Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Diru tolestua

2016ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Antzeko funtzionamendua dute gaur egun diruak eta irudiak. Balioaren errepresentazio forma desberdinak izanik, biak ere konbentzio eta sistemen itzulpen soil bailiran maneiatzen ditugu. Kapitalismoaren aroak erlazio estandarizatuak ezarri ditu, moneta-ekonomia eta irudiaren arautzearen bitartez. Diru fisikoa desagertzera doanean, diruaren informazioak hartu du bere lekua, erlazio horien sinbolo eta ordezko bilakatuz.

Mundu materialarekiko desioak gidatzen gaitu oraindik ere. Malenkonia horren ahuleziak jabekeriazko obsesioaren bidetik garamatza sarri (artea eta bestelako gauzak kolekzionatzeko grina, edota urrearen sukarra), kutsu idealista ere izan dezake beste batzuetan, eremu fisikoarekiko bitartekorik gabeko harreman ez-fetitxista baten bertuteak aldarrikatuz, mundu aurrezientifiko edota ez-teknologiko bateranzko itzulera operazioan.

Eztabaida makroekonomikoen ondoan hutsala dirudi banku-oharren informazioaren inportantziak, artistaren joko poetikoak, edota sorkuntza plastikoak. Era berean dirudi didaktikoegia, gaur eguneko irudien azterketak hartu ohi duen konplexutasunaren ondoan. Objektuek garaiarekiko izan duten potentzia geroztiko berrikuspenean erabat aldatzen den bezalatsu.

Han eta hemen Estatuaren interesekiko arrotz eta susmopeko bilakatu izan dira praktika artistikoak, «birmoldatu» beharreko jardun, edota ohiko diskurtsora egokitu beharreko, horrenbestez. Subsidio eta babes neurriak moztuz doazen heinean, gutxieneko proportzioetara mugatuko da horrela artearen biziraupen ekonomia, erakunde publikoen menpe. Murrizketa hauek eta gaur egungo artearen txepeltzeak kapital sinbolikoaren gero eta zentzu patrimonialista batera garamatzate, teknologiaren aurrerapenen kontrako efektuz. Eta ekonomiaren lausotze orokorrean, fisikotasunarekiko grina berrindartuta ageri zaigu, nolabait.

Egin da azkenaldian ondare eta jabetza nozioaren mugak zabaltzeko hainbat saiakera. Esaterako ondarearen betebeharra nazio errepresentaziotik banatzea, kategoria malguago batean jarriz kapital sinbolikoa, migraziozko kultur formak ontzat emanez, eta abar, maila berean kokatuz balio ez-materialak, soinuzko eta bestelako kultur produktuak. Alabaina, badirudi alderantzizko norabidean doala egungo gobernuen ekimena europar herrialdeetan, nazio-kultura eta berau goraipatzen duten materialen arteko lotura zuzena sendotzen duten politikak sustatuz, edota beste modu batean esanda, ondarea ere kudeaketa eta propagandarako merkantzia gisa baliatuz.

Halako bilakaera ez da beharbada harritzekoa, ekonomia eta salerosketa izaera bere muinean dituen mendebaldeko proiektu politiko eta kulturalean (inbertsioa = etekina). Izan ere, tradizio historiko horretatik harago, azpimarragarria da azken hamarkadotan eman den arte bildumagile zaletasuna. Beharrizan kultural zabalago baten nahiaren sintomatzat har daiteke, agian: balioa eta materiaren artean lerro zuzenago bat eraikitzearen premia, agian. Hor, artearen merkatua ez ezik, higiezinak, lursail jabetzak, bitxiak, eta bestelako bildumagarriak ere har ditzakegu kontutan. Garapen neoliberalaren lurruntze joerarekiko kontrastearen egungo gizartearen norabidea aberastasun materialaren bidetik doala dirudi.

Krisi finantzieroak eragindako baldintzek zuzenean ukitzen dute ondare historiko eta artistikoa. Modernitatean zehar, unean uneko boladan diruaren zirkulazioaren gainean sortutako forma artistikoak, gerora interpretazio estetiko formalaren bidez xehatzen saiatzen gara oraindik, maila batean anakronikoa izan daitekeen hurbilketan, forma horiek moneta balioaren objektu-errepresentazio bezala sailkatuak izan daitezkeelako gaur eguneko hizkuntzan.

Hainbatetan lanaren (artelanaren) irudiak, eta honek errepresentatzen duenak, lana beraren materialtasuna, diziplina eta teknikak gainditu egiten ditu, lanak baino lanaren balioak ordezkatuz lana beraren berezitasuna. Balioaren adierazle bilakatzeko, jatorrizko materialtasuna atzean laga eta balio immaterialaren funtsaz mantenduko da lana bizirik, material eta informazioren arteko transakzio soil bilakatuz.

Bizimodu oparoaren erreinua aldentzen ari delarik (lehengai amaigabeen agortzea, esaterako), amaitu dira etorkizuneko bizitza aukera anitzen errepertorio gisa irudikatzen ziguten irudikariak. Iritsiko ez den etorkizunak geldotu egiten du oraina. Horrela imajinatzen zuen Jorge Luis Borgesek urrunean ezinezkoaren errepertorioa Zahir izeneko ipuinean, diruaren irudikapenen gorpuztua: Abstraktua da dirua, etorkizunean kokatutako denbora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.