Albistea entzun

LAUHAZKA

Zergatik Atharratze

Atharratzeko plazako irudi bat.
Atharratzeko plazako irudi bat. CHRISTOPHE DE PRADA

Itxaro Borda -

2015eko maiatzak 31

Urdiñarbeko Müsikaren Egünaren ostean, garagardo basoak ahurrean, solasaldi zinez interesgarria irun nuen aspaldiko lagun batekin. Alozekoa bera. Basabürüko hiri nagusian langile. Erran niolarik Atharratzeko Piellenia hotel jendekinean hartu nuela bizpahiru gauentzat aterbe, zurbildu zitzaidan: ez dut konprenitzen nola etorri zaitezkeen Atharratzera oporretara, hemen deus ez dagoela, hiltzen eta kartetatik desagertzen doan herria zela... ez nekien non gorde, hondarrean, euskalduna izanagatik —ez naiz ausartuko abertzale hitza erabiltzera...— oinarrizko turista begi-luze merkearen antzera harrapatu banindu legez! Une hartan, ez nenbilen nire buruaz sobera harro...

Aserik eta beterik itzuli nintzen Urdiñarbetik, zeru apaleko lainoak lantzer urtzen zirela Mendikotako ordokia aintzira engainagarria bihurtuz. Argitasun urria zetorren Ahüzkin behera eta herrialde distiratsu ohi batek jasan zezakeen utzitasunaren mehatxua nabaritu nuen zainetan. Ühaitzaren hegian gelditu nintzen, Ozazeko norabidean. Erreka, zilar isurtzen zen Maulerantz, burrunbaz, ohantzeko harri borobilak bata bestearen aurka bulkatuz. Ukitua nintzen, izpiritua nahas neukan, Maria Luisa Galardiren kalbarioa, mende heroikoetan lasterrez higatu Marisantzen destinoari uztartu nion eta erantzunik aurkitu gabe galdezka aritu nintzen: zergatik Atharratze, baina zergatik Atharratze?

Etzan nintzen Spinozaren Etikaren laugarren partea irakurtzea xede. Menperakuntza humanoaz edo sentimenduen indarrez ari zitzaidan eliza eta bilkura-leku guztietatik baztertu Amsterdameko jakintsu gogaitua. Proposamenak. Frutagintzak. Eskolioak. Spinozak, luma zehatzez aipatzen zituen kontzeptuak nireganatzen nituen astiro, eztizko edariak bailiran, onak eta oneziak barneak gozatzen zaizkidala. Loak eraman ninduen. Zalagan eta Bosmendieta inguruetan itx eskatu nintzen, hatsankaz, Larraineko gatu iheslariaren hatzak bilatzen eta batere epikotasunik ez zuten ametsak harilkatzen. Ez nintzen, alaina, poeta klandestinoa, bere lurrean zegoela uste zuen arrotz ehizatua baino. Spinozari esker, argi nuen zer eta nor nintzen.

Biharamunean, iratzarri nintzenean Peilleni hoteleko bigarren gelan, Alozeko adiskideari emateko eta Atharratzen kabitzeko lau arrazoiekiko zerrenda zebilkidan kasko zokoan branlea dantzan. Hasteko eta bat, Euskal Herrian den tokirik egokiena da Spinozaren hitzez mozkortzeko. Sozialki nahikoa garesti ordainduriko isiltasunaren sakonak oihartzun bereziaz apaintzen ditu Etikaren perpausak. Leihoa ireki orduko Ühaitza salbaiaren azantz elkorrak sartzen dira ganbaran. Oroitu nintzen hamarkada parea lehenago Teodoro Monot ikerlariak Sahara desertuaz osatu lana irentsi nuela, hor, Atharratzeko pilota plazan, eki-sargian. Gero, bi, Atharratzen bezala Basabürüa osoan, üdako sasoitik kanpo deus ez dagoenez, kontsumitzeko tentazioetatik urrun hots, pentsamendua ez du ezerk mugatzen eta pentsatzea da eginbide bakarra. Lohiz emokatu xendretatik oinez jo, hausnartu eta ondorioak atera. eskolioak garatuz. Are gehiago, hiru, ikusiz jendeak, ez soilik adin handikoak, zelan bizi diren hemen, iraupen irakaspenak erdiesten dira Basabürüan, Elsa Oliarj-Inesen Dans leur jeunesse il y a du passé izeneko filmeko gazteen baitan metaturiko iragana lekuko. Ihardoki... irria, gasna, ogia, kanta eta izerdia kopetan perlatzen den ber... Eta azkenik, lau, gosaltzera jaistean irudikatua benetan gertatzen delako Atharratzen, astelehenetako merkatuaren aitzakian: Pieilleniako ostatuko mahaian dago, arraultza eta xingar askaltzen, balusezko boza duen Junes Xuburu erraldoia. Agurrak eta ezagutzak berehalakoak dira. Ametsaren eta egiaren artean lezerik ez bailitzan eta denboraren markagailuak oro geldoan izoztu balira bezala.

Spinozaren XVIII. proposamenak dioenez, desioa da bizidunaren esentzia, bere izaeran tematzera bultzatzen duena, poztasunetik sortzen dena anitzez eraginkorragoa dela tristurak hazitakoa baino. Zorionaren oinarrian, izatea, ekitea eta bizitzea daudela garbi daukat Atharratzen.

Horregatik... Atharratze.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joaldun bat Ortzaizeko kabalkadan, irailaren 18an. ©PATXI BELTZAIZ

Kultur politikaren eraikuntzan

Joanes Etxebarria

Heldu den otsailaren 4an Euskal Elkargoan kultur politikaren proiektua bozkatuko dute. Proiektuak, eragileen rolak definituz, Euskal Kultur Erakundearena argituko du. Garapen Kontseilua, berriz, ondoko urteetako proiekzioa lantzen hasiko da oraidanik.
Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendaria, eta Ana Teixeira eta Oier Etxeberria erakusketaren komisarioak, atzo, hainbat artistarekin. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Begi bistakoa den armategia

Naroa Torralba Rodriguez

Gaurtik ekainaren 4ra bitarte, Evil Eye erakusketa dago Tabakaleran. Izaro Ieregi eta Azucena Vieites artisten lanak ditu, besteak beste. Jarduera programa bat ere izango du
Claudie Marcel-Dubois eta Maguy Pichonnet-Andral etnomusikologoak. ©Claudie Marcel-Dubois

Bigarren Mundu Gerlaren ondoko grabaketa batzuk, entzungai sarean

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Frantziako bi ikerlarik 1947an eta 1958an egin euskal kantu, bertso eta soinu grabaketak Interneten entzungai jarri dituzte berriki. Artxibo horiek gehienak aztertzekoak dira oraino.

Bertso Eguna, iaz, Izpuran. / ©Guillaume Fauveau

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...