Maite Larburu.
LAUHAZKA

Printze urdin oso iluna

2016ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Carlo Gesualdo (Italia, 1566-1613) Mozart bezain ezaguna izan ez den arren, musikaren historian azpimarragarria den konpositorea izan zen. Haren musika pieza polifonikoek sekulako edertasun arraroa eta berrikuntza ekarri zituzten.

Bizi izan zuen Errenazimentu garaian ere, ospea ez zion eginiko konpositore lanak ekarri, haren bizitza eta heriotza inguratu zuten misterioek baizik.

Werner Herzog filmegile alemaniarrak film-dokumental bat egina du gizon horren inguruan (Gesualdo: heriotza bost ahotsetarako, 1995), eta ez da harritzekoa; Gesualdok morbo eta kuriositate itzela pizten ditu. Venosako printze eta Conzako kondea ere bazen gizonak, 1590eko urriaren 17an, emaztea eta maitalea ohean harrapatuko zituen susmoarekin, bat-batean etxean agertu, eta era bortitzean erail eta laurdendu zituen. Haien gorputz atalak logelan han eta hemen barreiatuta geratu ziren arren, garai hartako akta batek dio Gesualdo pare bat aldiz bueltatu zela krimenaren gertalekura, bi maitaleak oraindik ere bizirik ote zeuden egiaztatzera. Kargu guztietatik libre irten zen (garai hartan familia aristokratiko eta elizkoi baten baitan jaiotzea ez zen edozer!), eta, Napolesko erregeordeak hala aholkatuta, Napolesetik joan egin zen, batez ere, eraildakoen familiartekoen mendekuari ihes egin nahian.

Napoles utzi zuenetik, Gesualdo, izen bera duen herriko gotorlekuan bizi izan zen gizartetik aldenduta, jendeak deabru eta gaizkiletzat hartzen baitzuen. Berriro ere ezkondu zen, hala ere, eta bi seme ere izan zituen, bata ezkontza haren ondorio, gainera. Baina bakerik ez zen Gesualdoren inguruan: emazteak, tratu txarrak eta fideltasunik eza salatu, eta ospa egin zuen; bi semeak, hil egin zitzaizkion handik gutxira: lehendabizikoa itota (heriotza hura ere Gesualdori egotzi zitzaion); eta bigarrena 1600 inguruan hil zenenean, Gesualdo lur jota geratu zen. Heriotza haiek guztiak Jainkoaren zigorra zirela sinetsita, sadomasokismoan eta penitentzia sesioetan murgildurik bizi izan zen Carlo, zerbitzari gazte eta hark konposaturiko musika besterik interpretatzen ez zuten musikariez inguratuta.

Hilik ere halaxe aurkitu zuten, deabrua urruntzeko burutzen zituen sesio haietako baten ondoren, erabat biluzik. Iturri batzuek diote heriotza hura suizidioa izan zela; beste btazuek, ordea,flagelazioa praktikara eramaten laguntzen zion gazte haietako batek akabatu zuela Gesualdo.

Auskalo. Asko dira Gesualdoren inguruan konta litezkeen txutxu-mutxu lizunak.

Datu makabro horiez guztiez haratago, edota gertakizun horien guztien ondorio, Gesualdoren musika ikaragarri bitxia da; eta garai hartan modu horretan idatzi izana, txundigarria! Burutik erabat pitzatuta zegoen norbait izateko, sortu zuen musika ofizio eta arreta handiz idatzirikoa da; eta erabat berritzailea. Entzuten denean, badirudi beste planeta batetako biztanle batek irudikatutako musika entzuten ari zarela. Teorikoen hitzetan, Wagnerrera jo beharko genuke, Erromantizismora, Gesualdoren harmoniaren erabileraren hurrengo oinordekoraino iristeko. Bataren eta bestearen artean 300 urteko aldea dago! Bitarte horretan guztian, barrokoa eta klasizismoa gertatu ziren musikaren historian: gaur egungo ekialdeko musika oraindik gobernatzen duen sistema harmoniko-tonala eratu ziren garaiak, izan ere. Eraketa horren lehendabiziko urratsak Errenazimentu garaian egin ziren; baina Gesualdok horren guztiaren gainetik hegan egin zuen...

Nola eman zuen Gesualdok 300 urteko saltoa musikaren historian, bakar-bakarrik?

Eromenaren ondorioz?

Gesualdok halako ekintza odoltsuak burutu eta bizi izan ez balitu, haren musika gogoan izango ote genukeen galdetzen diot neure buruari. Baina buelta ere eman diezaioket horri: haren musika hain harrigarria izan ez balitz, gogoeta ilun horiek guztiak ahazturik ote genituzke?

Aldous Huxley eta Stravinski Gesualdoren fan ikaragarriak izan ziren. Ez dira edonolako bi tipo, horiek.

Sei madrigal liburu utzi zituen idatzita, eta hiru liburu pieza sakro; beste guztiak galdu egin dira. Musika bokala, kantatzekoa, beraz. Azken bi madrigal liburuak autobiografikoak omen dira. Eta badakigu Gesualdoren arima zeharkatzen zuten emozioak ez zirela edonolakoak...

Nik, denbora hartu eta Gesualdoren musika entzuteko esango nizuke.

Morte, amor, sorte, vita... hitzak zein koloretako harmoniarekin janzten dituen erreparatzeko.

Lehendabiziko aldiz entzun nuenean, lekuz kanpo geratu nintzen. Eta behin, bitan, hirutan, mila aldiz entzun nuen, jarraian.

Begira zer esaten duen s'io non miro non moro madrigalean (ez badut begiratzen ez naiz hiltzen):

...bizitzeak ez du bizi zarenik esan nahi

ezta hiltzeak hilik zaudenik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.