Maite Larburu.
LAUHAZKA

Kontserbatorioak eta kontserbak

2017ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Bai, Donostiako kontserbatorio zaharrean ibili nintzen garaian bizipen txarrak izandakoa naiz. KariƱo pittin batekin gogoratzen ditudan irakasleak, asko jota, bat, bi, hiru dira. Bedelak ziren nire jende gustukoena. Haiek eta nire ikasle kideak.

Easo kalean zegoen kontserbatorio hura; suhiltzaileen eraikinaren alboan. Oraindik ere han da; eta musika eskola izaten jarraitzen du. Baina Musikene sortu zenetik, goi mailako kontserbatorio estatusik ez du. Batuketak egiten hasita (ai ama, zenbat urte!), nire irakasle izandako asko jubilaturik egongo direla ohartu naiz, bizirik baldin badaude. Kontuak oso bestelakoak izango dira orain ziurrenik... baldinbaitere!

Gauza zenbaitek berdin jarraitzen dutela bai, badakit: kontserbatoriotik atera eta errepidearen bestaldean den horma ikaragarriaz ari naiz. Gure irakasle haietako batek Kexuen Murru bezala bataiatu zuen hura, Jerusalemgo tenpluaren arrasto hari omen eginez. Haren ustez, eta ez zebilen oker, kontserbatoriotik irten eta pareta hari aaaaaaaahhhhhh edota jun hadi pikutara! bezalako aieneak botatzen genizkion ikasleak ez ginen gutxi. Irakasle batzuk ere kexatuko ziren gutaz... eta hori ere ulertzen dut.

Irakasle txarrak badira.

Baita ikasle txarrak ere.

Nolanahi ere, garai haiek joanak dira. Jada Amsterdamen bizi nintzela Donostiara joaten nintzen bakoitzean kontserbatorio aurretik ez pasatzearren hartzen nituen detour-ena ere bai. Biolin eskola aurretik eta ondoren egiten nituen negarrak ere, papo! Eraikinak ez dit jada halako sabeleko minik sortzen. Baina nolabait, oraindik ere, nire euskal ikasle garai haiek gogora etortzen zaizkidanean, su izpi bat pizten zait urdail sarreran. Easo kaleko suhiltzaileek amatatzerik lortu ez zutena.

Elkarrizketatua naizenean maiz azaleratzen den leloa da hau: zure esperientzia akademikoa ez omen zen ona izan. Gai horri buruz hitz egin nahia ulertzen dut. Are gehiago; eskola hari eskaintzeko hitz samurrik ezin aurkituan gabiltzanak bat baino gehiago garen susmoa dut.

Eta jada ez ditugu 16 urte.

Egia da; irakasle oso antipedagogikoak zeuden bertan. Musikari maitasun handia behar zitzaion eduki, handik musikari izateko asmoarekin irtengo bazinen. Musika, Erromantizismo garaian finkatu ziren ideal zaharkituetan oinarriturik, era abstraktu, lehiakor, fragmentario, ez-praktiko, klasista batean erakusten baitzen. Musika-artisautza aurrera eramateko beharrezko diren lanabesak, testuinguru zehatz batean kokatu gabe, lekuz kanpo, zatikatuta eskaintzen ziren. Eta gaztelera hutsean. Hori horrela nagusitasun posizio batetik botatzen dudala pentsatzen ari dena, oker dabil; tristura handiz esaten dut. Nahigabea, musika bidean abandonatu zutenekiko sortzen zait batez ere. Eta irakasle haiekiko... haien bizitza musikalean zer pasa ote zuten hala irakastera iristeko?

Funtzionariotzaren ondorio zen hura?

Etxean edota inguruan musikazale/musikariak zituenak bazuen laguntzarik desastre hari aurre egiteko. Nik nire lehendabiziko biolin irakaslea nuen aingeru guardako. Haren etxera joaten nintzen sarri, eta terapia berriketaldi luzeak egiten genituen.

Eskerrak!

Eskerrak familia artean ere behar nuen arreta jaso nuen.

Eskerrak nire ikasle kide guztiei!

Eskerrak Amsterdameko kontserbatorioa beltzetik zurira joatearen antzerako zerbait izan zen!

Eskerrak musika errurik gabeko gauza zoragarria den!

Eta eskerrak nire nerabezaroa amaitu zen. Ni ere asko aldatu bainaiz...

Eskarmentu akademiko txarra-ren aipamen horrekin ezin naiz, beraz (zorionez!), guztiz ados egon. Donostian bai, petral. Baina Amsterdamgo kontserbatorioan ondo! Eta nahiz eta kontserbatorioa, hitzak dioen moduan, ohitura bat kontserban sartu nahi duen instituzioa izan, beti existitu ez dena ere kontserbatorioan ikasi dut. Musikaren tenplu bedeinkatu izan nahi zuten horiek, Frantziako Iraultzaren oinarri ziren asmo estandarizatzaileek sortu zutena ere, kontserbatorioan ikasi dut. Hori baino lehen musikariak beste era batekoak zirena ere, kontserbatorioan ikasi dut.

Kontserbatorio hartan, Amsterdamen, besteak beste, Antzinako Musika departamentua baitzegoen. Eta Erromantizismo garaiko kredoa ez baitzen etxe hartan indarra zuen bakarra.

Ideia eta metodoak kontserba latan sartzea ez da zertan kaltegarri izan...

Baina zergatik eman garrantzi handiagoa garai batzuei besteei baino?

Musika batzuei besteei baino?

Nork erabaki dezake zein musika-garai-asmo diren garaile?

Ezjakintasunak.

Eskerrak ematen dizkiot nik kontserbatorio deitzen zaion horri; benetan.

Baina kontserben iraungipen-datari begiratu egin behar zaiolaaaaaaa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.