Maite Larburu.
LAUHAZKA

Iluntasunaren hotsa

2016ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
BERRIAkoek hileroko artikulutxo hau idaztea proposatu zidatela bost pasatu dira jada; hau da bosgarrena, beraz. Bosgarrena, eta udako deskantsua hartu aurretiko azkena.

Eta hitzak nire adierazpen bide ohikoa ez diren arren, ondo pasatu dut hitzokin adiskidetzen. Eskerrak eman nahi dizkiet beraz, hitzengana hurbilarazi nautenei. Eta hitzok irakurri dituzuenei ere, eskerrak! Artikuluaren lehendabiziko paragrafotik harantzago joaten ez direnetakoa bazara ere (ni neu zure ispilu naiz, sister-brother!), bejondeizula!; zuregatik sartu ditut eskerrak atarikoan.

Ez ote dira hitzak konkretuegiak? Zementuz eginak, harrizkoak. Hitz bat bota, eta nonbait, beste kontinente batean akaso, maleta baten tapakia guztiz ixten da. Eta maleta bakoitza kontzeptu bat da. Eta kontzeptu guztiak, hegazkinaren bodegan doaz, kaiolatutako txakurraren alboan.

Ura ura da. Eta mina, mina. Ez zaitut maite esaten bada, argi dago; ala?

Horrexegatik naiz musikaria, igual; soinuak dira nire medioa, soinuak, hotsak eta haien arteko isiluneak. Nolabaiteko distantzia ematen didate horiek mugatua denarekiko. Haize ikusezina da bata eta penintsula puska bestea.

Musikari askori zaigu ohikoa, gainera, hitzekiko aldendu nahi hori. Hamaika kideri, kontzertuko jendaurrean hitz egitea, amesgaiztoa zaie. Silvio Rodriguezen kantuak infinitu aldiz entzun dituen kontrabaxu jotzailearen kasua ere ezagutzen dut: nota guztiak idatz litzake paperean, baina hizki bat bakarra ere ez du gogoan. Brahmsen liederren hitzen esanahia ezagutu zuenean, musika ia jasangaitza egin omen zitzaion. Hitzak eta musika hain ongi daude josirik pieza horietan... sakonegi hondoratu zitzaion arantza nonbait, eta bihotz haragi ilunetan galdu, betirako...

Brahmsen Wenn mein herz beginnt zu klingen kantuan Adolf Freyren hitzek diotena konplituaz: «Nire bihotza musika egiten hasten denean.../zipresen itzalak dira ageri;/ hain baita iluna nire kantuen soinua!».

Iluna hitzaren esanahi argi gabekoari harmonia edota instrumentu ilun bat, edota biak batera, edota bietako bakar bat ere ez —bat-bateko isilunerik gotorrena!— gehitzen bazaizkio, emaitza, hunkidura bikoizdun edabe hilkorra izan liteke... gaindosia!

Zein salbu soinuen bestaldean! Hitzen beharrik ez den hotsen eremuan! Inkonkrezioaren, formarik gabeko hodei lausoan.

Baina, baina, baina.

Gaur goizean, iritzia aldatu dut; eta berriro ere aldatuko dut bihar, akaso. Hitzek nire unibertsoan zuten konkrezio estatusa galdu baitute, bat-batean, kafea hartzen ari nintzela. «Konkretua dena hire hautematea da, moñoña! Jainko hitzari, esaterako, bizar zuria duen gizon zahar baten itxurapean, buru barruko trastero zahar zikinean bizitzen uzten diozulako! Hitzak nireak besterik ez balira bezala...».

Eta soinuak mugagabeak? Hori ere, ez da guztiz hala: nota honek ala beste hark, harmoniak, tonalitate zenbaitek, hitzek bezain esanahi mugatua baitute musikariontzat, batzuetan.

Nire hitzekiko harremana aldatu duten errudun bakarrak ez dira artikulu hauek izan. Ezta gaur goizeko kafe ale tartean sartu zaidan indiar kardamomo koxkorra ere. Kantuak idazten hasi izanak ere aldarazi dit berokia, pittinka-pittinka. Hitzak ere hots baitira.

Lehendabizikoz nire hitzek kantu forma hartu zutenean, eta dendetako bizilagun izatera joan zirenean, hitzak nireak gehiago ez zirela ohartu nintzen. Ezta kantuak ere! Kantu horiek, hitz horiek, ez dira solidoak; beraien bizitza propioa dute, tankera desberdina hartzen dute egunero, duten bibrazio abiaduraren arabera. Mendiko txoko polit baten bila zabiltzala, antzina hartu zenuen bidea aurkitu ezin duzunean gertatzen den bezala, aitortzen dut nik kantu bati —edo oraindik haratago, kantu bateko soinu eta hitzei— noizbait emandako esanahia berriro topatu (eta ulertu) ezin izana. Non da esanahi hura? Zein nota zen oinazea ematen zidana? Bitarte honetan guztian aldatu egin naiz, ala kantua da aldatu dena? Hiztegia da aldatu dena?

Bjorkek esanda bezala: «Islandian, Amerikako musika eta Europakoa entzuten genituen, eta haien ulertezintasun eder batean oinarrituriko musika sortzen hasi ginen».

Azken batean, hori da Artean gustuko dudana; zuk maite ez nauzula esan, eta nik, «bai, maite nauzu, nire izena Maite delako», erantzun ahal izatea. Esanahiaren mugen bestaldean elkar topatu ahal izatea, elkarrekin bertan pozik galtzea. Zuk hau hartu eta harekin nahi duzuna egitea...

Izan zaitezela zoriontsu datorren uda honetan! Zure zoriontasun eta zure datorren uda propio horretan.

Hara! Zorion hitza idatzi, eta bular parean maleta bat ireki zait txingarrez betea. Ta-ra!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.