Juanjo Olasagarre.
LAUHAZKA

Udako irakurketak

2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Gaztetan, oraindik idazle etiketari ihes egiten nionean, uda aurretik programatzen nituen uztaila eta abuztuan sartuko nituen lan orduak eta, hartara, idatziko nuen Euskal Literatura irauliko zuen nobela. Jakina, garaia ailegatzen zenean, ez nuenez nobela bat idazteko ez ideia, ez eskema, ez adorerik, lehenengo hiru egunak iraganda, sofan etzanda bukatzen nuen, nire burua lanik egiten ez zuelako zigortuz.

Orduan, sofa hartatik bertatik, natura agertzen zitzaidan leihotik harantz. Berdeak horietara jotzen hasiak izaten ziren, Andia eta Beriain ageri ziren urdinkara, kilkerrek kantu egiten zuten, eta sargoria bera zoriontsu izateko manu gehiegizkoa zen. Mundua hondartzetan eta mendian egongo zen, pentsatzen nuen, ni, sofan, ezinean, nengoen bitartean.

Halako ezinegon bat gelditu zait ordutik hona udarekiko. Maite ditut oporrak, baina zoriontsu izan beharreko manu derrigorrezko hori depresioarendako mintegia izan daitekeela uste dut. Gerora, edadearekin, ikasi dudalakoan, udarako planak egiten ditut, baina erraz asko barkatzen diot nire buruari batere ez konplitu izana, nahiz eta oraindik behar ditudan plan horiek ez betetzeko aitzakiak: nobelistika hilda dagoela, esaterako, Euskal Literatura ez dagoela iraultzerik, munduari ez zaiola aspaldi literatura interesatzen, eta garrantzitsua ez dela idaztea baizik eta irakurtzea.

Aurtengo udan, hartara, idazteko plana egin badut ere, irakurtzen emango dut, eta badakit, adinak maitatzen irakasten duen modu berberaz, sofatik naturari begiratzean ez zaizkidala axola izango ez hondartza, ez mendia, ez paradisu facebooktarrak; beste nonbait egoteko batere antsiarik gabe barneratuko naiz tinta eta paperezko munduan.

Gailur Ekaiztsuak berrartuko dut, ikasturtearen katerpilar martxak arreta eragotzita alde batera uztera behartu nauen titulua. Gero El Quijote-ri helduko diot. Uste dut ez dudala osorik irakurri orduko batxilergoan zatika arakatua eta testu komentario pila egina banaiz ere. Joxean Agirreren Goldsmithen semearekin ere saiatuko naiz. Jon Ariza de Miguelen Haizeari begira, Iñaki Irasabalen Politika zikina eta Maixa Zugastiren L.L.A. eta Garazi Arrularen Gu orduko haiek zain dauzkat, eta ekinen diet. Badakit Toni Hill katalanaren nobela beltzak ere irakurriko ditudala, eta poesia liburu baten beharra izango dudala, Paul Eluard dut zain aspaldi, eta Pessoa bisitatu nahi nuke atzera berriz.

Beti harritu nau irakurtzen ez duen jendeak. Belarretan edo itsaso bazterrean etzanda, ondoan izaten ditudanean, galdetzen dut nire artean zer darabilten buruan, eta batez ere, nola jasan dezaketen horrenbeste denbora ezer egin gabean. Batzuetan, zeharka zelatatzen ditut, sudurra ageri izaten zait, kokotsaren kurba, sorbaldaren malda toalla ukitzen, haien buruekin egote luze horrek azalaraz ditzakeen arrastoen bila. Beste batzuetan, inbidia izaten diet, ez irakurtzen ez dutelako, baizik eta irakurri-behar-ez horrek lasaitasuna adieraz dezakeelako, bere garunari meditazioaren dohainak eransten dizkiodalako, alegia, hustasuna eta baretasuna, edozein garunek nahiko lukeen egoera zen-a.

Liburua pixka bat jasota, arreta handiagoz behatzen ditut batere ondoriorik atera gabe. Behin baino gehiagotan galdetu diet: zer darabilzu buruan? Ez zara aspertzen ezer egin gabe zure buruarekin egoteaz? Nola eusten diozu lasaitasunari?

Erantzunak barretik hasi, ironiatik pasatu eta harridurarainokoak izan dira. Eta horrelakoetan galdetzen diot nire buruari nire irakurzaletasuna noraino den nire buruari ihes egiteko modua. Eta gizartean dabilen, zebilen esan beharko genuke beharbada, irakurzaletasunari buruzko diskurtso ilustratu horren kontrara —irakurtzeak hobe egiten gaitu, irakurtzea beste bizitza batzuk bizitzea da eta abar eta abar— erabakitzen dut irakurtzea ere ihes bidea dela askotan, norbere buruarekin ez egoteko beste modu bat.

Norbaitek argudiatuko balit zergatik egon behar dugun etengabe geure buruarekin, onartu eginen nioke argudioa, izan ere, norbere buruarekin ez egotea ezinezkoa bada ere, ez dago zertan harekin etengabe egon beharrik.

Ikusten den bezala horren arrotz egiten zait bizitza libururik gabe, ezen irakurtzen ez duen jendeari buruzko teoria bat behar dudala haien portaera eta buru arkitektura irudikatu ahal izaten. Dena dela, ez daukat nire bizio honi dagokionez amore emateko batere gogorik, eta, esan bezala, aurtengo udan ere irakurri eginen dut idatzi beharrean; goiko liburu horiek edo beste batzuk, horrek ez du inporta, baina badakit sofan etzanda, naturak kanpoan kilkir egiten duela, egon nahi dudan tokian egongo naizela, egon nahi duen tokian egongo dela nire burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.