Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Instituzio izan

2016ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Munduan zehar bizi den jende desberdinaren arteko komunikazio sistema ez merkantilista eta abegikor baten baldintzak eskaintzeko gai den erakunderik ba ote da gaur egun? Eta jadanik halakorik ez balitz, sortu egin behar ote genuke? Instituzioak oraindik ere berreraiki daitezkeela sineste hutsak expansionismo neoliberalaren susmoa piztu dezake. Uste ez dugunean ere horrelako instituziorik izan ba omen delako, berezko makinariaz sortua, historian oinarritua, karitatezkoa, kulturala, hezkuntzakoa, zientifikoa edota soziala.

Gorputzez nahiz adimenez mugimenduan bizi garenean, instituzioaren esku uzten ditugu ohiko hainbat beharrizan, funtzionaltasunaren izenean. Zenbaitetan, hizkuntzazkoak besterik ez dira beharrizanok, gizartea nola erregulatzen den ulertu ezinaren frustrazioa, adibidez. Abstrakzioa. Alferrak gara itzulpenerako. Sortu daitezke bestelako praktikak, lan eremuaren ikusmolde kolektibo erradikaletik harago. Hain etxekoa iruditzen ez zaigun instituzio mota ere imajina dezakegu, lurrarekiko lotura gaindituz esparru zabalagoa bere gain har lezakeena, komunitate grina alde batera lagata eraikitako izaera neutro eta lausoagoan. Instituzio molde guztiak ez dira baliagarri, egituraren erabilera guztiak ez dira posible: zenbait erabilerek beste zenbait erabilera gainditu behar lituzkete. Bestela ez dira izango posible gutxieneko bizi baldintzak instituzioaren baitan.

Heriotzak harrapatzen du bizitza. Instituzioaren kide bilakatzen den edonor eginbeharren mekanika desberdinen mendean jarriko da, usadio, ekintza, idatzi gabeko arau, giza espazio eta belaunaldiz belaunaldi zein aurrekoengandik metatutako erlazio eta gatazkak kudeatzeko aldartean. Izaera inpertsonal eta egonkorra ezartzen da horrela, instituzioaren sorrerako nahiaz gaindi bere kasa eragiten jarraitzen duena. Ez du horrek esan nahi instituzioa barrutik aldatzerik ez dagoenik, edota kanpoko erasanek instituzioarengan eraginik ez dutenik.

Aldiz, itxuraldatu eta gero ere irauteko ahalmena erakutsiko du instituzioak, eta behin hedatutako funtzionamenduak bere horretan jarraituko du kideak zendutakoan ere. Horrela, forma hutsa da batetik instituzioa —elkarrekiko diferenteak diren banakako multzoz hartua— eta forma betea bestetik —funtzio, obligazio eta balioz betea—. Nolabaiteko geldotasunaz ere, instituzioak ez du berezko egokitzapena eteten, batean edo bestean instituzioaren parte diren kideen ekimenez elikatzen diren pauso txiki automatikoen bitartez doa aurrera. Kideen arteko elkar-ezagutzak eta batera aritzeko borondateak eutsiko dio aukeratutako taldearen ospe eta egonkortasunari. Beti iritsiko da urrutirago fundatzaile edo buruzagiak ahalmen bakegileak baditu.

Antolaketa forma soil bat berregituratu daiteke instituzio izateraino. Oreka hauskor eta sotila ezaugarri duen talde dinamika, lege, kode, testu idatzi eta abarrez jantzita trinkotu daiteke; osotasunezko errekonozimendua erdiesteko baldintza gisa izaera pertsonalizatuei uko eginez. Ez dago prestigioa irabazi beharrik, behin karismaz irabazitako zilegitasuna erreleboan igaro daiteke talde batetik bestera.

Familia instituzio bat da, esate baterako, umea erditzearekin batera eraikitzen dena. Erditzea aparteko gertaera da esperientzia hori bizi duenarentzat. Ugalketaren erreinua eta, era berean, abentura pertsonalezko bidaia. Berekin dakartza aldez aurretik definitutako aita eta amaren rol sozialak, pertsona horrek bere eran barneratuko duen rola, baina ezarria dena, maila batean.

Jatorrizko doktrinan inspiratutako tradizioak sostengatzen du autoritatea. Antzeko arazoa du espezialistez osatutako sisteman oinarritzen den praktika profetikoak. Profeziatik errezorako joan-etorrian, profetaren heriotzaz harago iraungo du profetaren mezuak.

Ez genuke, ordea, instituzioa egitura zurrun gisa soilik hartu behar: eraldaketa pertsonalaren gainean eraikitako instituzioaz ere jardun gintezke. Gaur egungo artea izan daiteke instituzio horietako bat, edo balizko gaur egungo arte bat. Artista eta arte ekoizpenak behar du egunerokotasuna sortu, aurretik ibili direnekiko nabarmendu, eta era berean aldaketazko berrikuntzan tematzea. Praktika artistikoa deitu ohi dena da horrela instituzio egitura bat. Hala ere, botere mailak desberdinak izan daitezke instituzio asmo desberdinetan. Malguago eta iraunkorrago dira berezko hautaketaz sortutako taldeak, boterea pilatuz moldatutako egiturak baino. Nahiago ditugu krisi momentuak, ohituraz errepikatuak diren momentuak baino; sorkuntza momentuak, erreprodukzio momentuak baino; profetak, sermoilariak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.