Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

'Aurretik eta ondoren' irudia

2016ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Hondamendi desberdinen kate gisa aurkeztu izan zaigu historia. Aurretik eta ondoren ateratako argazkien testigantzaz atzeman ohi dugu gertakizunaren arrastoa halakoetan, gainezarritako bi irudi, denbora desberdinak moldatutako bi aurpegi. Aurretik ateratako argazkian osorik ikusten ditugun eraikuntzak suntsituta ageri dira ondoren ateratakoan. Eguneroko martxa erakusten duten kaleak hondakin besterik ez dira hurrengo ikuspegian. Soildutako basoak, kutsadura geruzak, murriztuz doazen glaziarrak eta lehortutako ibaiak irudi bikoitzean dira errepresentatuak, garapen larriaren eraginak bistaratuz. Horrela, esan liteke gaur egun sortutako edozein argazkik duela berez aurreko irudi bilakatzeko ahalmena, iristear den ondoren ankerraren iragarle balitz bezala.

Eraldaketa pausatua baino gehiago, bat-bateko erasan bortitza iradokitzen digute argazkiok. Denboran zeharreko bi une horien bitartean zer gertatu den ez dago jakiterik, bestelako interpretazio ariketaz ez baldin bada. Baina normalean aurreko eta ondorengo argazkiak ezohiko ekintzaren eta bere efektu bereziaren arteko kausalitate lerro zuzena lehenesteko erabili ohi dira. Aurreko eta ondorengo argazkietan, ez da gertakizunik ageri. Naturaren prozesuz edo gizakien ondorioz emandako aldaketen bitartez gertatu da eraldaketa.

Argazkilaritza bera bezain zaharra da irudi paraleloen historia. Argazkilaritzaren hastapeneko mugek sortutako prozedura litzateke, hain zuzen ere. XIX. mende erdialdean argazki bakarra kliskatzeko hemeretzi segundo beharrezko haiek luzeegi ziren gorputzak mugimenduan harrapatzeko. Horregatik, argazki zahar haietan apenas agertzen da egonean ez den gizakirik, eraikuntza eta hiri paisaiaren parteak nabarmentzen dira soilik. Beraz, bi argazki ziren beharrezko pasartea helarazteko. Gutxinaka teknika aproposa bilakatu zen kaleko gatazken ondorioak, ekintza iraultzaileak edota berreraikuntza esanguratsuak irudikatzeko. Izan ere, bere inguruan sortutako aldaketen bitartez zen jasoa gertakizuna, horrela figuratik (ekintza) hondora (paisaia) doa halabeharrez ikuslearen begirada.

Egun, satelite bidezkoak dira aurretik-ondoren argazki horietako gehienak, eta era berean daude irudiaren teknologia beraren ertzen menpe. Planetari bueltaka dabiltzan sateliteen orbita denborak markatuko du leku berbera behin eta berriz atzemateko tartea. Horrela, gertakizunaren une nagusia galdu egingo da gehienetan. Gainera, nazioarteko legediak mugatu egiten du edonorentzat eskuragarri den satelite bidezko irudiaren bereizmena, pixel bakoitzean lurrazalaren 50 zentimetro erdietsiz gehienetara. Bereizmen finagoko satelite-irudiak estatu agentzientzat dira soilik eskuragarri. Horrela, urrutiko distantziatik giza neurria nabarmentzerainoko irudirik ez dugu izango eskuratzerik.

Satelite bidezko argazkien berezko anbiguotasuna ezda-eta airetiko perspektibaren bidez argituko. Estatu etakorporazio agentzien erabilerarako sortutako materiala izanik ere, bestelako ikerketa iturri bilaka daiteke. Giza eskubideen aldeko erakundeek nekez eskura dezakete, baina, bereizmen altuko irudirik; irudi orokorrekin egin beharko dute lan. Satelite argazkiak besterik gabeko irudi neutral eta apolitikotzat har baditzakegu ere, zaintza teknologia edo pareko estatu logikek egituratutako ekoizpen guztiz politikoak lirateke, finean.

50 zentimetro pixel bereizmenak, eremu pribatua lainotzeaz gain, estatu biolentzia eta urraketen ondorioak behatzea ere zailduko digu. Garbia da asmoa, estatu ekintzen jarraipena eragoztea jendarteari. Muga teknikoak zein politikoak izan, hor dirau argazkilaritzaren jatorrizko arazoak: ekintza suntsitzaileak giza eskalan erregistratu ezina, irudi mota bikoitzean ez da-eta jendea inondik ageri.

Aurretik eta ondoren erako irudien egokierak taxutzen du egundaino munduarekiko dugun pertzepzioa. Gorputzen irudikapenetik hiri eta lurraldearen irudikapenerako atentzio saltoan muga berriak zabaltzen dizkigu, lekuen irakurketarako oinarrizko tresna bilakatzeraino. Edonola ere, beharrezkoa da beraien arteko hutsunearen defentsa, interpretazio errazak ekidite aldera.

Gertakizunaren errepresentaziorik eza memoriaren trauma gisako efektutzat har dezakegu, era berean. Trauma psikologikoak ezabatu edo erreprimitu egiten ditu norberarentzat jasangaitzak diren esperientziak, eta osatu gabe geratzen dira hutsuneok betirako. Memoriaren ezabatze ekintza bera litzateke, ondorioz, pairatutako traumaren adierazgarri. Hortik, aurretik-ondoren irudiak balizko historia edota imajinatuen gordailu gisa ere har ditzakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.