Maite Larburu.
LAUHAZKA

Aingeru eroriak

2017ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Mundu honetan pertsonez mozorroturiko aingeruak badira», dio Idgy pertsonaiak Fried Green Tomatoes filmean (Tomate frijitu berdeak, 1991, Jon Avnet).

Aingeru horietatik zenbait, ondo ezagun zaizkit; beste asko oraindik topatzeko nago; eta dozena pare bat, minutu batzuetarako, segundo gutxitarako gurutzatu izan zaizkit bidean.

Esate baterako, neska beltz rastaz mozorroturiko aingeru hura dut gogoan. Behin, Hegoafrikako Cape Town hiritik barrena bizikletaz nindoala, kale bazter batean lambada-ren hip hop dantza bertsio bat oparitu zidana. Edota gabon gauean Barajasen, elurraren ondorioz Euskal Herrira iritsi ezinik nengoela, haren Madrilgo etxera eraman, elikatu eta zaindu ninduen gizon irundarrez mozorroturiko euskaldun hura. Edota beste behin, Koya San mendi japoniarreko herrixka hartan, orduan ere elurpean oinez nenbilela, parean geratu zitzaidan autobusez mozorroturiko beste arkanjelua: atea ireki eta gidariak aterki bat luzatu zidan.

Badakit zer pentsatzen ari zaren: «Zertan dabil hau?». Ez naiz telepatian iaioa, baina irudika ditzaket zure kaskezurreko azpitituluak: «Aurreko artikuluan bidaiari hurkoa zoriontsu egiteko manuala argitaratu zuen sorgin honek, eta orain ere bidaietan nola jokatu behar dugun esatera al datorkigu?».

Baleeeee, ez naiz objektibitatearen erregina! Nire azken Lauhazkakoan lanaren ondorioz bidaiatzen dugunon sufrikarioak enumeratzeak, mingaina pittin bat lakar utzi zidan (auskalo zuri zer lakartu nizun, barka!), eta ertzak kamustera nator. Bidaiarion kexa eta onuren zerrendak, biak egin ditut; eta kontzientzia azterketa. Eta hauxe uda aurretiko nire azken zutabea denez, bada, mozorroturiko aingeruz hornituriko oporrak nahi dizkizut opa! Ados? Barkatuko al didazu atrebentzia? Zer? Ez dizut ondo entzuten... ni aurrera noa artikuluarekin.

Batzuetan noski, mozorro festa den bizimodu honetan, nahasgarria izaten da egoera. Deabruz mozorroturiko aingeruak ere bai baitaude. Baita aingeruz mozorroturiko deabruak ere. Deabruak opariak egiten ditu batzuetan, eta aingeruak berriz, traba. Ezin jakin nor den zer, zertan ari den nor; hau da marka! Maskararen itxura zeren arabera aldatzen den ere ezin jakin; deabruz mozorroturiko neskatila naizenean, edota biolin jolez jantziriko munstroa, adi jartzen naiz, nire eraldaketa noiz, nola gertatzen den deskubritu nahian: baina batetik besterako mutazioa hain da azkarra eta bat-batekoa, txunditurik geratzen naizela. Tornado bortitz bat barrutik eta kanpotik pasa izan balitzait bezala. Hondamendi ederrez mozorrotzen naiz horrelakoetan, irribarre xaloa ezpainetan. «Nik esan al diot zoaz pikutara andre horri? Ez naiz ohartu ere egin, je, je, je...»

Beraz, patrikako gupida-fitxak kolekzionatzen hasi naiz, kasu muturrekoetarako.

Adibidez, oraintxe bertan gertatzera doan honetarako:

Tranbia hartu dut, biolina bizkarrean, bi poltsa zintzilik eta maleta zaharra arrastaka. Anberesko tren geltokira iritsi behar dut.

Gidariak esan dit 3 euro kostatzen dela, eta nik txanponetan, 1,5 besterik ez. Bestela, 20 euroko billetea. Hark, ezetz, ez didala kanbiorik emango. Tranbiako bidaiariei galdetu diet 20 euro txakur txikitan norbaitek ba al duen. Isiltasuna. Gidariari galdetu diot, «zer egingo dugu?». Holandesez ari natzaio. Oso oso zakarra da tipoa, batere lagungarria ez den horietakoa; ez diot gainera ondo ulertzen bere azentu flamenkoarekin, eta esan diot: «Barkatu, ez dizut ondo ulertzen».

«Ez didazula ulertzen? Tranbiatik jaisteko! Uitstappen!».

Orduantxe, emakume islamiar bat gerturatu da, buruan zapi arrosa duela, eta txartel bat erosi dit. Esan diot: «Gutxienez 1,5 emango dizkizut». Eta esan dit: «Ez, lasai».

Eta tranbiatik jaitsi da.

Leihotik desagertzen ikusi dudala, malkoak hasi zaizkit aurpegian behera.

Aingeru bat!

Munduan tranbia-txartelik, dirurik, lagunik, familiarik, etxerik gabe direnengan pentsatu dut.

Zorionekoa naiz! Zergatik ni?

Ez naiz bada bereziki ona; normal-normala... ideia hori kontsolagarri egin zait: niri, hain animalia arrunta izanda, aingeruz mozorroturikoak agertzen bazaizkit, edonori agertzen zaizkien seinale!

Egia esan, ez da gauza hain zaila.

Begiak zabaldu, inguruari begiratu, aukerari heldu.

Hegaldirako prest jarri.

Bestearen bizitzaraino salto egin.

Eta haren zerutik eroritako aingeru izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.