Itxaro Borda
LAUHAZKA

Geroko eurotik

2016ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Saran nintzen, goiz hartan. Zeregin berezirik gabe. Kafea hartu nuen Gorka Aulestia jakintsuaren ezagutza ukigarria egin ondoan. Ostatutik atera ginen eta elizaren zeinu itzulian idatziak bat-batean hoztu zituen berotzen zihoazkigun eleak: oren guztiek kolpatzen dute, azkenak jotzen du. Paola Letalbergen Joy Stick nobelaren bukaera aldean kausitzen den latinezko erranaren itzulpena dela badakite gure arteko mintzaira hilen espezialista distiratsuek.

Adiskide berria agurtu eta elizaratu nintzen. Aipatzeak balio du, ez baitzait horrelakorik askotan gertatzen. Begiak zerratu nituen eta haur denborako intsentsu usainaren oroitzapen lizunak bete ninduen. Ezkila hauteman nuen laurdenak mailukatzen. Jende parrasta batez inguratua nintzen. Sakristautik gizon mehe zardaia jalgi zen, larderiaz zimurturiko begitarte xifrituarekin. Apez kankailaren ahotsa sudurretik isurtzen zen, sinetsi ezin: haurrideak, jar zaitezte, egoera larrian gaude, labur eta on ariko natzaizue, duela lau ehun urte hitzen sinonimoak zerrendatzeko plazera neukan arren. Orain ez. Erran dut: egoera larrian gaude.

Futxo, banekien, prediku aulkian konkor eta temaz ari zitzaiguna Axular zela, touché. Pedro de Azpilkueta ospetsua. Salamancatik, etxerako bidean, deabruarekin tratua eginez, Fausto gureak itzala galdu omen zuen. Ez hargatik kemena, kalipua, indarra, energia. Salmoak kantatzeari ekin ziotenean hausnar tzarrean nenbilen: zer ote zuen gaurko egunean haserretzeko Axular handiak? Hobeko zuen, alabaina, hil-hobiaren lasaitasunean geratzea, buru-hausteak eta gaizki ikusia izatearen arriskuak ekidinez.

Aries zitekeen. Pataska gogoko zukeen.

Kantuak baretu ziren. Kopetak apaldu. Ahoak bete hortz gelditu, elizara hurbilduak oro. Axularrek Jainkoa zuen partida. Ez zuela ulertzen zioen. Berak ez baldin bazuen konprenitzen, Maimonida eta Al-Kutubia teologoekin ikasi zuenaren espiritua ilun baldin bazegoen, egoerak ez zuen atera biderik. Zinez.

Zergatik nekatu?

Jainkoa saltsa guztietan sartzen zela ohartzeak sutan jartzen zuen Sarako izarra. Jainkoaren izenean erailtzen ziren saldoak munduan zehar eta Jainkoa ikur, balizko fededunen etengabeko itsuskeriak zilegitzen zituzten edozein erlijiotako aiatola entzutetsuek.

—Asea naiz, gehitu zuen kolera gorrian, kokoteraino nago, gingilak kilikatzen dizkidazue, eta ez dut irri egiteko gutizia izpirik.

Axularrek, hitzak, harriak bailiran, aurtikitzen zituen fededun izutuen aurpegietara. Ez ziren horrela usatuak: bekatu txepela egin, barkamendu galdatu, kontrizionezko akta marmaratu eta kontuak ahanzten zituzten. Baina aldion ezberdina zen: Sarako ingumak Jainkoa zuen auzitaratzen. Pentsamenduaren haria orratzaren zuloan kabitzea ez zen erraza: zergatik sortu zen jainkoaren kontzeptua? Soilik jendeak malerus, zoritxarreko eta beraien kontzientziekin gaizkile plantan jarduteko? Bortizkeria guztien legitimizatzeko, izan apezpiku (Baionako), jihadista (Molenbeekeko) edo zorri-hiltzaile (Kukutegiko)...

Tua zerion ezpain izkinetatik: uste nuen, eransten zuen, jainko garratzaren itxura atzendua zela, fedearen beste dimentsio batean garatzen zirela elizatiarren urratsak, edonork nahi zuena sinetsi zezakeela nahi zuen moldean eta bizitzek libertate apurraren xendrak eskubide zituztela. Ederki engainatzen nintzen. Alderantziz baitzen. Alderantziztegiko alderantziz, nerrake.

Axular bermatu zen. Hatsanka zebilen. Erakunde terrorista eraginkorrik atzemango balu, zartagailuak pausatzera abiatzeko gertu zegoela iruditu zitzaidan. Irain eta birao baizik ez zen. Izerdia perlatzen nabaritzen nuen nik ere mateletan behera:

—Ez diet barkatuko, ez han, ez hemen. Gaurdanik, haurride durduzatu maiteok, haren zereginaren suntsitzea da jainkoarekin egitekoa dugun hoberena. Dezagun ehortzi ostiralean zortzi. Hik eta nik bestela hondatuko dugu Titanic. Jainkorik ez, nagusirik ez, Aroztegia Eurokeria...

Ametsaren zurrunbilotik iratzar arazi ninduen ezezagun batek, ongi nintzenez galdatu zidanean. Axularrek, ohikoak zitzaizkidan lemak errepikatzen zituen eta ezin zitekeen: zure aiduru daude...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.