Maite Larburu.
LAUHAZKA

Kantanteak eta kantontak

2016ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Haurtzaro garaiko nire obsesioetako bat emakume musikariak izan ziren. Zergatik ikusten nituen hain emakume gutxi musika mundu profesionalean?

Soprano famatuak bai, bazeuden; emakume biolinista baten disko pare bat ere banituen. Hernaniko musika eskolan denetarik geunden, mutilak eta neskak.

Baina urte berriroko kontzertua telebistan ematen zutenean, emakumezkoen bila joaten zitzaizkidan begiak; alferrik: gizon batek zuzentzen zuen orkestra eta musikari guztiak gizonezkoak ziren. Han ez zegoen nesken arrastorik ere.

Nire biolin irakasleari galdetu nion orduan: «Eduardo, zergatik ez dago emakumerik Vienako Orkestra Filarmonikoan?». «Ez dituzte onartzen (1997an onartu zuten lehena!). Baina gure orkestran, Euskadikoan, emakume asko dago!».

Egia biribila: emakumeak eta gizonak zeuden garai hartan (eta orain) Euskadiko Orkestran... baina neska gehienek biolina jotzen zuten, flauta akaso, harpa eta biola ere bai... biolontxeloa jotzen ordea, bakarra zegoen, kontrabaxua jotzen ezta bat bera ere. Eta Tuba? Tronpa? Tronpeta? Perkusioa? Klarinetea? Zero pinpilinpoxero.

Berriro ere Eduardori egin nion galde: «Zergatik ez dago tronpeta edota kontrabaxua jotzen duen emakumezkorik?». «Begira, hogeigarren mende hasera arte, emakume batek ahoarekin instrumentu bat jotzea ez zen polita kontsideratzen, putz egiterakoan aurpegikera desitxuratzen baitzitzaion. Hankartean txeloa jartzea ere ez zen txukuntzat hartzen, zutik jotzea ere ez; biolinista emakumezkorik ez zegoen ni gaztea nintzenean! Emakumeek kantatu edota pianoa ala harpa jo zezaketen...».

Niri noski, hori guztia txinera iruditzen zitzaidan eta ez nuen ezertxo ere ulertzen:

Emakume konpositorerik existitu al zen inoiz?

Emakume zuzendaririk?

Donostiako Koldo Mitxelena liburutegia hasi nintzen miatzen (Internetik ez, nire adoleszentzia garaian!). Ez zegoen konpositore izandako emakumeen inguruko libururik. Gizonezko konpositoreen emazteen biografiak besterik ez: Alma Mahler eta Clara Schumann. Bi emakume musikari horietatik, Clara izan zen musikatik bizi izan zen bakarra. Pianista bikaina izanik, mundu osoan zehar ibili zen pianoa jotzen. Hala ere, zirkunstantzia horrek diru beharrarekin lotura gehiago izan zuela uste dut emakumearen askatasunarekin baino; zortzi seme alabekin eta burutik egindako senar batekin, xoxak norbaitek lortu behar! Clarak berak konposatzeko talentua ba omen zuen, baina hitz propioetan: «Sortzeko talentua badudala uste dut, baina ideia hori bertan behera utzi dut. Konpositorea izatera iritsi den emakumerik ez da izan oraindaino eta... nolatan lortuko dut, bada, nik hori?». Alma Mahlerren konpositore ametsek ere porrotean amaitu zuten Gustav Mahlerrekin ezkondu zenean; Gustavek konposatzea debekatu zion. Senarrari konposizioen kopiak egiten eta aholku musikalak ematen urtetan lagundu izan zion, noski. Bachen bigarren emazte izan zen Anna Maria Magdalenak bezalaxe. Baina horixe izan zen guztia. Ezkondu eta bederatzi urtera, Gustav eta Almaren arteko harremana hiltzorian zela, emaztea galtzeko beldurrak itota, Almaren konposizioei begira egon omen zen Mahler. «Talentu handia duzu! Zergatik ez duzu konposizioa berriro ere atzera hartzen?». «Beranduegi da horretarako», erantzun zion Almak. Gustav handik gutxira hil zen.

Gaur egun badira emakume konpositoreak, baita orkestra zuzendariak ere. Baina egia esan behar badut, ez dut inoiz horiekin lan egiteko aukerarik izan. Emakume tronpetista, perkusionista eta kontrabajisten laguna banaiz.... baina gutxiengoa dira.

Ez naiz kexu hala ere, nire emakumezko arbasoek baina askozaz ere aukera gehiago izan ditut: biolinista naiz ogibidez. Emakumezko gero eta gehiago dago musika klasikoaren munduan, gauzak asko aldatu dira, bai.

Amsterdameko kontserbatoriora ikastera joan nintzenean, hala ere, harriturik geratu nintzen pop-rock eta jazz departamendukoekin. Gizonezkoak ziren instrumentista gehienak, emakumezkoak berriz, abeslariak gehientsuenean. Eskolara iritsi berritan, askok, jazz abeslaria ote nintzen galdetzen zidaten; nik pozik hartzen nuen ustea, kantatzea gustatzeaz gain jazz kantariei miresmena diedalako batik bat. Laster ikasi nuen ordea, jazz kantariei kantante ez eta kanTONTA deitzen zitzaiela... ez zen lorea niri botatzen zidatena, kaktusa baizik.

Egia esan, pop-rock eta jazz-aren mundua irekiagoa zegoelakoan nengoen; libreagoa.

Baina errealitatea hau da: gizonezkoak dira musikari gehienak, soinu teknikariak, kontzertu saltzaileak, disketxetako eta festibaletako nagusiak... eta hori oso ondo dago, kontuz!

Baina en fin, beste mende bat beharko dela, gutxienez, berdintasunera iristeko. Eta prejuizio eza lortzeko... pfffff, eboluzioak hermafroditismora eraman beharko gintuzke horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.