Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Kultur industria

2018ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Hirian atzera geratutako fabrika zahar enblematikoak kulturaren eskaintza zabalerako zentro gisa birmoldatu dira aro berrian. Jada ez dira arte altxorren gotorleku itxiak, sartu-irteneko esperientzien topaleku sozialak baizik. Ikur tankerako museo bitxien ondoan lantegiaren metaforak seriotasuna ematen die zentro hauen kontakizunari, kulturaren esparrura itzuliz garai bateko makinen ekoizpenaren oihartzuna, eta probetxuzko tokian kokatuz kulturaren funtzioa. Horrela, sortzaileen bazter isil eta laiotza kultur industriek ordezkatu dute, dagoeneko salbazio proiektu unibertsal bihurtuta.

Kultur industrien kritika kontzeptua Adorno eta Horkheimer teoriazaleei zor diegu. 1944an argitaratutako Ilustrazioaren dialektika deritzon liburuan, garai hartan AEBetako irrati emisorek eta Hollywoodeko zinemak hartutako abiaduraz hazitako entretenimendu ekoizpen eta komunikabide berrien gainean eraikitako sistema oso bat xehatu zuten. Azken mendean bizitzaren alor desberdinek jasandako industrializazioaren barruan koka genezake garapen horren funtsa. Altzairugintza edota lehengai primarioen sektore klasiko boteretsuen ondoan, ahulak eta menpekoak ziren hasieran jarduera kulturalak. Erreformatuz joan ziren, garai bateko nekazaritza fordismora eraman zuten prozesuen antzera.

Kontrako erresistentzia apurrak eta ertzeko sormen prozesuak ere fabrikaren ekoizpen logikara egokitu ziren azkenean. Muntaketa katearen ezaugarriek ordenatu zuten kulturaren hizkuntza mordoila, lehenago nekazaritzarekin edota meatze lanarekin egin zenaren antzera: mekanizazioa, estandarizazioa eta prozesuen jabetze osoa konponduz.

Kritika horren arabera, kultur industriak bere jendartea totalizatu egingo luke, eta etenik gabe elikatuko eskaintzaren errepikapenean promes asegabea. Desira proiektatu eta estimulu antzu gisa mantentzen duen amets gurpil infinitu hori litzateke, hain zuzen ere, kultur industriaren muina, masa engainu trikimailu gisa baliatua.

Kultur industriek osatzen zituzten monopolio kultural modernoek ahalbidetuko zuketen, horrenbestez, zirkulazio burgesaren esferak bizirik irauteko behar zuen eremu ekonomikoa. Horregatik, errespetatuko ziren diferentziarako eta erresistentziarako zirrikituak, betiere diferentzia horiek osotasunaren barruan kontrolatuak ziren heinean. Deskribapen honetan, iraganeko hondarra besterik ez ziratekeen diferentziazko errepresentazio haiek, ekoizpen fase berrien lorpenen zerbitzura jarriak.

Sedukzio aparatu anonimoaren eskaintzak konkistatutako kontsumitzailearen irudiak konfirmatuko luke ikuspegi konbentzional hau. Baina horretarako, ukatuak lirateke hartzailearen berezko ahalmen eta bestelako edozein pentsamendu aktibo. Izan ere, bere mugak erakutsi zituen kritika horrek subjektu pasibo gisa irudikatu beharra zuelako masa otzanduaren figura. Eta kultura kontsumitzen zutenen eta ekoizten zutenen arteko posizioa modu zurrunean banatzen zuen, komenentziaz.

Gaur egun ekoizpen kulturalen alorrean antolatzen diren jardunak ez dira jada diskurtso egitura astunekoak, baizik eta medio berrien, modaren, teknologia sozialen eta kultura popularraren esparruan ari diren sortzaile independente eta negozio txikiak. Esan liteke «instituzio-proiektu» hauek abantaila har dezaketela, kate industrial zurrunaren ukazioan eta bere gaitasunen barruan fundatzeko aldartean.

Aldi berean, bizitza estilo eta lan alternatibo hauen baldintzak baliagarri bihurtu dira molde ekonomiko berrientzat, merkatu lehiakorrak eskatzen duen malgutasuna aldez aurretik barneratua duten heinean. Honela, azken hamarkadetako mugimendu sozialen praktika eta diskurtsoak, oharkabean, erregimen produktiboa elikatu duten eraldaketaren parte izan dira. Eta inoiz mundu berriaren aitzindari gisa goretsitako artista indibidualaren autonomia eta askatasuna, 68ko maiatzaren osteko politiken hainbat ezaugarrirekin batera, subjektibazio joera neoliberalen bitarteko bihurtu da.

Logika industrial-fordista horren ondorioak gainditzeko esperantza, modu tradizionalean sorkuntzaren entitatea eta berezko izaera defendatzetik baino gehiago, kultur industria beraren azpitik eragindako ikasketatik etorriko litzateke, zenbait ahotsen arabera. Egungo talaiatik begiratuz, praktika hondar horiek zantzu eraldatzailerik ere izango lukete, finean, etorkizunaren iragarpenei aurre eginez. Hala, gaur egun sormen ekoizpentzat hartuko duguna diferentea izango litzateke formaz eta izatez, kultur industriaren ideia zaharkituarekiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.