LAHUAZKA

Durasen eskamak

BERRIA.
Itxaro Borda
2016ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Kirolaren aitzakian gerra irudiak hedatzen zaizkigu pantailetan: Europako futbol txapelketa nazionalismoentzat plazarik egokiena dela ematen du eta ondorioz karrikak suhartzen dira, behiala munduko zenbait herrialdetan gosearen oldartzeek sortu itxurak oroitu araziz. Baina larrialdi egoeraren karietara biderkatu polizia dispositiboaren eta talde etsaiaren sustengatzaileen aurka pataskatzen direnak ez dira, ez, gose, are gutxiago egarri. Alderantziz, bargoen pare, gangarreraino aseriko gizon eta mutikoak ditugu jarraitzen ke arteko ihesetan. Kirola sozietatearen miraila zehatza da eta bertan dagoen biolentziak bizitzaren zirrikitu guztiak tapatzen ditu. Lurra, laster, niri hainbeste gustatzen zaidan Anselm Kieferen margo zabal baten antzera ernatuko da, hauts eta errauts, beltz zoharrera iritsi ezin.

Orlandoko Pulse dantza-lekuko sarraskiaren biharamunean, ez dakit zergatik, Marguerite Duras begimendu nuen idazteaz solasean aspaldiko INAko dokumentalean. Ukitu ninduen eta arrats hartan, emaztearen ahots lakarrak, sehaska kanta gisa, loeria malgura eraman ninduen: bakartasunean baizik ez daiteke idatz, bakartasunik latzenean alabaina. Eransten zuen liburu bakoitzak bere baitan huts bat edo inperfekzio bat zekarrela eta horrek zuela funtsean liburuaren balioa egiten. Bukatzen zuen erranez gaurko hamarkadetan —laurogeita hamarrekotik ari zen- sobera liburu leun plazaratzen zela botere erreal, faktiko eta sinbolikoei, atsegingarri suertatzea amets. Durasen obrak, Bachmann eta Celanen poesien moduan, Anselm Kieferen taula apokaliptikoetan kabitzen ahal litezke: hitzaren indar ahula eta vice-versa.

Rainbow Flag ederraren pleguetan selfie bat egin nuen Baionako udaletxearen maldan Orlandoko masakrea salatzeko manifestaldia bukatzean. Jende multzo bat ginen homofobia urrina zerion krimena gaitzesteko. Isiltasun minutu bat egin genuen eta isiltasun horretan hazi zitzaidan Durasen Détruire dit-elle eleberriaren berriz irakurtzeko gutizia, egoera bezain larria, bistan dena. Aldi hartan loak ez ninduen gatibatu eta eguna altxatzen miretsi nuen geltokiaren gaineko sasietan. Egia, bazterrak, jendeen buruak eta bihotzak, El Khomri legearekin egunen eta bizitzen antolaketak erabat suntsitzeko desio totalitario bat nabaritzen dela eta zorigaitzez hau ez da fikzioa. ARTE kateanikusi nuen ongi sorturiko emazte gazte bat —Emmanuelle Duez…- hatsa hartzeko betarik gabe, prediku neoliberala pozoitsua destilatzen: ohituretan, erritmo hipnotikoetan erroturiko langile dorpeok apatia likitsetik ateratzeko premia aldarrikatzen zuen, SMIC-ean ordainduriko pribilegiatuak ginen, gehiegi alabaina, txinatarrekin erkatuz, ez ginen ohartzen aski ohoratzen ez zen nagusigoaren heroismoaz, eta finean, behin-behineko lan kontratuen desagertzea aukera ona zela azpimarratzen zuen. Une horietan literatura ezinbestekoa bihurtzen da, Duras eta Dostoievski bezain Anselm Kieferen iluntasun organikoa suak erre oihalaren espazioan...

Gure artean badago naski biolentzia handiko berantetsi sozial lehergarri bat. Eta biolentzia ez dator CGTko terroristen partetik, MEDEFko psikopatek sinetsi arazi nahiko luketen bezala. Laster, CGT-a, ISIS-en abarra baino ez dela aldarrikatuko digute, larrialdietan burtzoroa eraginez eta manifestaldiak debekatuz, eta orduan abiatuko da aberatsenek aspalditik desio duten mende berria: herritarrak ezpainak josirik, siderazio salbaiak hormaturik eta eroturik geldotuko dira estresa post-traumatiko egoera lanjerosean… ez dena (oraindik) Mutrikuko I Tre Velieri partzuergoko emazte langile taldearen kasua, nagusi baliatzaile eta tiranikoen atzamarretatik jalgitzea lortu zutelako enpresaritzaren destinoaren on-gaitzak dastatzen hasteko. Duras ere ikusiko nuke Barbara Goenagaren zuzendaritza pean, Elena Irureta, Itziar Atienza, Karmele Larrinaga, Maria Urzelai, Ainara Ortega eta Amaia Irazabalen konpainia gordin-berde gozagarrian Eskamak Kentzen

ETB-ko telesailaren bigarren sasoiak (ailitza!) Anselm Kieferen taula batean hauts zital aurkituko gaitu: être un écrivain c'est ne pas le savoir…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.