Maite Larburu.
LAUHAZKA

Zerua idatzi zuena

2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Seredeko Holokaustoaren Museoan, lauzpabost barraka daude; horiekin alderatuta, Coney Islandeko atrakzio-parkean den terrore-etxea bost xentimoko izutxoa eragiten duen atrakzio merkea da. Txabola horiek ikusteak hezurduraren karraska entzungarri egin dit; belaunak ukondo azpira joan zaizkit gorde-gordeka eta eskuek hatz-hezurrekin malabareak egiteari ekin diote.

Eta hala ere, zutik-edo.

Filmetatik ezagun besterik ez zaidan kontzentrazio-esparru amesgaiztozko batean nago, eta Sered herria, Eslovakia hegoaldean, Danubioaren lur lauetan. Kontzentrazio-esparrua herrigunetik urrun kokatzen da, zelai eta etxetxoz inguraturik.

Hori, kanpoan dagoenak ikusten duena.

Barruan bazaude, ordea, harresi batek estaltzen dizu kanporako ikuspegia. Eta 1941. urtea bada, eta judu eslovakiarra bazara, lehenago edo geroago, kontzentrazio-hesi honek ebakitako zuhaitz-muturren gaineko zerua ikusiko duzu.

Eta ortzia izango zaizu distrakzio zatar bakarra. Lainoak izango, kendu ezingo dizutena. Zureak ez direlako.

Zinemako pantaila klimatiko horretatik pasatuko dira izan zarenaren, zure zela uste zenuen bizitzaren fotograma zartatuak. Izatera iritsiko zaren horretan, nahiago duzu ez pentsatu... baina zeruak leku ugari utziko dizu irudimenean dabilzkizun mamuak paseatzeko. Bart barrakatxoan juduen arazoa exterminazioz konponduko dutela esan zuen gizonari, ez entzunarena egin diozu. Baina bakarrik zaudenean, zeruari begiratutakoan, txoriak zirina egingo dizu kopeta gainean: hara orakuluaren erantzuna.

Benetako ziruditen harkaitzezko faktu guztiak, anpulutxo txolinak besterik ez balira lez, lehertu egin baitira orain arte: lehendabizi, lana egitea debekatu zizuten; ondoren, etxea lapurtu; maitea eraman, gero; orain hona ekarri zaituzte eta tren batean sartuko, laster. Horrainokoa ikusi duzu, gertatu da. Torturak eta bortxaketak ere bai. Baina exterminazioa? Botoi eta xaboi-gai izan? Ez da posible. A zer-nolako fikzio txardun nobela.

Zeru hau idatzi duen idazlea amateur hutsa da.

Zabor poltsa horretan bizitzeari uzteko eta zerura bizkor iristeko boleto ugari ari dira banatzen esparrua «zaintzen» duten SS brigadakoak. Eta halabeharrez, judua zarelako, zuk txartel horietarako eskubide osoa duzu. Hori badakizu.

Lehertu dadila guztia behingoz!

Joan nadin zuzenean zerura!

Zerua. Entretenimendu bakarra.

Sikiera hegan egiten jakingo bazenu.

Baina tximinoa zara. Tximino judua. Hau da: narrasti zikin itsusi bat, arazo ez arioa.

Eta arrastaka ibili besterik ez duzu.

2018ko apirila da. Eta gu, Solamente Naturali taldeko kideak, biran gabiltza, Eslovakian zehar. Duela hiru urte grabatutako diskoan bildutako musika judua ari gara eskaintzen. XVI. mendetik XIX. mendera doan melodia eder multzoa. Hiru mende... zein erraz esaten den. Eta zein erraz jotzen den musika zoragarri, politt, benetako hau, eraikin baketsuetan: sinagogetan. Baina gaur, zazpigarren kontzertuaren egunean, harri txintxar bat zapata txaroldun pean, zangotraba jarri digu birak... holokaustoak historiari bezala: azken barrakoian jo behar dugu. Fusilatuen, zuhaitz gillotinatzaile ere baden, murruaren alboko txabolan.

Eta zer erremedio.

«Gutxienez», esan du gutako batek, «ez dugu lur originalaren gainean joko». Lurrari begiratu diogu denok kolpetik. Egia: porlanezko zoru errealaren gainean, eta oinazpian, hamar bat zentimetrora dagoen egurrezko parket flotatzailea dugu.

Gertakari haien gainean zintzilik egoteko bezainbeste zorte izan du orain arteko gure bizi-historiak. Tira, batzuek beste batzuek baino urrunagotik flotatu dugula esan beharko: «Nire aitona hemen egon zen Auschwitzerako trena hartu zain», esan baitu Luba biolin jotzaileak.

Jantzi gara beltzez. Iritsi da ikuslegoa. Jo dugu. Ahal dugun guztia egin dugu. Barru-barruko musikaltasun putzuan bila ibili gara eta ttantta bat edo beste ateratzea lortu dugu. Baina entzuleriak, aireak, bihotzak berak, burdinazko dirudite. Musikak mila tona pisatzen ditu hemen. 16.000 eslovakiar-deportatu ia denak igaro ziren Sered-eko kontzentrazio-esparrutik. Eta ia denak akabatu zituzten. Haietako milaka, hemen bertan.

Bizirik irten zirenek margoturiko koadroez inguraturik gaude. Horrek babesten gaitu pittin bat.

Beste koadroa, kanpokoa, jasangaitza baita.

Pozoituta dago lur hau, gaineko parket flotatzailea, airea, hormak, gu, jendea, sabaia, dena.

Hemen ezin da jo.

Lardaskatu dugu zerbait, baina ezin musika izan denik esan.

Bukatu dugunean, «ez dugu programa hau horrelako inongo lekutan gehiago egingo», esan digu zuzendariak.

Kanpora irten, eta zeruari begiratu diogu: tximista tximistaren atzetik, ekaitza dator; zer esan nahi ote dute argindar ikur oker horiek?

Martin Larralderen zerua itsaso zikin bat izan zen akaso.

Juduena, ez dakit zer zen.

Baina gure gaineko hau, behintzat, ez dago ulertuko duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.