Ibon Aranberri.
LAHUAZKA

Artea=lana

2016ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Hor zeharreko politika irudikatzen saiatu ordez, artea bera espazio politiko gisa ulertzen saia gintezke. Artea ez baitago politikatik at, bere ekoizpenaren barnean luke izaera politikoa, distribuzioaren eta harreraren barnean. Ikuspegi hori ontzat emango bagenu, errepresentazio moldeen geruza zeharkatu eta begi aurrean dugunaren gatazka gureganatuko genuke, esku artean hartu.

Sarri ageri zaizkigu baldintza ekonomikoari buruzko narrazioak, ia estereotipo bilakatzeraino gaur egungo panoraman. Aldiz, kosta egiten zaigu geuregan pairatzen ditugun lan baldintzekiko konplizitate ikusezinari aurre egiten. Erregistro afektiboak—baldintza horietan parte hartzeak eragindako desio, antsietate ea fantasiak— nekez dira oraindik adierazgarri. Izan ere, arte ekoizpenaren egitura berak nabarmentzen du beste ezerk baino egokiago artea=lana ekuazio hori egun. Errepresentazio irizpideak artearen prozesu, ekoizpen eta hedapenaren parte diren irizpideekiko bereiztearen atakak, alegia.

Arteak gizartean berez ei duen funtzioa ontzat ematearen ideia erromantikotik abiatu izan gara. Beti lanean ari bagara, lan horretatik zerbaiten esperoan ere ari gara, eta lan hori bistaraztetik. Sinesten dugu artea ez dela gorputz estetiko arrotza, baizik eta txertatua behar duela eguneroko bizitza eta lana egituratzen duten erlazio ekonomiko zein politikoetan. Ez da bihozkada berria artea eta eguneroko bizitzaren eta lanaren uztartzea, joan den mendeko abangoardietatik datorkigu, alajaina; azkenaldian, ordea, ekonomia gero eta globalizatuago honetan, lan gisa ulertu ohi dugun zera horrek gainditu egin du ikuspegi tradizionala, diziplina gisa baleko ez liratekeen dedikazioak aintzat hartzeraino.

Lan afektibo direlako ogibideak ordainpeko jardunaren forma baimenduak dira orain, hala nola zaintza arduradun, estilo bitartekari edota harreman aholkulari. Era berean, antzeko zerbitzu ekonomia eskaintzen duten artista eta langile kulturalak hiriaren ekonomiaren funtsezko hornitzaile gisa dira goratuak, sortzaile deituriko izendapen bateratzailean. Halako egokitzapenen bitartez, artea, eta bere baldintzak, emeki dira integratuak ekonomia globalizatuan, eta erabilgarri, errentagarri eta neurgarri bilakatuak balio gisa.

Alferrikako eta bere onetik irtendako formak izan daitezke soilik joera nagusiaren ihesbide. Halakoak ikusezinak dira jendartean zirkulatzen duen merkantziaren ondoan, amaitutako produktu profesionala presentatu ahal izateko otzandutako artearen ondoan. Deserosoa da bestelakoan arreta jartzea, lan artistikoaren muinean bizi baldintzak kokatzen dituelako, ilunperatutako ezaugarriak azaleratu eta ekoizpen artistiko gisa bistaratu, objektu-fetitxe itxurosotik aldenduz.

Arte munduaren parte izatearen glamourrak arintzen ote ditu artistaren ezintasunak? Edota izan daiteke gaur egungo artisten nolabaiteko alergia langilegoaren kulturan txertatutako diskurtso politikoa beregain hartzeari. Arte proposamenak orokorrean gero eta teatralago bilakatzeko joeran, bestelako kinkak are gehiago urrunduko lirateke; ekoizpen ikusgarriak orduan eta nabarmenago estaliko luke bere ahalmen eraldatzailea eta berezko estatusa.

Atzetik duen kapital kultural eta finantzarioa ezinbestean aukeratu ordez hutsaren truke egin daiteke lan. Hala eskatzen zaigu. Langilego eta klase borrokarekiko erakarpen gordinak bultzatuko luke horretarako grina. Gaur egungo artearen erdi mailako klase espaziotik ezabatuak eta fisikoki hustuak izan diren mugimendu politikoen oihartzuna duen aldarrikapen antzua, nolabait esatearren.

Artearen autonomiaren izenean, geure buruarentzat egiten dugu lan; geure gogobetea eta kritika asetzeko, praktikaren barne araudi isilaren menpe, geure kontzientziari eta gidaritzari lotuta. Sarri, autonomia forma horren bitartez erdietsitako askatasuna ez da dakarren morrontza baino gehiago. Agian, norbere laudorioa eta gure jardunetik onartua izatearen pribilegio ordainean delako erosi beharra, balio erantsia sortuaz alegia, edota mozkina bitartekaritzan erdibanatzeko. Gehigarri sinbolikoa pilatzen da horrela, eta premia ekonomikoak mugatzen, auto-ustiaketaren bitartez adierazita, hain zuzen ere.

Autonomiaren fantasiak hainbat errepresentazio joera elikatu ditu historian zehar, dakigunez; baina esperientzia konplexu eta kontraesanezkoak ekar ditzake: beste aldearen desira; menpekotasun, lotura eta konfiantzaren desira, alegia. Geure interesen aurka egitearen prezio masokista du autonomiak; independente gisa aritzeak besteen lanarekiko menpekotasunean goxo sentitzearen arazoa darama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.