldietan bazkatutako indarkeria sexistaren umiliazioakere.

Buruaz beste,bizitzaz beste

Munchen koadroko pasealekuan hesi bat ikusten dugu. Ez dakigu hesiaren beste aldean fiordoren bat, ibairen bat, leizeren bat dagoen. Norbait hurbildu da amildegira. Salto egin du. Askotan pentsatu izan dut koadroko pertsonaia ez ote den suizidio baten lekukoa izan, ez ote zaion horregatik atera izuzko orroa. Lanbroek beren sarean bildutako hipotesi bat nire susmoa, baina are lanbro zarratuagoek ezkutatzen duten tabu bat da suizidioa: ez dugu izendatzen, ez da komunikabideetan ageri nahiz errepideek baino hildako gehiago eragin. Isildu nahi dugu haren existentzia, baina Munchen oihuaren baitan kabitzen da, ez soilik suizidio batek hurbilenengan eragiten duen espantua, baita gizartearen hipokrisia ere edo ahulezia, tabuaren zama, izu atabikoen dardara halako errealitate bati bizkarra erakutsiz.

Baina suizidioaren izuzko oihua ere Munchen koadroan dago. Guk ez dugula entzun nahi, horixe gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.