Itxaro Borda
LAUHAZKA

Txankleta hondartzan

2016ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Neguko igande lainotsu batez, euskal literaturak kokagune gisa hain maite duen Vieux Boucauko aintziraren inguruan nenbilen hausnarrean. Honetaz eta hartaz. Baldeaz eta debaldeaz. Muntaz eta desmuntaz. Arrangura dorpeek lehertzen ninduten Paola Letalbergen Joy Stick liburu lodikotean itotzen hasi nintzenez geroztik. Une hartan nerauk nekusan Landetako hondartzara uhinek bulkatu txankleta bakun berdina aipatzen zuen idazleak, luze eta zabal. Literaturaren eta errealitatearen ezkontzak erabat txunditzen ninduen. Poztu ere nintzen nolabait, sosegatu, baketu. Ez nion ordea nire barne-balioari etekin baikorrik iradoki. Hori, zegoeneko, zaila zitekeen.

Europako bost izar horailez ttakatu aztal azpia eta behatz artean ile gozoz azpatu lotailua zeukan urdin koloreko txankletak. Idazlearen duda pairatu nuen: surfari batek ezkerreko korrontetik jazarri ur oldean erantzi oinetakoa zen ala Senegaleko lehorretik, eman dezagun,fortunazko ontzi amilduren batean sartu kide txiro baina ausart batena? Senegal nioen, marmar, Atlantikoko uholdeak itsasoak irentsiak oro Bizkaiko Golkora bultzatzen zituelako. Duela gutxi, Bilbora desbideratu aurretik, aski zen begiztatzea zein nolako eratorria marraztu zuen Panamar bandera peko Modern Express zamaketari astunak.

Txankletari begira geratu nintzaion. Alferkeria hutsez naski. Kuzkurtu nintzen, belaunikatu hots, ipar okituaren eta hego pikarraituaren harremanaren ikurra zirudien zapatatxoaren parean. Jon Arretxeren Mamadou Touré detektibe-sendatzaileari deitzekotan egon nintzen: hark deseginen zituen bizitzak, errealitateak eta uste komunak txirikordaturiko korapiloak. Agudo. Bi grigria, lau otoitz beltz eta Ali Farkaren gitarra nota zilar andana bat, Niafunketik zuzenean. Txankleta ihesi joan zitzaion emakumea edo gizona irudikatzen hasi nintzen eta nonbait nabaritu nuen pertsona hura jadanik gurutzatua nuela Santizpirituko karriketan. Gurutzatua eta solastatua bistan dena.

Ezagutzen ez ditudan lekuez ari naiz. Bara-bara. Nazioarteko turismo gida-liburua osatzen ari banintza bezala. Badakit barka ezina naizela. Txankletaren umiltasunak hargatik urtu ninduen, erabat ezabatu eta bat batean Etiopiako lur-urrakoan doi-doia bermatzen zihoan Luzia australopitekoa nintzen, sumendien mehatxupean belarrez eta txori haragiz aserik bizirauten saiatzen zena. Permiar aroko zazpigarren suntsiketa boladak ekarri zuen hormatze garaiak Isturitzeko harpeetan kausitu ninduen, neandertal ameslari trakets eta gaurko klima aldaketaren atarian egiaren eta egiantzaren urmelean igerika nabil, (beraien) egiaren lehentasuna aldarrikatzen dutenen harkaitzetan haustear. Betidaniko emigranteak gara. Egundainokoak. Lesbosko plaia hertsian zenduriko Aylan Kurdi gaizoaren sendi globalekoak. Jendetasunaren geneetan datza altxatu eta ibiltzea bezain mugimendua egitean txankleta, bizitzarekin batera, galtzea.

Etxetik lan-bila sekula abiatu ez denak bota biezagu harria…

Dagoeneko miresten dudan Paola Letalbergek, bere buruaz beste egin zuen Stefan Zweig austriarraren ildotik dio izkiriatzaileak noizbait, behar diola fikzioan murgiltzeari uko egin, errealitatearekin tematzeko, adarkatzeko, zitzikatua hondoratzeko: utzi ditzala patetikoak baino ez diren Lantainako alabaren auhenak eta CAC40 indizea hantzen doazen aberats-ondoei edo iparraldeko Herrien Arteko Lankidetza Erakunde Publikoa, berantetsia, sakrifizio galantak eginez, martxan jartzen dabiltzan happy few apurrei interesatu dadila. Plazaratu ditzala halaber, alderantziz, nahieran, Baztango bihotzeko Lekarozko bazter batean eraikitzea xede den, Nafarroako Gobernuak baiezkoa emanik gainera, urbanizatze, hotel eta golf zelaiaren Aroztegia proiektuaren nondik norakoak…

Errealitatearen seduzitze indarra salatzen dute oharrez ohar, beraien egia sutsuki defendatzea hobesten duten pentsa maisu morbidoek. Zer da txankleta abandonatu baten balizko tragediaren funtsa Vieux Boucauko hondartza desertatuan? Paola Letalbergek dio: Begiak zerratzean ikusten duzuna da hitzez zurkaizturiko zure xendra.

Zalantzarik ez. Anakin ere zahartu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.