Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Eskaneoa

2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Sailkapen bihurriko gauza da eskaneoa. Aurpegi desberdinak ditu, euskarri fisikoa da batetik, artxibo digitala bestetik, irakurle batetik besteengana zabalduz doa, objektu ekonomiaren eta informazio ekonomiaren artean dabil. Kalitateari dagokionez, galera du eskaneoak, ez da eta jatorrizko liburuaren orria bezain garbia ez eta liburu elektronikoa bezain arina ere.

Teknikoki, objektu fisikoaren irudikapen digitala eraikitzen dugu eskaneatzerakoan, liburua kopiatzen dugunean, kasurako. Gero, errepresentazio horren errepresentazioa (irudia) gailu digitalean txertatzen da, eta mamu gisa finkatuko da, mundu analogikoaren isla mundu birtualean. Argi-izpi, informazio eta elektrizitatez sortutako dokumentua ez da ordea objektu fisikoa irudikatzen duen errepresentazioa soilik. Geruza gehiago ditu erantsiak eskaneoak: jasotako irakurketen trazak, edota eskaneatze ekintza beraren zantzuak.

Gertakizun zerrenda etengabea bereganatzen du liburuak denboran, irakurketa desberdinak eta bestelako eraginak jasotzen dituen heinean: zimurrak paperean, tolestutako ertzak, azpimarrak, albo-oharrak, ezabatzeak, kolpeak, higadura, kode sekretuak, kafe orbanak, sinadurak, zigiluak, malko-aztarnak eta abar. Irakurlea eta testuaren arteko intimitatean orriaren markak pilatuz doaz, eta balizko eskuizkribu eraldatua iradokitzen digu etorkizun urrunean, izan ere, geruza berrien pilaketak jatorrizko testuaren kontakizuna gainditu dezake noizbait, forman eta esanahian.

Irakurketaren jarduna gehigarria den bitartean, ekintza singularra da eskaneoa. Beirazko xaflaren kontra sakatzen ditugu orriak; enkoadernazioa behartuz, joskerak hausteraino maiz. Motor bidez aktibatutako kamera biziak leunki orraztuko du orrialdearen azalera azpitaldetik. Eskaneatzailearen nahi gabeko mugimenduak kaltetu egin dezake irudia, letrak okertuz, zenbaitetan behatza agertuko zaigu irudiaren esparruan. Behin eskaneatuta post-produkzioa dator. Softwareak irudia doituko du, kontrastea zuzendu, alferrikako aldeak moztu, letrak zehatzagotu eta abar. Irakurtze eta eskaneatze kutsadura automatikoki itxuratuko du programak, liburu aratzaren ikuspegia iradokiz, forma kultural platonikora bueltatuz.

Zerbait partekatzen dugunean —zerbait plazaratzen dugunean— espazio publikoa eratzen ari omen gara, baina espazio hau ez da bera edonorentzat edota edozein baldintzatan. Jendez gainezka den aretoan musika jotzen denean, edota, besterik gabe, jendeak gela bat betetzen duenean, publikotasunen bat badela esan genezake. Bestalde, kapitalismoa bera gauzak publiko bihurtzeko mekanismo erraldoia da, materialak, erabiltzaileak eta jakintza bereganatu eta logika ekoizlearen zerbitzura jartzen dituenean.

Beste modu batean, liburutegi ibiltariak, edota irakurle taldeek liburu edota jakintza materialeko forma anitzen erabilgarritasunean eraikitzen dute espazio publikoa. Dendan saldutako liburuek ere sortzen dute publiko mota partikularra, diferentea liburu berauek estraperloan baliatzetik sortuko litzatekeen ereduaren ondoan, esate baterako.

Izaera publikoa ez da eta soilik kapitalismoaren ustiapenari ihes egiten dion afera, edota dirurik gastatu gabe antolatutako egoera. Lege zaharreko definizioek ez digute laguntzen artxibo digitalen partekatzeak sortutako baldintza berriak imajinatzen, eta berauen ahalmen jatorrizkoak sostengatuz sarearen erabilerak garatzen. Datu zirkulazio etengabeak sortutako eremu berriak ere espazio publikoa osatzen baitute.

Kopiatutako liburuaren eskaneoa erabiltzaile desberdinen artean migratuz doa, inprobisazio egoeran eta banaketa sistema aldakorrean. Birusa balitz bezala, pantailatik pantailara hedatzen doa. Jendartea zeharkatzen duen heinean, bizirik da bitarteko espazio komuna. Kutsakorra ere izan daiteke tarte hori; bere adierazpenean izaera komuna erdietsiz doan publikotasun isila, alegia.

Gauzaren irudia da eskaneoa eta, horrenbestez, desberdina gauza berarekiko (digitala da, ez-fisikoa, eta irakurtzearen zein eskaneatzearen zantzuak ditu erantsiak), aldiz, esportatzen den artxiboaren kopia artxiboaren beraren berdina izango da hortik aurrera.

Eskaneatzea eta fotokopia egitea antzeko ekintzak dira, pareko teknologia dute. Fotokopiak bezala eskaneatutako hainbat dokumentu liburutegiko liburuetatik dira sortuak, zigilu edota itsasgarriz bereiziak. Dokumentu gisa modu digitalean zirkulatzen badu ere, jatorrizko objektuan dirau errotuta eskaneoak eta, horregatik, ez da inoiz izango erabat autonomoa. Oinarrizko zentzu honetan, eskaneoa geldoa da eta finkatua geratzen da denboran, enfokatu beharrekoa zer den erabakitzea eskatzen digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.