Itxaro Borda
LAUHAZKA

'Driving Timbuktu'

2015eko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Jerusalem eta Tutera adina erdikoia den Timbuktu hiriak ametsak harrotu ditu mendeetan zehar. Lur horailezko egoitzen maldan gurutzatzen dira fedeezberdinetako beilariak, gatzaren bidean kulunkaz dabiltzan gamelu karabana jabeak, seduzitzaile amorratuak eta basamortu haizetsuen isiltasuna desiratzen dabiltzan bakanak oro. 2012ko apirilean, harrituak, jarraitu genituen Mali iparraldeko hondarretan metatu islamistak, Ansar Dineko gudari tuaregek lagundurik, Timbuktu setiatzen, matxeteak eta metrailetak ahurretan, alde orotara tiroka, meskitetan sartzen, hango egur beltzezko ikurrak aizkora kolpe haserretsuz puskatzen. Humanitatearen ondare kontsideratu esku-izkribu anitz funditu eta xehekatu ziren orduan. Noski, urrutizkin mugikorretan gatibatu mekreanten aurkako garaipenaren sekuentziak sare sozialetan zabaldu zituzten ausarki, arrakastaren boladari eutsiz, telebista pantailetan. Timbukturen konkistak ikusgarria behar zuen. Eta hala zen.

Zutabea osatzen ari naizen goiz ilun honetan Ali Farka Toure erraldoiak Ry Cooderekin grabatu Talking Timbuktu albumeko musika balantzaria hautematen dut: desertua itxuratzen dut, hiru ehun eta hogeita hamahiru sainduen hiri nagusia, burua bubu urdinez troxatuekiko tuareg zainartak eta negu etengabea abesten duten peuls desjabetuak. Ahantzi gabe dogonak, bozoak, bamananak, banbaraz, tamaxekez eta frantsesez matizaturiko arabiarrez mintzo direnak. Beti ihesean, alde batera zein bestera makurtzeko arriskuan. Timbuktuk Afrikako New York ematen du. Nolabait, eta zeru-karraskatzailerik gabe.

Maliko hirietan hiriena gogoan nabil, hamar urte bete nituenean Parisko osabak Voyage à Tombouctou izeneko bi liburuak oparitu zizkidanetik. Bere bidaia xeheki idatzi zuen René Caillé (1799-1838) mandingaren lurretatik bizirik ateratako lehen europarra zen. Musulmana zela sinetsaraziz gordean zebilen Cailléren etxea bisitatu daiteke oraindik. Garesti ordaindu karabana ezberdinekin eta doi-doia elikatuz Sahara eta Tenere zeharkatu zituen Fezera iristeko, unatua eta eri kartzelatua. Kolonizatzaile militarrei xendrak irekiz, Cailléren hatzetatik, Heinrich Barth (1821-1865) alemana berdin heldu zen Timbuktura 1853an. Mungo Park (1771-1806) eskoziarrak bere aldetik Niger ibaia aztertu zuen, buztinezko herrian geldialdia eginez, espedizio minean 1806an zendu aurretik.

Muturreko islamista barbaroen ahurretarik askatu da Timbuktu. Meskita eta liburutegiez gain, zerbitzu publikoak, komunikazio-tresnak eta merkatuak suntsitu ziren. Frantses eta Maliko armadek elkarrekin erasotzaileak haizatu zituzten. Jagoitik jende arrunten seguritatea nekez zaintzen dela jakiten da Jeune Afrique aldizkaria irakurtzean. Gizonek bizar derrigortuak moztu dituzte eta emazteak bela beltzik gabe jaisten dira Sankara plazara. Balafoia hauteman daiteke gau erdian. Bitxia da: nehoiz ez naiz Timbuktun egon eta nire-nirea dela dirudit kasik Baiona edo Otsabide mitikoa bezain. Abderrahmane Sissako zinegile mauritaniarraren Timbuktu (2014) filma ikustean «timbuktuarra naiz ni ere» aldarrikatzeko gutizia piztu zitzaidan. Okupazio militar hurbilaren bidealdi bortitzak agertzen ziren pantailan, lapidazioak, bortxaketak, ezkontza behartuak, mutikoei baloiarekin aritzea debekatzen zitzaien eta musikariei koraren sokak kilimatzea. Tuaregek halaber berriz entzun ditzakete Tinariwen eta Imahran Timbuktu taldeen desert blues ukigarriak.

Guztia literatura da: Moussa Konate (1951-2013) idazlearen polizia eleberriek Mali inarrosten duten ikara politikoak bihikatzen dizkigute. Habibou komisarioak etnia ezberdinetan zuzentzen ditu hilketen argitzeak, eskualdeetako ohiturak, sinesteak eta jakitate animistak eskolan barneratu arrazionalismoarekin ezkonduz. Meurtre à Tombouctou bere azken nobelak ez zion ilusioei tokirik uzten, ideologia morbido eta libertizidak bandera beltz,jendalde osoak manipulatuak eta sakrifikatuak zirela azaltzen zelako hitzen atzean.

Timbuktun datza azeriaren hatza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.