Itxaro Borda
LAUHAZKA

Musikaz blai II

2015eko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Soinu edo musikarik gabe, galduak gintezke. Hori zerabilkidan buru zokoan biribilketaz, igandean, autobide kasik hutsean etxera nentorrenean. Aditzen trinkoak ez zuen nire pentsamenduaren lasaiaz, nasaiaz, salbaiaz zalantzarik hazi behar. Bazuen aspaldi alabaina behar elea hiztegietatik ezabatu nuela: Argiñetan oren erdia hausnar arinean higatuz geroztik iruditzen zitzaidan ez nuela gehiago, hain zuzen, deusen premiarik, ezer, bapez. Hango apirileko berdetasun distiratsuak leundu zizkidan geratzen zitzaizkidan azken muga zabarrak. Haizearen ziztu isila, bele eta xoxoen arteko elkarrizketa amultsua, Elorriotik zetorren egunerokotasun lehiakorraren motor zurrunga zurruna…

Badira gure herrian bakea dastatzeko eta erraiak bakez mukurutzeko balio duten leku paregabe franko. Zerrenda laburra datorkit muinaren kordelatzera: Hendaiako Loiako bahia, Ispasterreko Ogellak, Bardeako ordokiak, Santa Graziko eliza, Amikuzeko oihaneko itzalak eta Baionako Aturri hegiko harrizko behatokiak… Gaztelugatxe eta orain Argiñeta. Tsvetan Todorov filosofoa amodioaz mintzatzen entzuteko inguru egokietan egokienak direla ezin uka. Hargatik Alondediko —dagoeneko Azkuna Zentroa deitzen da…— berrogei eta hiru zutabeen artean ere gizonaren ahotsaren samurtasun sakonak oihartzun egiten zuen. Itsas bazterrik biluzienean bezala. Hitzen ozena, hatsa hartzearena, ihesi joan irri batena…

Voltaire minbera handiak izkiriatu zuen behin Auñamendien maldan dantza eta kanta itsuki maite zuten jendeak zirela euskaldunak. Ez zuen hutsik egin, luma bezain zorrotza zeukan bista, egiazko errealitateaz jabetu zelako. Agian, Erdi Aroko eresia zahar handiosetatik Itoizen abesti gozo-gazietaraino, airostasun horrek irauten lagundu gintuen. Hizkuntza desagertzear, lurra galtzear, etxeak erortzear, maitasunak hormatzear… zer bestela? Koplak sortu, zizelkatu, arrabiaz edo etsipenez, ahaideak asmatu, zauritik distantzia landu eta aitzina, eta aitzina, eta aurrera begira plantatu beti ON taldekoek gomendatzen diguten legez.

Eta gitarra elektriko zirrizta bat guztiaren troxatzeko. Adibidez, Kafe Antzokian, ez aspaldi, moment of grace batez gozatzen ari ginelako irudipena partekatu genuen Loraldiaren karietara: Joseba Irazokik Lau Teilatu deseraikia eskaini zigun, Juan Carlos Perezen obrak bere baitan zekarren zakartasun doloretsu zama plazaren minean agerian utziz. Ikara, bizkar hezurrean behera. Begia heze neukan eta ez nintzen bakarra naski. Eskerrak Espaloian eta Hutsa taldekoek gure emozioak berriz bideratu zituztela, fideltasunak eta urratu litezkeen xendrak gogora ekarriz. Mazarredon barna gero Hurrengo elurte arte perpaus musikalak garunak inarrosten zizkigun eta ez naiz ziur, Iggy Pop dela uste duen James Ellroy bera ezagutuko nuenik kalean gurutzatu izan banu, haren zaunka erlastuak salbu.

Ehun mila kanta baditugu papo hondoan kolpeka. Banba eta banba. Euria denean eta geltokian trenaren burdinazko errotek altzairua balakatzen dutenean ateratzen zaizkigu, hor dabiltza idazten ari garenean, berdin lanean edo ausazko ibileren abiadurak azpimarratzen: dron dron zazpi gizon dantzan demagun Zumaiako Big Boy saldokoen mantra haluzinatua ala Iñaki Mendizabalen letrak apaintzen dituen Zornotzako INUN baten melodia sarkorrak, Jeff Buckley berpiztu bailitzaigun. Halaber Mallabiako Izaro Andres eta bere lagun trebeek Crosby Stills Nash and Youngen garaiak oroitarazten zizkiguten, ahotsez eta soinuz, Larrabetzuko gaztetxeko taula gaina behin zapaltzen zutenean.

Musika bidaia da. Denborak eta lekuak biltzen dira hiru akordeen magiaz. Bozen zohardiek Amerikako belardi hedatuetara eraman gaitzakete, Nebraskan alderrai goazela Tom Joaden inguma gidari, eta handik Lakarri Buztanobiko ezkaratzean aurkitzen gara ez dugu sinesten ez dugu sinesten errepikatzen ahoak eman ahala, zintzurrak larrutzeraino. Hemen daude denak, Wolfgang Amadeus eta Amaren Alabak, eta gu Argiñetan, eguzki izpia irentsi eta zoriontsu izaten saiatzen…

edozein herriko jaixetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.