Maite Larburu.
LAUHAZKA

Isiluneak

2016ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Amsterdamdik Oldenburgera nindoan egun pare baterako, autoz. Albertek isilik gidatzen zuen, ohikoa zen bezala. Nire biolin eta balizak baino leku gehiago okupatzen zuen haren txeloak maleteroan, baina, nolabait ere, nire berriketa zen auto guztia betetzen zuena.

Isiltasunari buruz ari nintzen berbetan egun hartan. Izan ere, musikari «klasikoak» garenok, ez gara, bada, makalak isiltasunari dagokionez! Gutxitan ulertzen dute gure ingurukoek soinuekiko dugun tolerantzia baxua (musikarekikoa, adibidez). Hegazkinean ala autobusean goazela, zenbat aldiz ikusi ote dut musikari kide bat (baita neroni ere) musika mesedez kentzeko ala jaisteko eskatzen! Sufrikarioa bihurtzen zaigu musika entzun beharra, sarri. Nekagarria.

Badirudi onerako eta txarrerako deformatu zaigula entzumen sobera sentibera. Bizilagunaren jeranioak gureak baino ederragoak direla maiz pentsatzen dugun arren, albokoaren CD kolekzioa eta haren ahotsa gogaikarri zaizkigu askotan. Eta pittin bat bidegabekoak ere bagara, onartu beharra dago; nire kasuan, behintzat, inguruko auzo eta familiakideek instrumentua praktikatzen igaro ditudan ordu amaigabeak txintxo-txintxo jasan izan dituzte eta.

Tira, noan berriro ere Oldenburgera gindoazeneko elkarrizketa hartara.

Nik garai bateko isiltasuna idealizatzeari ekin nion: «Isiltasunak ikaragarria behar zuen izan XVIII. mendean!». Gaur egungo autoen zarataren eta edozein denda zein leku publikotan jartzen duten musikaren biderkapenaz kexu nintzen.

Baina Albert lagun isilak bazuen zer esana horren guztiaren inguruan.

Behin, orkestrakide batek idatzi bat irakurri omen zion. Gutun hark gazteen txima luzeak, haien musika moderno eroa eta kaleetako zikinkeria eta poluzioa salatzen zituen. Egungo pubetako tekno ozenaz eta ozono kaparen zulo beldurgarriaz ari zela ematen zuen. Baina ez! Hura XVIII. mendeko gizon batek udalari idatziriko kexa bat zen.

Zoritxarrez, ez dut gutun hori aurkitzerik izan, ezta pertsonalki irakurtzerik ere, baina Interneten saltseoan nabilela, Emily Cockayneren liburu bat topatu dut: Iskanbila: zarata, zikinkeria eta kiratsa Ingalaterran. 1600-1770 bitarteko Ingalaterrako zenbait hiriren egoera kaotikoa zein zen kontatzen du Cockaynek. Bertan irakurri dut, XVI. eta XVII. mendeetan lan egiteko gehien estimatzen ziren estudioak leiho handiko etxe argitsuak baziren, XVIII. menderako propietate barruan babestutako gela isilek hartu zutela indarra.

Liburuaren azaleko ilustrazioak barre eginarazi dit (Musikari sumindua, 1741, William Hogarth). Bertan, biolinista bat ageri da leihoan, haserre, kaleko iskanbilak lan egitea galarazten diola-eta.

Gauzak aldatu dira, beraz, baina ez uste izan dugun moduan.

Jakina da, esaterako, gaur egungo musika klasikoko kontzertuetan ikusleak isilik egon ohi direla. Baina 1888an, akustika zein orkestra zoragarriagatik mundu osoan ezagun den Amsterdamgo Concertgebouw kontzertu aretoa ireki zutenean, jendea mahai inguruetan esertzen zen, tabernetan bezala. Eta behin baino gehiagotan orkestra zuzendariak buelta eman beharra izan zuen, publiko burgois adineko hari behatzarekin isiltzeko keinua egin eta kontzertuarekin jarraitu ahal izateko.

Sakelako telefonorik ez zegoen orduan, hori egia da, baina bada beti zerbait!

Alberten amona Concertgebouwetik ez hain urrun bizi izan zen, 82 urte geroago, Vondel parkearen beste aldean.

1970eko hamarkadan, hippyen territorio bihurtu zen parkea: 1.500 hippy baino gehiago ere bizi izan omen ziren bertan, camping dendetan. Pipa elkarri pasatzen zioten eta gitarrarekin kantuak jotzen zituzten tripi gainean bidaian zebiltzan bitartean.

Bakea erreibindikatzen zuten.

Baina amonari gerra ederra eman zioten, Alberten hitzetan, oinutsik zebiltzan gazte lotsagabe haiek. Azkenean, Amsterdam utzi eta Haarlemera joan zen bizitzera Alberten amona, seme-alabak hartuta.

«Zahar ala gazte, burges ala hippy, orain edo duela berrehun urte, zalaparta ederra sortzen dugu gizakiok!», bota nuen.

«T. S. Eliotek esan zuen musika garela musikak irauten duen bitartean», egin zuen barre Albertek.

Kuriosoa da, baina Oldenburgeko kontzertu hartan zein pieza jo genituen ez dut gogoratzen.

Nik Albert besterik ez dut gogoan. Begiak itxita zeuzkan. Eta iruditu zitzaidan, notatik notarako tarteetan eta isiluneetan, normalean baina denbora gehiago hartzen zuela.

Notek bezainbeste musika egin zuten isiluneek egun hartan.

Eta akaso... beti da horrela.

Ala?

Bihotz taupada bat taupada al litzateke jarraian datorkion isilunerik gabe?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.