Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Geometriazaleak eta zarpailak

2015eko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Joan den mende hasierara bidaiatuz gerrate aurreko eta gerrate arteko urteen itzalean, pintura eta eskulturaren diziplina alboratu eta jantziak diseinatzeari ekin zion hainbat artistak, abangoardia giroan. Ez zen gauza berria bere horretan, bai ordea helburuetan. Erdi Aroaz geroztik garatutako eredu tradizionala gaindituz, jantzi artistikoa sortu zen. Izatez pintura koadroetara eramateko konposatutako modeloen soinekoak zirenak moda gisa asimilatu ziren pixkanaka, emakumeen artean, batez ere. Goitik behera diseinatutako figura eta janzkerak, sarritan egileak norberarentzat josiak, maila apalean ekoiztuak, kontsumo zabalago batera bideratzeko esperantzan. Medio eraldatzaile izan zitekeen, bizitza eta artea elkartuko lituzkeen ertzik gabeko eitea, ideal erromantiko zaharra, arte aplikatuetan gorena.

Betikoak diren bi joera antitetiko azaleratuko ziren: gehigarria eta kengarria. Futurista eta primitibista, geometriazaleak eta zarpailak. Espazio koreografia ikusgarria egituratuko duten jostun interbentzioak batetik, janzkeraren dialektikaren ukazio soziala, bestetik. Kontrakotasunean eratu izan dira harrezkero ekintza eta fantasia.

Garaiaren arima edota etorkizun gosea irudikatu izan dute diseinu mota desberdinek. Jolas eta ariketa formalak gaindituko du muturren arteko tartea. Zaplata angeluzko eta koloretsuak, edota arrazionalki sinplifikatutako beztimenduak, iraganaren zuztarretik ekarritako blusa luze edo oihal zaharminduak, errealitate goibel eta hertsatzaileen aurrean zuzengarri izango ziren janzkera berritzaileak.

Distirarik gabeko tonu monokromoak gizonezkoentzat. Janzkeraren arruntze luzearen ondorio, errenuntzia maskulinoa: kolore eta ornamentuari errefusa, adierazpen soil eta aszetiko bilakatuz moda. Parpaila joridun gorputz estuko soinekoa emakumeentzat. Moral zurrunduak arrazionalizaziozko eragiketaz gainditu nahiko ditu janzkeraren erreforma mugimenduak. Gerruntzetik askatzeko afera bihurtu zen erreforma, erosotasuna ez ezik aintzat hartzen zuen osasuna ere.

Geroztik osasunaren printzipioak finkatuko du janzkera. Mandatu bakarra herritar guztientzat: jantzien eta gorputzen garbitasuna. Hastapen pragmatistetatik abiatuta, Ipar Europan orokortu zen janzkera garbiaren plangintza. Edertasun eredu greziarrean oinarrituta eraiki zen garbitasun eta osasunaren printzipio germanikoa, gizartearen onuraren gainean irudikatuz etorkizun zuzen eta totalitarioa.

Garbitasunak eta estetikak bat egingo du artista-jostun modernoaren eskutik —bizitza eta artea, berriro ere— etorkizunerako beztimendu diseinuen abstrakzio eta lerro zuzenak uhin eta tolesdurekin bateratuz.

Ispiluaren bi alde bailiran ibilbide honek modernitatearekiko jarrera desberdinak finkatzen ditu, hura besarkatu ala hura baztertzen dutenak, hurrenez hurren. Diferentziak bi joeren artean eta joera beraien barnean ematen dira. Ez dago ohiko antinomia estetikoetan tematu beharrik, eta jakina, ugariagoak dira diferentziak parekotasunak baino. Geometriazaleen artean, esaterako, errealitate historikoen eraldaketak erradikalki egoki islatzeko, sinpletasuna ala konplexutasuna da teknika?

Begibistakoa da arbuiatzaileak ipar ildokoak direla gehienbat (alemaniar hiztunak, alemaniar nazionalistak eta alemaniar izan nahi dutenak). Jatorrizko nortasun germanikoaren erreserbaz harago, modernitatetik ihesean, sorterri fundazionalera itzultzearen lilurak berebiziko indarra hartu zuen alemaniarzaleen artean, gerora Europa osoan zehar zabalduko zen korrontean. Lebensreform (Bizitzaren Eraberritzea) mugimenduaren baitan loratutako alternatiba sozialen artean bere onetik ateratako iragan erromantikoa nagusituko da, natura, pasio eta esperientziaren gorazarrearen lekukotzatik, begetarianismoa, nudismoa, naturarekiko itzulera, arlotetzea, anarkismoa eta bizitza utopikoko hainbat esperimentu.

Errazkeria litzateke, besterik gabe forma eta arrazoiaren bi ertzak denboran zeharreko gainezarketa baten arabera sailkatzea, atzeratutako erromantizismoaren ordezkari bailiran batzuk, eta etorkizunaren aitzindari moderno besteak. Izan ere, iraganeko joerak garai zehatzetan kokatzen ditugun arren trantsizio gisa datozkigu gaur eguneraino, eta bat egiten dute historiaren hondarrean, garai eta gorputz desberdinak inguratuz. Horrela, modernisten artean era berean antzeman dezakegu hainbat zantzu erromantiko, edo eta alderantziz. Modu batean modernitatea erromantizismoaren azelerazio gisa ere uler dezakegu. Oihal geruza eta mozketa guztien azpian historiaren gatazka dago, garai berrien asaldura bortitza, eraldaketa politiko zein estetikoak eraginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.