Juanjo Olasagarre.
LAUHAZKA

Politika kulturala

2017ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Ez dakit zeren harira, Guggenheim museoaren 20. urteurrenarenera, apika, Oteizak eta Sainz de Oizak, Gorordoren eskutik, Alhondigarako prestaturiko proiektuaren maketa paratu dute erakusgai. Fatxaden barnean kristalezko kubo erraldoia dago, eta inguruan dagoen Diputazioaren liburutegiak kristalezko estalkia du, orain duenaren antzekoa, eta Bizkaia plazan beste kubo txiki bat ageri da.

Proiektu hartatik, hala ere, ez zen interesgarriena eraikina baizik eta eskultore oriotarrak artea suspertu eta euskal artea munduaren mapan paratzeko zuen egitasmoa. Oteizak arte laborategia bilakatu nahi zuen eraikina, arte guztien arteko nahasketa eta kolaborazioa, bertsolariak eta (euskal) literatura barne; eta, horrela, zaharkeria dario datorrenari, artearen bidez gizakia eraldatu.

Proiektua bertan behera utzi zuten, eta, ordeko, Guggenheim eraiki zuten, ekonomiaren suspergarri, munduaren aurrean erakusgarri, eta neoliberalismoaren eredu, TopArte 20. urtea ospatzeko hemengo artista eta entitate kulturalei eman dien tratu, berriz ere, exkaxa adibide.

Guggenheimek erakusgarri egin du Euskal Herria, baina erakusgarri egin ote du Euskal Herriko kultura artistikoa, zehazki, niri gehien interesatzen zaidana, literatura? Ez ote da Guggenheim bilakatu bilakatzeaz beldur ginena?

Bernardo Atxagak Euskadi Irratian egiten dituen zutabe horietako batean proposamen bat egin zuen. Ia txantxetan, esanen nuke, esaten ari zena berak ere sinetsi gabe. Hauxe proposatu zuen: Eusko Jaurlaritzak izan beharko luke zerbitzu bat zeinak eskainiko lizkiekeen herritarrei euskal tradiziotik parada bakoitzeko beharrezko poema, testu, kanta, kondaira zein bertso. Demagun, ezkontza baterako bertso batzuk nahi ditugula, ba zerbitzu horretara deitu eta bertsoak etxera ailegatuko litzaizkiguke. Niri ideia ikaragarri ona iruditu zitzaidan, baina, esan bezala, tonu irriberak Atxagaren ideiarekiko zalantza adierazten zuen. Nire irudiko Atxaga seinalatzen ari zena, tradizioa ezagutzen ez dugulakoaz gain, zera zen: euskal kultura ezin dugula merkatuaren legeen mendera utzi, merkatuak, txikiak irentsi eta akabatu egiten dituelako.

Atxagaren irriak adierazten du gainera, gobernuan egon den partiduak, EAJk alegia, ez dakit euskal kulturan sinesten ez duelakoz, edo duen politika oro merkatuzalea delako, Merkatuaren eskuetan utzi duela urte luzeetan euskal produkzioa, eskolarekin egin ez duena, esaterako.

Zergatik ez dugu Atxagari bururatu zaion zerbitzu hori? Edo zergatik ez daukagu euskal literatura munduan zehar zabalduko duen argitaletxe entzutetsu bat? Eta, dena ez da gobernua, zergatik ez dira euskaraz argitaratzen duten etxe guztiak batu eta argitaletxe hori sortu eta gobernuari subentzioa eskatu? Areago, zergatik ez dute hori egin katalan eta galegoekin batera? Edo EAJko gobernuaren praktikak erakusten duen bezala Espainiako Erresuma baldin bada gure zelaia, nola ez du Kultura Sailburuak urte hauetan guztietan Espainiako Sari Nazionalaren antolaketaren aurrean protestarik txikiena ere adierazi? (Sari horretan nahi adina gaztelerako liburu aurkez daitezke, bakarra, ordea, beste hizkuntzatakoa).

Badu EAJk politika kulturalik euskal produkzioa merkatuen legeen menpe uzteaz gain? Zergatik ez du egin kulturarekin teknologia eta zientzia ikerketarekin, parke teknologikoak sortu eta abar, hain ongi egin duena? Eta Ezker Abertzaleak propagandaz kanpo, badu? PSEk izan du? Ahal Dugu-k badu politika kulturalik? Erantzun batzuk galderaren absurdoak berak seinalatzen ditu. Are gehiago, bertako agenteek, argitaletxe, idazle eta abarrek izan dugu politika kulturalik?

Zentzu horretan, Etxepareren kanporako argitaratze politika berriz ere merkatuaren legeen araberakoa da, itzulpenaz bera arduratu ondoren edo itzulpenik gabe saldu behar baitio idazleak, edo agenteak, liburua kanpoko argitaletxe bati, baina, Atxaga, Cano eta Uribez gain, ezagutzen duzue zuek agentea duen idazlerik? Nik ez. Edo, beste adibide bat jartzeagatik, izan daiteke Gutun ? Zuria literatur jaialdiko zuzendaria, Marisa Blanco, ez-euskaldun bat, bere kazetaritza kultura urteak gorabehera?

Idazle jendea, nik ezagutzen dudanaren arabera, oso jende erresumindua izateaz gain, bakoitza bere koroiarekin ibiltzeko jendea da (zer koroiak batzuenak, aizue!), eta horrela izan behar du, sormenak (ai ze hitza!) askatasuna behar baitu (a zer esaldia!). Baina politika kulturala, planifikatu egin behar da. Are gehiago kultura horretako hainbat ekoizpen hizkuntza gutxitu batean egiten badira. Zentzu horretan uste dut Eusko Jaurlaritzak (Nafarroako Gobernuak eta Akitaniako Eskualde Kontseiluak ere bai) diskriminazio positibo handiagoa egin beharko luketela euskarazko ekoizpenekin, eta nazio ikuspuntua izango lukeen politika kulturala diseinatu, barnerako zein kanporako. Horrela, gainera, Fernando Aranburuk arrazoia izango du behingoan. Baina iruditzen zait gobernuan dagoen partiduak ez duela gehiegi sinesten euskal kulturan. Arlotetzat izan eta bere burua arlote agertu nahi ez duelako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.