Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Probintziakeria

2016ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Hiri handian bizi ginenean, bagenuen beste nonbait ezezagunera aldentzeko irrika, lehenago sekula bizi izan gabeko lekuren baten finkatzeko itxurakeria. Noizean behin datorkigu gogora hiriaz kanpoko bizitzaren xarma, programatutako akats tekniko edo ingurune soildu baten dekadentzia bailitzan, edo desira iluneko atrakzioa. Globalizatutako matrixaren barnean probintziakeria ez dagoaldendutako herrixkan, eta ez da ere ezaugarri geografikoa, berezko baldintza biologiko bat baizik, akats tekniko edo puntu itsua metropoli bizitzaren baitan.

Berehala datorkigu 1990eko hamarkadaren nostalgia, prekarizazioaren ondorengo manifestazio jendetsuen janzkera eta gogoak markatzen duen bizitza estilo zikliko noizbehinkakoa, grunge estetika eta arropa elastikoak, bulkada desberdin baten sentipena, «bertokoagoa», esate baterako. «Gentrifikazioa» zer zen ez genekien garai hura, eta ontzat ematen genituen jardun kulturalen kapitalizazio saiakerak, gauza berritzailea berez horixe zelakoan, masa geldoaren aurretik joatea, nolabait. Giro artistikoak, liburu denda berriak, ziberkafeak eta bestelako boutique-ak ingurunearen parte ziren.

Egun, kontakizun ohikoa bihurtu da gentrifikazioarena. Sohon abiatu omen zen, eta abar, laurogeiko hamarkadan, egun auzoko zokoetara ere iritsi da Channel lurrin usaina, argazki estudioa moldatu dute industrialean, running zirkuituak han-hemenka eta gaur egungo artea herri aldizkarian. 1999ak eraman zituen ustezko erresistentziaren azken hasperenak.

New Yorkera joan ginen. Esperientzia urbanoaren lilura benetako hura: kaleetako balizko arriskua, club ilunetako kakofonia, arrotz jendearen arteko topaketa amaigabea, edozer posible zelakoaren sentipena, eta ezustekoa ez zela izango ezohikoa. Uste berezi horretan, oraindik posible zen berezko ahalmenaren fantasiari eustea, eguneroko ibiliaren narratiban eskura zirelako esperientzia zinematikoaren ihesbideak.

Etorri ziren lege murriztaileen kanpaina agresiboak, itzalduz joan zen hiriaren txinparta.

Orain, app bitartez ematen dira jendarte gurutzaketa edo cruissing saiakera zuzenak, esango du norbaitek.

Hasiera bateko irudi korporatibo freskoa, merkaturatze estrategia soila besterik ez zela ohartu arte, edo marka bitartezko pribatizazio joerak beranduago. Disney class turistak. Etxetik irten gabe ezagunak ditugun denda kate eta ikurrak. Gorputz esponsorizatuak gure espazio intimoaren jabe egiten direnean, apenas egin diezaieke aurre gure gorputz ñimiñoak. Kudeaketa korporatiboarentzat ez gara inor, finean, masa kontsumitzailea izan ezik. Eta holakorik nahi ez badugu, aurkituko ditu kontsumitzeko prest diren beste gorputzak.

Probintziakeria edo herrikoitasuna, gutxiespeneko zeinu izatetik balio positiboak bereganatzera igaro da, zera hori gaindituz itxuraz, testuinguru urbano alienatuen kontrapuntu gisa, agian. Esnobismo berriak asmatzeko modu bat besterik ez, esperientzia urbanoen psikogeografiak ez direnean gehiago sormenezko eremuak, ez dutenean dagoeneko gaitasunik balizko emergentziak pizteko.

Suburbanizazioa deitu izan zaio. Auzo-komunitate harremanen suntsiketa, eta estatu polizialaren ezarpena familia bizitzarako eremu berrietan, «bizitza kalitatearen» izenean, kontsumorako erraztasunak sustatuz. Auzo azpiegituren eta adierazpen bizien erauzte korporatiboa. Kaleak ez dira «gure kaleak», izenak eta koordenatuak dituzte nabigatzailearen laguntzaz ezinbestean zeharkatzeko.

Izan ere, ez dugu inoiz bezala aldarrikatzen kaleak «gure izatea», nortasun desberdinen eraldaketak babestu eta suspertzea baizik. Abiaduraren zorabioan hiriak bihurtu dira beren periferia, ezabatu dira nortasun kolektiboak, norbanakoaren narrazioak gailenduko dira, gorputz desberdinen hizkuntzaren gainean eratuak, hiri orokor eta unibertsalaren aurka.

Segurtasuneko espazio itxuraz goxo baina zurrun bihurtu aurretik, hirian zeharreko noraezarenak bazuen bere irrika, espaloiak oinez zeharkatzearen marruskadura, errotuluak ikur-marka fisiko soilak zirenean artean, kapitalismo likidoaren aparrak gain hartu ez zuenean, antza. Finantzaketaz puztutako subjektibotasuna, gorputzaren mugimendurako espazio gero eta meheagoan.

Ekintza zuzenaren denbora azeleratuan galduta.

Praktika artistikoak eta kritika instituzionala, finantza sailek barne-sustapenaren aitzakian hauspotutako aisiazko egitarauan koka genitzakeenean ia. Bankuen lobby espazio fisiko eta birtualak, jendartearekiko erlazio axalekoan jartzeko gailu estetikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.