Maite Larburu.
LAUHAZKA

Joni Mitchell (I)

2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Art is short for artificial», dio zigarroa zigarroaren atzetik erretzen duen bitartean. Arte hitza artifizial hitzetik dator. Etxeko egongelan dago eseririk 70 urte betetzear dituen emakume hau; zein ederra den! Gelako hormak haren eskuek pintaturiko koadroz estalirik daude, eta argi laranja nekatu batek espazioa kaxatxo baten barruan biltzen du. Joni Mitchellen etxean beti arratsa edota egunsentia dela sinetsita nago. Haren kantu batek dio «biktoria txiki bat, hori besterik ez da behar duena»; zenbat biktoria txiki Mitchellen kantuetan... garaipen txikiak, entzuten dituenarentzat. Joni, artea artifizialetik datorrela diozu, adimenak sortua dela; eta Van Gogh-ek zerua oso urdin pintatzen bazuen, ez zela errealitatea hala zelako, baizik eta zeru urdinegi horrek ikuslearen bizipen emozionala sakonduko zuelako; «gezur bat esaten du artistak, egia ikusgarriago egin dadin». Ia bi orduko iraupena duen elkarrizketa hau (2015) entzuten dudan bigarren aldia da, trenean, Pariserako bidean. Leihoaren bestaldean, txori hegalari bat, txori hegalariaren papera betez. Biktoria txiki bat, hori besterik ez da behar duena: txoria niretzat hegan ari dela sinestea.

Efecto Mitchellek harrapatu nau.

Artista hori berezia dela esan beharrik ez dago. David Crosby eta Graham Nashen hitzetan, jenio musikal bat da. «Gu guztion artean, ziurrenik Joni da bikainena; izan den eta bizi den kantautorerik hoberena». Crosby, Stills, Nash eta Youngek ederki ezagutzen dute Joni, gainera. Haiekhain famatu egin zuten kantua,Woodstock, Mitchellek idatzia da. «Woodstockera jotzera ezin izan nintzen joan, festibala amaitu eta hurrengo egunean Dick Cavetten telebista saioan agertu behar bainuen. Nire agenteak erabaki zuen saiora iristeko arazoak izan baino hobe zela Woodstockera ez joatea, eta etxetik, urrunetik idatzi nuen kantua. Woodstockera joan nahi eta ezin duen gazte horietako bat izan nintzen. Joan banintz, banbalinetako beste egomaniakoen artean galduta, ziurrenik ez nuen halako sentimendu idealik izango festibalarekiko». Horrela hitz egiten du Jonik, argi eta garbi. Ez duela artista batzuen umilezia artifiziala maite. Nahiago omen du benetako harroputz bat.

Musika eta hitzak idazteaz gain, eta erabateko orijinaltasunez gainera, pintorea ere bada. Joniren hitz propioetan, «I am first a painter (Pintorea naiz lehendabizi). Haurra nintzela, eskolan, ikasle ertaina nintzen, juxtu-juxtu azterketa gainditzen duenetakoa. Gure irakasleak, bigarren mailan, lau taldetan banatu gintuen: nota altuenak ateratzen zituztenak, hurrengoak, ertainak (ni) eta azterketak gainditzen ez zituztenak. Talde bakoitzari izen bat eman zion: hauek miruak dira, besteak txantxangorriak... eta abar. Azaldu zigun miruak izango zirela gizartean urrun iritsiko zirenak. Nik, ordea, miruen artean irudimenik gabeko haur multzoa besterik ez nuen ikusten. Txantxangorriek miruak izan nahi zuten. Haiek ere oso gutxi interesatzen ninduten. Eta besteok... galtzaileak ginenez, galtzera nindoala jakinda, ez nuen gehiago arretarik jarri eskolan. Pintatzeari ekin nion. Pianoa ere ikasi nuen jotzen». Unibertsitatean, gurasoei kontra eginez, arte eskolan eman zuen izena. Birjintasuna galtzearekin batera, haurdun geratu zen. 60ko hamarkadaren amaiera zen, eta halakorik gertatuta familia lotsak itoko zuela eta, eskola utzi, haurra sekretuki adopzioan entregatu eta diru pittin bat irabazteko han eta hemen folk kantari bezala hasi zen lanean. Zailtasun ugari sufritu, eta kantatzeari serioago ekin zion; 70eko hamarkadan, ia urtero kaleratu zuen album bat. Garai hartan fama hartu zuela eta, izar bat izatera iritsi zenean, hura guztia nola bizi izan zuen galdetzen diotenean, hauxe erantzuna: «Gorroto nuen hura, haurra nintzenetik gorrotatu izan dut fama; gizarte honen gaixotasunaren arrastoa besterik ez da. Izen bat inguratzen duen gaizki-ulertu multzoa. Jendeak ia dena gaizki interpretatzen du; norbaitek zerbait ongi ulertzen duenean, pozez zoratzen naiz». Columbia Britainiarreko natura basatian hartu zuen babesa orduz geroztik. Blue album mitikoko River kantuan dio: «Ibai bat edukiko banu, ibai luze bat, nire oinei haren gainean hegan egiten erakutsiko nieke, ibai bat izango banu, ihesi patinatuko nuke haren gainean...». Eta hegan hitza, fly kantatzen duenean, Joni Mitchellen ahots gazte distiratsua, mangoa, tukana, tximista tropikala, gora, gora, gora abiatzen da... eta nire oinek ere, hari entzunda, lurra atzean uzten dute, aldi bakoitz-bakoitzean. Hegan eramaten nauzu, Joni. Biktoria txiki bat diozu? Txikia izanagatik, artikulu bakarrean ez da kabitzen. Datorren hilekoan, Joni gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.