Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Moda azkarra denbora geldoan

2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Esan ohi da ZARA (beste marka bat ere izan daiteke) moda iragankorraren erraldoiak aste bat besterik ez duela behar produktu berria ekoiztu eta edonongo dendan salgai jartzeko. Berrikuntzaren gainean low-cost ekonomiaren garaipena nagusitzen da horrela, eta joeren imitatzaile asegaitzak milaka diseinu dendaratuko ditu urtean, erreparorik gabe, gainontzekoen batezbestekoaren ondoan goitik. Konpultsioak jota, jite berezidun azken kamiseta, edo aldizkarian ikusitako jaka koloreduna zeure soinean imajinatu duzunerako bere kasa agertuko da dendako apalean, noiz erosiko zain.

Ekoizpen praktika ankerragoak mugiarazten du, ordea, just-in-time desiraren makineria. Ozeanoa zeharkatzen duten jantziz betetako kontainer garraio ontziek are txiroagoa den bestelako katea daramate atzetik arrastaka. Iluna da lantegi zokoetan tontortutako oihal sintetikoen artean izaten diren bizi baldintza eta ustiaketen panorama. Puntako joeren saltzaile bihurtutako dendariak mutur batean, langile esku zartatuak bestean, milaka josteko makinen burrunda etengabea, hari finak orratz muturrak abailan zeharkatzen dituen bitartean.

Jantziak ahalik eta merkeen, ahalik eta lasterren kalean agerrarazi beharrean da modaren industria. Merkatu globalaren eskeman, ekoizpen denbora eta banaketa nabarmendu dira, diseinu eta eskulanaren gainetik. Diseinatzaileengan edota iragarkiaren edertasunean dirua gastatu ordez teknologiaren automatizazioan inbertituko da aurrekontua. Publizitate irudi dirdiratsu eta likitsen gutxitzea nabari dugu azkenaldian, horrek erakutsiko luke, datorrena iragarri baino datorrenari aurre hartzean datzala gaur egun modaren lilura.

Moda teknologia da, baina, era berean, hizkuntza eta ideologia. Itzalean azpiratzen ditu hornikuntza katearen azpiegitura materialak. Fabrikako pilaketatik dendako apalerainoko bidean, denboraren kudeaketak egundoko ahalmena du gure desirak kudeatzeko, eta ondorioz nazioarteko paisaia geopolitikoaren desoreka hazkorrean parte hartzeko.

Irudia, kontakizuna eta jantziaren fisikotasunak osatutako erregistro hirukoitzak finkatzen du modaren definizioa. Metaketaren ikuspegi kapitalistatik, bizitza laburrera daude mugatuta jantziak ezinbestean. Erosi bezain pronto agortzen den erretorikaz moldatuko du modaren industriak jantziaren mamia. Hartara, politikaren eremuan ere kokatu dezakegu moda, maila sinbolikoaren bidez agenda neoliberalaren idealak puzten dituelarik.

Hierarkiak mantentzeko premian kontakizun errazen eskutik, maila sinbolikoan aritzen da politika gaur egun. Edonola ere, etorkizun produktiboaren narrazioak iradokitako baikortasun eta aurrerapenaren gidoi dominatzailearekin bat egin ordez, hornikuntza katearen doilorkeriari begiratu diezaiokegu, garaiaz at historiak dakarkigun no future jarreratik, adibidez, eta ustez ez dagokion lekuan bilatu desira.

Moda kontsumoaren hondakinetara bueltatuz, oharkabean pasatzen zaizkigu zentzurik gabeko ingelesezko testudun estanpatuak. Eraldatutako mezu popularrez, edota Diro, Mucci, Cnanel bezalako identitate izen traketsekin ikusi izan ditugu halako kamisetak. Prosa iruzurrezko adibide bitxi hauek, bazterreko posizio ekonomiko eta geografikotik hitz egiten digute eta azterketa kritikorako lehengaia eskaintzen digute. Nagusitasun kapitalistaren arrastoetan, ageriko taktika da hizkuntzaren deslokalizazioa, hondo iluna ezkutatzen laguntzen du, adierazlea adieraziarekiko banatuz. Hornikuntza katearen mekanismo pitzaduren erakusle dira jantziok, nolabait esatearren, izan ere lantegi berean eta modu berean dira ekoiztuak originalak eta kopiak, nahiz eta norabide eta protokolo desberdina hartuko duten behin enbalaje zorroan sartu eta gero.

Biolentzia lausoa du beregan ekoizpenaren urruntzeak, konplexutasuna gehitzen dio nahita denborazko antolaketari, boladak komenientziaren arabera luzatuz eta laburtuz, prozesuak estaliz, handituz doan degradazioa ezkutatuz. Horrela, azkar eta geldo bezalako adjektibo betikoak ez zaizkigu baliagarri bilakaera honen izaera bihurria tolesteko.

Itxuraren ekonomia kontrolatzeko gogotik letorke marka erraldoiaren mitoa, eta moda beraren gorazarreaz harago kokatzen dira ekoizpen denboran oinarritutako bereizketa eta erlazio itxiak. Horregatik, Made-in-China kamiseten sintaxi ustelak hautsitako hizkuntza aproposa eskainiko luke espektakulu zital horren fenomenoa esplikatu ahal izateko. Estali beharraren interesaz are nabarmenago ageri diren baldintza materialengan kokatu daiteke atentzioa horrela. Mekanismo logistikoak arakatuz hornikuntza kateak zapuztu. Objektu-irudia desiratzeko dugun barne zirkuitua birmoldatu. Nahiak ordezkatu, eta horiei beste modu batean aurre egin, esate baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.