Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Transmisioa

2015eko urriaren 18a
00:00
Entzun
Behinola edonork zuen hilezkortasunerako bidea. Jainkoarekiko fedeak betiereko bizitza ekar zezakeen hil ondorenean. Gero, burgesiaren goratzearekin, bigarren mailara gutxietsia izan zen jainkotasuna, bankero eta espekulatzaile finantzieroen atzetik. Diru-erlijio kapitalista bihurtuko zen jarraibide berria. Klase aberatsen nagusitzea aurretiaz gertatu zen, italiar Errenazimentuan edo. Orduan asmatu zuen burgesiak bere prototipo eraldatzailea, boterea eta handitasuna goratzeko: artista. Erromako gladiatoreen antzera, jainko tradizionala akabatzeko izan zen sortua artistaren figura.

Baina, zientziaren garaitzaz lagundutako jainkoaren halabeharrezko erredukzioz, betiereko bizitzarako etorbidea itxi du klase ertainak. Erdeinatu egin da zeruko erreinua, burgesiaren pribilegio bilakatu delarik hilezkortasuna, erretratu, eraikuntza gaineko oroigarri, oinordetza korporatibo, esponsorizazio eta abarrekoen bidez. Enkarguzko pintura-erretratuaren bidez betiereko bilakatuko da aberats jendea. Behartsua ez da salbatuko heriotzatik, asmo doilorreko burgesiak ebatsi dio haren esperantza.

Alabaina, artista bera ere hilezkortasunaren bidean jarriko da maisulanen sortzearen ahaleginean, Lurreko Jainko izan nahiaren lilurak itsututa. Jeinua eta agintaria, bat datoz. Biztanleria eta baliabideen kontrol erabatekoa, zientzia, teknologia eta azpiegitura bidezko transformazioz areagotutako suntsiketa, azelerazio traumatikoa. Baina elite goratuaren motibazio obsesiboa da hondamendiaren narrazioa bereganatzea. Horrela, burgesiaren zuritzaile gisa diseinatu den artistaren eginkizuna funtsezkoa izango da operazio osoan, berari dagokio eta kapitalismoaren shock doktrinaren mezua transmititzea.

Ikuspegi honen arabera, kapitalismoak birsortutako asmakizun askotariko bat baino ez litzateke gaur egungo artista. Enkarguzko konstrukzioa, bonba atomikoa bezalaxe. Michelin jatetxe, business class eta botila garestiak dastatzeaz harago, munduaren akabera sinesgarri egiten duen sistemaren mandataria. Horregatik, apokalipsi mehatxuak aldiro forma desberdinak hartuko ditu, iraunkorra izan dadin. Euri azidoa, 2000. urte etorrerako histeria kolektiboa, listor asiarra, Ebola birusa, istripu nuklearrak, berotegi efektua: etsai eta desioak fabrikatu ez ezik, gizakia bere suntsiketaraino mehatxatzen duen krisi motelarazlea eskatzen du kapitalismoak. Apokalipsiaren ideia nartzisista, galbidearen beldurrean dago oinarrituta, eta gizakia bezain zaharra da.

Drogak bezalatsu dira artelanak, errealitate zantarra eta mundu perfektuago baten arteko transmisio tresna. Beste aldearekin komunikatzeko medium gisa darabiltzagu. Desiragarri ez den egunerokoarekiko ihesbide, edota goi argira iristeko saiakera. Edonork du denaren eta izan nahiko lukeenaren arteko medium motaren bat. Teknofiloak ordenagailua du, musikariak musika, pintoreak pintura baliatzen du, eta drogazaleak droga.

Marxek ez zuen aurreikusi kapitalismo modernoak eragindako alienazioaren zorabio maila. Zorabio hau, instituzionalki baimendutako drogaren kontsumoaz da soilik jasangarri —izan legezko edo ilegal—, gizartearen maila guztietan. Errebeldiazko droga kultura, gobernu zein industriaren politika inperialaren beharren arabera da tolestua egun, bere produkzioan. Izan ere, erabiltzaileak bere burua ahaldun, berezi eta sexy sentiarazteko trikimailua besterik ez zen Estatuaren droga debekua.

Oraindik ere, artista subjektibotasunaren elementu oinarrizkoa dira drogak, ilegaltasunak eta fikzioak ematen dion kutsu misteriotsu, sekretu, arraro, macho eta indibidualistak goratuko du egilearen aura. Baina legezko farmakoen berrikuntzak ohiko zikloa aldarazi du. Lege zaharreko drogak ez dira premiazko, medikuek gaixo xaloari izen ezezaguneko errezeta berriak ezartzen dizkion heinean. «Mugak gurutzatzeko» ziren droga klasikoak. Droga postmodernoak, ordea, okerreko jokabideak, pertsonalitate trastornoak, onera ekartzeko asmatu dira. Eskarmentuzko dosiak, erabiltzaileak gizarte portaera normatiboan kokatzera zuzenduak. Sozialki preskribatutako bizitza estiloak hiritar arrunt bilakatu du artista.

Kapitalismoaren ekonomia eta negozio ereduak adikzioa du oinarri. Auto modelo berriak, janzkera estilo berriak, soinu berriak, film berriak, telefono adimentsuak, sukalde egokituak eta abar. Kontsumo gaiekiko dependentzia eta larritasun behartuaren ertz bat baino ez dira droga bigunak. Artista jada ez da beharrezko eragiketa kontrolatuan. Kitzikapen amaigabearen desirak distrakzio konstantera garamatza, sare monolitikoarekiko gorazarre zalantzarik gabeak bateratzen gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.