Elena Martinez Rubio.
LAUHAZKA

Etxea ere atze lur

2017ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Argitaratu berri den Elisabeth Freundlich idazle austriarraren gaztelerazko lehen liburuak erbeste politikoa du testuinguru edo atze-oihal. Atze-oihal harira dator, ondo etorri ere, atze hitzak senide edo etxekoak ez direnen herrialde arrotza hartzen baitu barne.

En lugar de una salva de honor (Ohorezko tiro-jasa baten ordez) Freundlichen kontakizunaren gai nagusia, Eki- eta Erdialdeko Europatik Frantziara atzerriratu ziren Erresistentziako kide batzuei gertatutakoak dira. Egileak berak alde egin zuen 1938an, naziengandik iheska. Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan, berriz, garai hartakoak berreskuratu eta argitara ematea erabaki zuen Freundlichek, gizakume anonimoen hamaika bizipen latz gal ez zitezen izenik eta izanik gabeko eremu hutsetan.

Historia letra larriz irudikatzeko itxaropena XX. mendean galdu zenez geroztik, zabalduz joan da letra xeheko istorioak idazteko joera. Halakoetan jende arruntak hartzen du bere gain erantzukizun unibertsala. Zama itzela.

Dena den, Freundlichen idazkerak ez du hedabideetan ezagutzera ematen diren pasadizo bitxiz beteriko zenbait kronikaren antzik. Freundlichen helburua ez da zirrara azkarrak bezain iheskorrak eragitea, berrien gosea ase ondoren nor bere lehengo egoerara itzul dadin. Aitzitik, haren istorioak ezaguera nahiz kontzientzia lantzeko eta garatzeko aukera dira, bai irakurtzen, bai idazten dituenarentzat ere.

Ildo horretatik, aipatu kontakizunak irakurketa anitz dakar berekin. Bertan ikusten da, besteak beste, langileria ikasigabeak nola bilatzen zuen orduan jakintzarako sarbidea, Peter Weissen Erresistentziaren Estetika idazlanaren zentzuan; edo nola bizi ziren faxismoaren kontrako borrokalariak ihesaldi amaigabeari emanak, sarerik gabeko funanbulisten modura, bide-zorroa beti eskuan zutela; ezkerraren asmo askatzailea agertzen da ere, barneko aginte-egitura eta alderdikeriaren arriskuekin batera. Horiek guztiak, azkenik, emakumezko paria batek gorpuzten ditu, hots, tradizioz dagozkion betekizunei uko egin dien Deborah gazteak.

Deborahren patu iluna da, hain zuzen, narrazioaren muina. Izan ere, beregain bizitzen ahalegintzen diren emakumezkoek beren indarrak neurtu behar izaten dituzte gizonezkoekin, berauek haurtzaroan hezikuntzaren bidez jasotako baliabideak eskura izan gabe. Hortaz, Deborah bezalakoek, herrenka hasi ohi dute lasterketa. Zoritxarrez, batzuei gehiegizkoa suertatzen zaie lehia.

Bada, Deborahren noraezeko jokabidea ez zaio soilik zor Erresistentziako beste lagunekin partekatzen duen egoera korapilatsuari, baizik eta munduan bakar-bakarrik dagoen emakume bat izateari ere. Edonola ere, Deborahk epaile zorrotz eta gupidagabe batek bezala jokatzen du, eta zigorrik handiena ematen dio bere buruari borrokaren legea huts egiteagatik.

«Badator gurdi beltza/ zaldiaren ibilera bereziaz/ bakarrik ibiltzeko gai ez bazara/ eramango zaitu gurdiak...», dio Inge Müller poetak Gurdi beltza izeneko olerkian, Berlinen bonbardaketen ostean hilotzak batzen zituen orgaren harira.

Alabaina, Freundlich Deborah gurdizainaren atzaparretatik libratzen saiatu zen, berari omenaldi bat eginez literaturaren bidez, taldekideek bidelaguna izandakoa ahaztu nahiago zuten arren.

Zalantzarik ez, atzea zaila da eta atzerrialdia gogorra; ordea, aitzinak argia behar luke izan... A zer nolako aldea eragin dezaketen euskaraz bi bokal edo kontsonante desberdinek! Freundlich ahal bezain laster itzuli zen Austriara deserritik, noiz eta denak —gerraondoko arazo ekonomikoengatik— kanpora joateko irrikatzen zeudenean. Herrikideek susmagarri iritzi zioten ezohiko erabaki hari (judua gainera!), eta ez zioten, oro har, harrera onik egin. Horrexegatik, En lugar de una salva de honor kritika argia da ere: aro berrian birziklatu direnak gizonak dira gehienbat, berehala ekin diotelako postuak beraien artean banatzeari.

Bartolome Madariagak esana zuenez, «etxia bera, adiskide bagarik, erbestia dala». Freundlichek, hala eta guztiz, emakume nahiko ikusezina —era berean, oso egoskorra— izaten jarraitu zuen, Viena 2001ean sorlekuan hil zen arte, larogeitahamalau urtetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.